Pentsio duinen aldarrikapena ozen zabaltzeko deia

Guaixe 2018ko ira. 28a, 11:54

Astelehenean, 12:00etan Iruñean pentsio duinen alde mobilizatzera deitu dituzte sakandarrak.

Adinekoen Nazioarteko Eguna da lastailaren 1a. Egun horrek aurten aldarrikapen kutsu nabarmena hartuko du. Izan ere, pentsio duinen aldeko mugimenduak egun hori aukeratu du bere aldarrikapenak kalera ateratzeko. Baina mobilizazioetan “gizarte osoari” parte hartzeko deia egin dio, pentsio duinak, Gizarte Zerbitzuak hobetzea eta mendekotasunei aurre egiteko politika egokiagoak eskatuko dituztelako.

Azken batean, bizi baldintza duinak eskatuko dituzte. Eta beste behin aldarrikatuko dute aberastasuna egon badagoela eta hura egoki erabili behar dela. Horregatik, guztiagatik sakandarrak astelehenean aldarrikapenekin bat egitera deitu dituzte. Aldarrikapen horiek aste honetan bertan ibarreko kaleetan zabaldu dituzte ere: astelehenean Etxarri Aranazko azokan eta Altsasuko Zumalakarregi plazan eta, asteartean, berriz, Irurtzungo azokan.

 Iruñean bi manifestazio izanen dira astelehenean, 12:00etan. Bata, Hego Euskal Herriko plataformen eta mugimenduen koordinadorak deitutakoa da eta Gaztelu plaza du abiapuntua. Bestea, Nafarroako Pentsionistak Martxanek deitzen du eta udaletxe plazatik abiatuko da.  

Luis Igeltz
Sasoia, Nafarroako jubilatuen elkartea

Zergatik deitu dituzue asteleheneko manifestazioak?
Aurreko urteetan ere egiten genituen manifestazioak. Baina helburu bakarra adinekoen eguna zela izaten zen. Aurten eguna kontzentrazioak egiteko aitzakia bat besterik ez da: atzetik dakargun borroka gaur egunera ekartzeko aukera aprobetxatu nahi dugu. Egin ditugun aldarrikapen horiei guztiei indar gehiago eman nahi diegu. Herrialde guztietan pentsionisten egoera azaldu eta gure erantzuna oso handia dela agertu nahi dugu. Ez gaudela baztertuta. Ez garela gure egoeraz ahaztu. Gure borrokan tinko gaudela erakutsi nahi dugu.

Hau irakurtzen ari denak zergatik joan beharko luke manifestaziora?
Adinekoen eguna dela kontutan izan eta erantzun bat emateko. Baina Iruñeko manifestazioetara joan behar da, batez ere, gure eskubideak aldarrikatzera. Pentsionisten eskubideak eta pentsionisten beharrak aldarrikatzera. Alde guztietatik emandako gure erantzunarekin gobernuei eta politikariei haien jarrera aldarazteko asmoarekin.

Zein dira aldarrikapen horiek?
Lehenik, sistema publikoa bermatzea eta blindatzea nahi dugu. Bestetik, Kontsumo Prezio Indize errealaren araberako igoera legez bermatzea, momentuan ematea, ez pasatutakoan. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desoreka, irabazten eta jasotzen duten pentsioaren arteko aldea, apurtzea. Gainera, gaur egun oso ongi onartua dagoen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ere aldarrikatzen dugu. Bestetik, aldez aurretik jubilatzen direnak zigortuak ez izatea nahi dugu. Eta, bukatzeko ez dugu ontzat ematen Pentsio Sistema Publikoa deuseztatzea eta horren ordez Estatuak laguntza sistema edo karitatezko zerbitzu baten modukoa jartzea, behartsuendako moduko zerbait jartzea jendearen gutxieneko behar horiek betetzeko. Hori ez dugu onartuko.

Eskubideak!
Bai. Eskubideak defendatzen ditugu. Eskubide horiekin guk nahi duguna da bizi duin bat lortzeko eta bizitzeko aukera izatea. Hori ez dugu lortuko gure eskubideak eta gure pentsioak ez badira oinarri-oinarritik eta legez behar bezala bermatzen.

Zer espero duzue gertatzea astelehenean?
Pixkanaka Sakanan egiten ari garen lanari esker nik uste dut adineko jendearen buruetan zabaltzen ari dela jubilatuok mugitu beharra dugula. Lana, borrokatu behar dugula eta kalean ikusi behar gaituztela. Uste dut erantzun ona emanen dutela. Autobusa prestatu da eta jendeak autotan ere jendeak joateko aukera izanen du. Hemendik Iruñera jende pila bat joanen dela uste dut.

Jubilatu eta pentsionistez aparte jende gehiago joaten bada, hobe, ezta?
Bai. Hori nahi genuke. Bada jendea aipatu duena ordu txarra dela jubilatuak ez direnak joateko. Lan orduak dira, ikasten daude… Zailago izanen da. Baina, hala ere, deialdia horiendako guztiendako bada ere.