Tren Publiko eta Sozialaren proposamena eguneratu dute

Guaixe 2018ko ira. 29a, 12:20

Fundazioko kideak euren proposamen berritua aurkezten. Argazkia: utzitakoa.

Herritarren ekarpenekin berritu dute. Bestalde, AHTren kontrako biharko deialdiarekin bat egitera deitu dute.

Sustrai Erakuntza fundazioa duela urte bat Tren Publiko eta Sozialerako (TPS) bere proposamena aurkeztu zuen. Fundazioko kide Martin Zelaiak azaldu digunez, "helburua zen nafar denondako eta denetarako tren bat diseinatzea, parte-hartze prozesu ireki baten bidez". Horretarako, herrialdean barnako aurkezpen bira egin zuten, "eztabaidan oinarritutako prozesu" haren ondoren berritu dute TPS proiektua.

Zelaiari galdetuta, azaldu digu Sakanari dagokionez, "zenbait datu tekniko kenduta, proiektuak ez du aldaketa handirik izan".  Fundaziotik egun dagoen trenbidea bikoiztea proposatzen du, trenbide berria dagoenaren paralelo egitea. Eta, horretarako, dagoeneko espazioa utzia dagoela gogorarazi dute. Estuagoa den Europako trenbide zabalerara egokitzeko 3. erraila jartzea proposatzen dute gainera, hango eta hemengo trenak arazorik gabe erabiltzeko, bidaiarienak eta merkantzien garraiokoak. Trenbidea hesituta legoke. Egungo ibilbidean aldaketa puntual  bat egiteko aukera ez dute baztertzen: Izurdiagan. Trenbidea herri erditik pasatzen da eta gero bihurgune handia dago. Tunel berri bat egiteko aukera ez lukete baztertuko.

Azpiegitura hori izanda aldirietako tren zerbitzua aldarrikatu dute fundaziotik. Proposamen berrituan geltokiei aparteko garrantzia eman diete. "Irekita egon behar dute, landa-guneak hiriburutik gero eta hurbilago egoteko". Zelaiak gogorarazi du Lakuntza eta Bakaikuko geltokiak deskatalogatuta daudela eta zerbitzua eman ahal izateko erabaki horretan atzera egin beharko litzatekeela. Fundazioko kideak gogorarazi duenez, "AHT eginen balitz, Altsasuko geltokian ibilbide luzeko trenak gelditzeari utziko liote. Hori galduko litzateke". Aurreratu duenez, AHTren kontra eta TPSren alde zerbait egin nahi lukete udaberrian.