Asteartean egin zuten gaurko Lau t' erdiko Txapelkeltako partidako material aurkezpena Joseba Ezkurdiak eta Axier Agirrek. Bezperan Soriako San Saturio Torneoko finala jokatzetik zetorren arbizuarra –Aretxabaletarekin osatu zuen bikoa eta 19 eta 22 galdu zuten Irribarriaren eta Zabaletaren kontra– eta nekatuta zegoen aurrelari sakandarra, baina burua Lau t´erdian duela ziurtatu zigun.
Asteburu mugitua izan duzu Joseba: larunbatean Codere Masterseko finala jokatu zenuen, atzo (asteartean) Soriako San Saturio Torneoko finala…
Bai, asteburu oso mugitua izan da, gogorra. Badakizu, kilometroak sartu behar, azken hilabetean partida asko izan dira eta frontoian behar bezala entrenatzeko denbora gutxi… baina sentsazio onekin nago eta horrek asko balio du.
Lau t’erdia behar bezala prestatzeko tarterik izan duzu?
Abuztuko azken bost egunak nahiko lasai izan nituen, eta irailaren hasieran hasi nintzen fisikoa entrenatzen. Fisikoa entrenatu dut, baina frontoia gutxi, egia esan. Entrenamendu espezifiko bat egin nuen Dariorekin San Mateo aurretik eta gehiago ez. Gaur sake batzuk egin ditut, aurreko astean beste batzuk... ea ostiralean nola etortzen garen Altsasura.
Asier Agirre duzu aurkari eta zu zara faboritoa.
Azkenean faboritoa izateak ez du esan nahi ziur irabazi behar duzunik. Partida zaila daukat, Axier oso gogorra da, oso gerreroa da, eta nik nirea egin beharra daukat. Nik ez dut orain arte berarekin jokatu, baina ikusita iazko Lau t’erdiko 2. mailako txapelduna dela, zerbaitegatik da. Pilotan asko jokatzen du. Ahaztu beharra ditut presioak, faboritoa izateak eta kontu horiek guztiak eta nire jokoa ateratzea, hori da kontua.
Burunda lau t’erdirako frontoi egokia da?
Frontoiak estraño batzuk egiten ditu, ez da oso noblea, baina askotan jokatu dut bertan, ezagutzen dut eta ez da eskusarik. Atzo (asteartean) hiruretan etorri nintzen etxera, gaizki deskantsatua nago eta gaurko beroketa honetan eskuak kolpatuak nabaritzen nituen. Sorian giro polita zegoen frontoian; igual gu baino beroagoak dira, baina zaletasun asko dago.
Ze pena Nafarroa Arenaren estrenoan, Codere Mastersean, Zabaletarekin batera ez irabaztea.
Bai, pena. Polita zen guztiz beteta zegoen halako frontoian, estreno batean han egotea, eta pena eman zidan galtzeak. Ikusgarria da frontoi berria, kantxara ateratzerakoan oilo ipurdia jarri zitzaidan: jendea oso gertu nabaritzen duzu, dena beteta... ikusgarria. Pantaila ere, nobedadea zen.
Lau terdiko finala han jokatuko da. Han egoteko txartelak garesti daude baina…
Bai, zaila dago. Lehendabizi ostiraleko Altsasuko partida: Agirre aurkari zaila eta nik nirea ongi egin beharra daukat partida ateratzeko. Eta gero final laurdenetako ligaxkan Aimar Olaizola eta Jokin Altuna daude zain. Bi pilotari haundi, egungo txapeldun Aimar tartean. Talde zaila egokitu zait, egia esan.
Botileroen aferak polemika sortu du. Soilik enpresetako teknikariak eraman ahalko dituzue botilero. Zuk ezingo duzu anaia edo Irujo eraman, esaterako.
Nik ez dut beste botileroak kentzeko erabaki hori logiko ikusten. Erabakia hartzeko ez dute gure iritzia kontuan hartu, gurekin kontsultatu. Botileroa izatea ongi dago. Partida barruan zaudela, 180 pultsazioetara, ez duzu behar bezala ikusten eta kanpotik beste batek hobeki ikusi dezake. Figura garrantzitsua da niretzat, kendu digute eta pixkat amorratua nago horrekin ere.
Akaso perfil teknikoa baino gehiago psikologikoa behar duzue: zure anaia, laguna... ondoan egotea.
Denetatik behar da. Akaso zu jokaldi bat egiten itsututa zaude, erre ke erre, eta kanpotik esaten dizute “egin ezazu beste modu batera…”. Eta alde teknikoaz gain, psikologikoki, partida mozteko garaian... garrantzitsua da botileroen papera. Beteranoek esperientzia gehiago dute akaso, baina nik uste dut ongi dagoela figura hori.