Inasa zena industrialde bihurtzen ari den bitartean, urbanizazioaren eskubideei uko egin eta udala bulego eraikinaren jabe egin zen. Aitor Larraza alkateak aurretik azaldua du eraikinak "ibarraren beharrei zuzendutako digitalizazio proiektuarekin” bat eginen duela, “prestakuntzan oinarrituta".
Sakanako Garapen Agentziako (SGA)Aintzane Iriberri Berrostegietak martxan den Sakanako Eraldaketa Digitalerako Estrategiaren barruan kokatu du eraikina: “eraldaketa digitalean sortzen den teknologia garatu, frogatu eta sinergiak sortzeko gunea izanen da. Enpresek erabiltzeko esparru bat”. Premia horri erantzun nahi diote udalak, SGAk eta enpresek. Iriberrik gaineratu duenez, Nasuvinsak Nafar Lansarerekin prestakuntza emateko akordioak ditu eta hori ere “interesgarria” izanen da.
Deialdiak
Horretarako eraikina moldatu egin behar da. Bulego eraikin guztia egokitzeko proiektua badago ere, oraingoan beheko solairua (500 m2) egokitzeko lanak emanen dituzte. Proiektu bera bada ere, lanak erdibana eginen dituzte udalak eta Nasuvinsak, baina bakoitzak bere deialdia eginez. Nasuvinsa enpresa publikoak prestakuntza eta erabilera anitzeko gelak egiteko deialdia egin zuen herenegun. Lanek 135.228,76 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute. Egitekoak hiru hilabetetan despeditu beharko dira. Enpresek euren eskaintzak azaroaren 8ko eguerdira arte aurkeztu ditzakete. Eskaintza onuragarrienari emanen zaio lana.
Larrazak jakinarazi digunez, udalaren deialdia heldu den aste hasieran eginen da publiko. 134.605 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua izanen du Ikerketa eta Garapenera bideratuko gelak. Nasuvinsaren deialdiko antzeko eskakizunak izanen ditu. Lanak aurten hasiko dira eta martxorako despedituta egotea espero dute. Irurtzungo alkateak jakinarazi digunez, etorkizuneko beharren arabera ez dute baztertzen solairu gehiago egokitzea.