Gizartean eta ekonomian gero eta handiagoa da digitalizazioaren eragina. Horretara egokitzeak, eraldaketa digitala egiteak gero eta garrantzi handiagoa du. Baina hori nola egin? Ibarreko enpresei langintza horretan laguntzeko Sakanako Garapen Agentziak (SGA) Sakanako Eraldaketa Digitalerako Estrategia martxan jarri du.
SGAko Aintzane Iriberri Berrostegietak gogorarazi digu Sakanako Plan Estrategikoaren barruan ibarrerako aukera izan zitezkeen hiru arlo identifikatu zirela: energia, zirkulu-ekonomia eta zahartze aktiboa. Aldi berean, Sakanako estrategiaren oinarriak zehaztu zituzten: enpresen poloa, prestakuntza eta eraldaketa digitala azkartzea. Azken horren barruan sartzen da joan den asteazkeneko bilera.
Agentziak ibarreko enpresei eraldaketa digitalean laguntzeko Nodo 4.0. aholkularitza kontratatu du, Hirudi, IAR eta Happeninn enpresek osatuta, eta Tecnaliak babestuta.
Bi fase
Joan den astean elkartu ziren enpresei azaroa akabera bitartean garatuko duten metodologia aurkeztu zieten. Bi fase izanen ditu. Heldu den astean hasiko dira 20 enpresaren diagnosi digitala egiten. Bigarren fasean 20 enpresa horietako 8 aukeratuko dituzte eta haiek azterketa sakonagoa pasako dute. SGAtik adierazi digutenez, eraldaketa digitalerako estrategiak hurrengo urteetan segida izanen du.
Bi helburu
Iriberrik azaldu digunez, martxan jarritako guztiaz aparte beste bi helburu izanen dira. Alde batetik, estrategia lantzen den bitartean Sakanako enpresen arteko digitalizazioaren inguruko sinergiak bultzatu nahi dira. Iriberrik argitu digunez, azken asmoa litzateke digitalizazioari buruzko ikerketa eta garapen (I+G) kolaborazio proiektuak egitea. SGAk sustatutako halako bi proiektuk Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza bana jaso dute azken bi urteetan: 2017an E-Hiera eta aurten Trombe horma, biak energiaren arlokoak. Bi I+G proiektuetan launa enpresa sakandarrek parte hartzen dute eta guztira 1,8 milioi euroko diru-laguntza jaso dute.
Inasan
Eraldaketa digitalerako estrategiak aurrera egiten duen bitartean horretarako zer prestakuntza behar dauden atzeman nahi da. Eta horretan Inasa Digitalek aparteko tokia izanen du. Nasuvinsa enpresa publikoa Irurtzungo enpresa zena industrialde berri bilakatzen ari da. Irurtzungo Udalak urbanizazioaren % 10 jasotzeari uko egin zion eta horren ordez bulego eraikina bereganatu zuen. Eraikina dagoeneko udalarena da. Aitor Larraza alkateak hasieratik esan du eraikinak "ibarraren beharrei zuzendutako digitalizazio proiektuarekin” bat eginen duela, “prestakuntzan oinarrituz".
Iriberrik azaldu digunez, Irurtzungo Udalak eraikinaren lehen solairua egokituko du aurten. "Prestakuntzari eskainitako 500 metro karratu izanen dira. Digitalizazioari eskainitako espazio bat izanen da. Bi zati izanen ditu: bulego eta prestakuntzari eskainitakoa eta I+G tailerra. Oso gauza xumearekin hasiko gara, baina eraldaketa digitalean gero eta ahalmen handiagoa izanen duen prestakuntza zentro bilakatzea nahi genuke".