guaixe.eus

Sakanako artisten erakusleihoa

  Kultura  Altsasu  Sakana

Arte Azokaren zazpigarren edizioa mustuko dute gaur, urriaren 19an, ostirala, Altsasuko Iortia kultur gunean, 19:30ean. Azaroaren 6ra arte egonen da erakusketa. Sakanako artisten obren erakusketa kolektiboa da Arte Azoka

Sakanako artisten erakusleihoa izateko helburuarekin jaio zen Arte Azoka duela zazpi urte. Gaur mustuko dute Iortia kultur guneko erakusketa gelan, 19:30ean. Azaroaren 6ra arte egonen da zabalik eta urriaren 28an azoka eginen dute. Artebide elkarteak antolatzen du erakusketa.

"Sakanan zer lan egiten den eta zer egiten dugun erakusteko leku bat da". Argiñe Berastegi artista arbizuarrak urtero parte hartu du Arte Azokan. Erakusketa urtero berritzen da, izan ere, nahiz eta Sakanako artistak izan haien lanak urtero ezberdinak dira: "aurten erakutsiko ditudan lanak birziklatu ditut, orain arte erakutsi ez nituenak erakutsiko ditut". Hala ere, badira Azokarako bereziki prestatzen dituzten artelanak ere, Berastegik azaldu bezala. Sakanako artistak ez ezik, artista gonbidatuak ere badaude.

Erakusketa

Eskultura, margoak, arte instalazioak, argazkiak, ikus-entzunezkoak eta artelan figuratiboetatik abstraktuenetara doazenak ere. Arte Azokan arte diziplina guztiak ikus daitezke. Sakanako 25 artistek parte hartuko dute. "Erakusketan emakumezkoen parte hartzea handiagoa da", azaldu du Helena Santano artista altsasuarrak. Hortaz, hemezortzi emakumeen lanak erakutsiko dira. Gainera, hamar artista gonbidaturen lanak ere izanen dira.

Erakusketa oso garrantzitsua da Sakanako artistendako. "Lehenengo urtetik parte hartu dut erakusketan, eta ilusioa egiten dit. Gainera, orain Altsasun bizi naiz eta ilusioa handiagoa da". Erakusketa ez ezik, izenak dioen bezala, azoka bat da; hortaz, erakusketan dauden lanak eros daitezke. "Altsasuko ferietan, gainera, salmahaiak jartzen ditugu eta artelan geihago ekartzen ditugu; azoka moduko bat sortzen dugu". Harreman komertzialak ere egiten direla ere dio Berastegik: "agian norbaiti erakusketan dagoen artelana gustatzen zaio, zurekin hitz egiten du, eta beste lan bat eskatzen dizu".

Artebide

Altsasuko Arte Azoka berezia da parte hartzen duten artistendako; izan ere, Berastegik azaldu bezala, artista batek bakarrik erakusketa betetzeko lan handia egin beharko luke, aldiz, erakusketa kolektiboetan beste modu batera erakusten dira gauzak: "niri kolektiboki erakustea asko gustatzen zait".

Artebide elkarteak sustatu du Arte Azoka. Sakanako artistak biltzen dituen elkartea da Artebide. "Biltzea erabaki dugu gauzak kolektiboki egin ahal izateko", adierazi du Helena Santano elkartearen kideak. Arte Azokaren katalogoa kaleratuko dute eta etorkizunean tailerrak, arte hitzaldiak eta kultura-trukeak antolatu nahi dituzte. "Dinamismoa sortu nahi dugu".

Artistak sustatzea da Artebide elkartearen helburuetako bat. "Galerietan erakusketak egiten ez dituzten artisten irabazirik gabeko agenteak izan nahi dugu".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak