1. Noiz arte zara Nafarroa Oinezko koordinatzailea?
Lan honetan ofizialki 2017ko irailean hasi nintzen eta azaroaren 21 arte lan honetan ariko naiz.
2. Eguraldia libratu zenuten. Baina Nafarroa Oinez eguna hasteko a zer modua!
Egia esateko, oso egun gogorra izan zen, hasiera bereziki. Oso berri txarra. Mikelen heriotzaren berriarekin hasi behar izan genuen eguna. Oso gogorra izan zen guretako. Baina komunitate osoak erabaki zuen aurrera egitea, ez zegoela besterik. Egoerari aurre egin behar geniola. Eta eguna modu ahalik eta egokienean aurrera ateratzen saiatu behar ginela. Eta egia da, toki desberdinetatik esan digutenaren arabera, nahiz eta guretako oso egun xamurra ez izan, jendea gustura egon zen. Gauza guztiak ondo bideratu ziren eta egun ederra lortu genuen.
3. Non egon zinen Nafarroa Oinez egunean?
Nik, egia esan, ezer gutxi ikusi nuen igandean. Ikastolan bertan koordinazio gunea izaten dugu. Hainbat batzordetako arduradunak, koordinatzaileak, segurtasun teknikaria, segurtasun batzordeko arduraduna, ibilbideko arduraduna, osasungintzako arduraduna bertan egoten gara. Egunaren kontrolaz arduratzen gara. Zerbait behar bada, horiei guztiei konponbidea ematen.
4. Ikastolan bertan 1. gunea zegoen. Haizea hartzera ere ez zineten atera?
Ni eta pertsonal burua barran laguntzera atera behar izan genuen, gainezka zeudelako. Tonbolan zerbait erosi… Baina, egia esan, kuku batzuk besterik ez ziren izan. Festa giro gehiegirik ere ez genuen, egia esan.
5. Zenbat boluntariok egin zuten posible ospakizuna?
Egunean bertan, gutxi gorabehera, 1.200 lagun. Erraz esaten da.
6. Burundarrez aparte, hortik aurrerakoak ere, ezta?
Nafarroa ikastola guztiok badugu Nafarroa Oinezen ardura. 15 ikastolaren festa da eta 15ak egoten dira ordezkatuta. Ikastola guztietatik etortzen dira antolatzen duena auzolanean laguntzera. Hurrengoan guri Tutera laguntzea tokatuko zaigu. Beste hainbat pertsonak, norbanako, talde edo erakunde moduan izena ematen dute eta ikastoloi laguntza eta babesa ematen digute.
7. 1.200 horiek koordinatzeak urte guztiko lana eskatzen du, ezta?
14 batzorde izan ditugu aurten. Eta horietan 150 pertsonatik gora urte batez lanean egon dira. Pertsonal batzordearen lana azpimarratzekoa izan da aurten. Oso lan fina egin dute eta txanda guztiak betetzeko aukera izan dugu.
8. Inklusibitatea zen eguneko ardatzetako bat. Zein harrera izan du?
Oso ona. Bai urtean zehar. Hori guztia zaintzen saiatu gara. Anitzak gara. Aniztasuna guretako aberastasuna da. Aniztasun horri guztiari erantzuten saiatu gara. Egia da ez garela aniztasun guztira iritsi. Ezinezkoa da urte bakar batean lan hori guztia egitea. Bidea ireki dugu. Ahalegin handia egin dugu bide hori ireki eta atzetik etorriko diren ikastolek bide hori hartu eta zabal dezaten.
9. Batzordeek euren balorazioak egiten dituzte? Eta zer diote?
Orain batzorde bakoitza hasi da egunaren bere balorazioa egiten, momentuz. Heldu den astean batzorde iraunkorraren bilera izanen dugu. Han arduradun guztiak daude eta batzordez batzorde aztertuz balorazio orokorra eginen dugu. Gero batzorde bakoitzaren lana izanen da urte guztian egindako lana jasotzea, ez soilik egunarena. Memoria batean idatziz jasoko da zer egin den, zer atera den ondo, zer hobetuko luketen, nola antolatu diren… Hurrengo ikastolak jakin dezan oinarria zein izan den eta beraiek irizpide bat izan dezaten.
10. Noiz bukatuko duzue guztia jasotzeaz?
Desmuntatze lanarekin aste honetan bukatuko dugu. Muntatze lanak ilusio gehiago dakar. Emozio gehiagorekin joaten gara lanera. Behin eguna pasata, egia da jendeak bere eginkizunak dituela, bere bizitza, bere lana… eta ez da erraza desmuntatzeari eustea. Hala ere, astelehenean lagun mordo bat elkartu ginen lanerako. Oraindik ere, egunero-egunero, badago jendea lanean jarraitzen duena.
11. Lortutako diruak ikastolako eraikinean zein moldaketa eginen duzuen badakizue dagoeneko?
Ez. Oraindik ez dugu ekonomia-baloraziorik. Oraindik balantzea egiteko gai ez gara. Baina lehentasun batzuk badauzkagu. Azpiegiturari buruzko beharrak bete behar dira, bai ala bai. Itajurak dauzkagu eta teilatua konpondu beharko da. Hori argi dugu. Behin horiek guztiak ase ditugula, bigarren pausoa etorriko litzateke: pedagogia-eraldaketak eskatzen digun espazio-eraldaketari eustea.
12. Festari beste begirada batekin begiratuko diozu gero?
Ez dakit. Koordinatzaile lanetan aritzen naizen aurreneko aldia da, baina Nafarroa Oinez festa barrutik bizitzeko aukera izan dut beste edizio batzuetan, bai boluntario, bai batzordeetan lanean.
13. Zer moduzkoa da zure balorazio pertsonala?
Oso zapore onarekin bukatu dut urtea. Lantaldetan izugarrizko lana egin da. Lehenengo egunetik ardura bete dute. Nik beraiekin eta batzordeetan, orokorrean, oso giro ona egon da. Zerbait azpimarratu beharko banu… batzorde guztietan auzolana-elkarlana nagusitu dela.
14. Pentsatzen dut Tuterako koordinatzailearekin bilduko zarela.
Nafarroa Oinez prestatu duen ikastolak eta hurrengoak prestatuko duenaren arteko topaketa egiten dugu; batzorde-buruak, koordinatzaileak eta batzordekideak. Nolabait batetik bestera jakintza pasatzeko. Oroitza idatziz jasotzen dugun arren, zenbait gauza komentatzeko, gomendioak emateko… eskarmentua bidean galdu ez dadin.
15. Klaseak ematera bueltatzeko gogoz?
Bai. Beti gustuko izan dut. Bokazioz naiz Haur Hezkuntzako irakaslea. Eta hara bueltatuko naiz. Nire gelakoen gurasoak direnekin ere tokatu izan zait Nafarroa Oinezen berdinetik berdinera aritzea. Auzolana dela eta, aukera hori ikastoletan askotan ematen da. Bada beste aberastasun bat familiekin halako tratua izatea. Ez bakarrik irakasle eta guraso tratua, baizik eta berdinetik berdinera, lan bat burutzeko eta helburu berdin berean biak lanean aritzeko.
16. Etorkizunean beste Oinez bat balego… errepikatzeko moduan?
Ez dakit. Nire buruari ez diot planteatu. Ez nizuke ezetzik esanen. Ni gustura egon naiz. Lehen esan bezala, batzordeek lan handia egin dute. Bakoitzak bere ardura betetzen duen heinean, guztion lana errazten da.