Joanes Bakaikoa: “Lau T’erdian iniziatiba hartzen duenak asko izaten du irabazia”

Guaixe 2018ko aza. 9a, 11:30

Promesen Lau T’erdiko finala jokatuko du aurrelari etxarriarrak larunbatean Labriten Peña II.aren kontra

Bihar, larunbatean, Iruñeko Labriten 17:00etan hasiko den jaialdian, Promesen Mailako Lau T’erdiko finala jokatuko du Joanes Bakaikoa Satrustegik (1997-03-27, Etxarri Aranatz) Asegarceko bere taldekide Jon Ander Peña (1997-07-18), Peña II.aren kontra. Partida zuzenean ikusteko aukera izango da ETB1 telebista katetik. Asteazkeneko pilota aukeraketaren ondoren egon ginen etxarriarrarekin.

Promesen mailako hirugarren finala duzu. Ohitzen ari zara finaletan egote horretan?
Ohitu ez da inoiz egiten, baina urte nahiko ona daramat.

Jakina; iaz debutatu zenuen Asegarcerekin, Promesetako Lau T’erdiko txapeldunordea izan zinen eta aurten Promesen Buruz Buruko txapelduna zara eta orain Promesen Lau T’erdiko finala jokatuko duzu…
Ilbeltzean bi urte egingo ditut debutatu nuela eta nik uste dut urte honetan aurrera pausua eman dudala. Urte ona egin dudala esango nuke, emaitzak ere onak izan dira eta ez dut arazo larririk izan eskutatik; fisikoki ere ongi ibili naiz, gustura. Balorazio ona da.

Larunbateko finalerako pilotak aukeratu dituzue zuk eta Jon Ander Peñak. Zer moduz joan da?
Normaltasunez. Promozio mailan bakarrik finaletan egiten da aukeraketa. Pilota nahiko onak ziren, inongo aitzakiarik gabeak eta, beraz, inolako arazorik gabe. Niri gustatzen zaizkit azkar xamarrak baina lurrean ibiltzen diren pilotak, azpitik ibiltzen direnak, buelo asko hartzen ez dutenak. Ez direnak biziegiak baina motelegiak ere ez. Eta aurkitu ditut; txapelketa guztian izan dira pilota egokiak, exagerazio gabekoak.

Nola ikusten duzu Jon Ander Peña?
Abiadura handia ematen dio pilotari, bi eskuekin saiatzen da ahalik eta azkarren jokatzen eta dezente arriskatzen du; erritmo handia sartzen dio partidari eta tanto azkarrak egiten saiatzen da.

Berari aurre egiteko nola planteatuko duzu zure jokoa?
Lau T’erdian garrantzitsuena izaten da ekimena edo iniziatiba hartzea; iniziatiba hartzen duenak asko izaten du irabazia. Saiatuko naiz sakea nik dudanean pilotari abiadura handia ematen, piloteoan dominatzen eta defentsako lanetan pilotari altura ematen, nola edo ahala eusten. Baina funtsezkoena, gakoa, iniziatiba hartzea da, nagusitasun hori. Lau T’erdian oso azkar jokatzen da eta oso garrantzitsua izatea zuk agintzea jokoan.

Biharko finalean nola espero duzu Labrit egotea?
Nafar batentzat Labriten jokatzea gauza handia da. Orain arte jokatu ditudan finalak Labriten izan dira eta oso polita da. Jendearentzat frontoi politena da, eta jokatzeko Labrit ere oso frontoi ona da; oso pozik jokatuko dut. Oso frontoi noblea da, ez du bote txarrik egiten, beti bote onak egiten ditu eta ikuslea ere oso gertu dago; hori oso polita da pilotariendako eta ikuslearendako ere. Giro hoberena egoten den pilotalekua da Labrit.

Finaletan lasai egotera ohitu egiten da bat edo beti izan behar da urduritasun puntu bat?
Urduritasun puntu hori beti izan behar da, lasaiegi ateratzea ere ez baita ona izaten. Finaletan denok izaten dugu urduritasun puntu bat eta garrantzitsua izaten da urduritasun hori kontrolatzen saiatzea eta urduritasun horrek zure maila ematera ez egoztea.

Hurrengo urtean lehen mailako Buruz Burukoan arituko zara, aurten promesetakoa irabazi eta gero. Enpresatik puntako pilotariekin programatzeko asmorik azaldu dizute?
Pilotariak bere buruan zentratu beharra dauka, garrantzitsuena kantxan ahalik eta hobekien ibiltzea da; ez dizu merezi beste gauzetan zentratzea, horrek ez dizulako laguntzen. Kanpoko gauzei ez zaie begiratu behar, kantxa barruan zentratu beharra dago. Progresio ona daramat, azkeneko urtean batez ere. Oso polita litzateke Promesen Lau T’erdia irabaztea, hurrengo urtean Banakako bi txapelketak, Buruz Burukoa eta Lau T’erdia, lehen mailan aritzeko.

Galdu edo irabazi, ospatzeko asmoa duzu?
Bai, ospatuko dut baina oraindik ez dugu guztiz lotu non. Galdu ala irabazi, ospatzeko eta disfrutatzeko eguna izango da larunbatekoa.

Lau T’erdiko lehen mailako finalerako Ezkurdia edo Altuna III.a, nor ikusten duzu faborito?
Nik uste momentu honetan Ezkurdia inoiz egon den momenturik onenean dagoela, eta alde horretatik faboritoxeago ikusten dut. Baina Altuna egun handietan hazi egiten den pilotaria da; orain arte erakutsi du partida garrantzitsuenetan bere mailarik handiena ematen duela. Buruz eta zentratuta jokatzen baldin badu, nik uste Ezkurdia momentu honetan gehixeago izan daitekeela. Baina egun ez hain ona ez badu, Altunak irabaziko dio. Dena den, une honetan Ezkurdia ikusten dut faboritoago. Finala ikusiko dut, baina ez dakit frontoian bertan edo telebistan. Navarra Arenan ez naiz egon eta frontoi hori ikusteko gogoa daukat.

Handia litzateke zuk eta Ezkurdiak Lau T’erdiko bi txapelak, promesen mailakoa eta lehen mailakoa, Sakanara ekartzea.
Oso polita! Urte gutxitan izaten da dobletea egiteko aukera. Aurten badago, eta zaila dagoen arren, saiatuko gara.

Zorte on!
Eskerrik asko!