Liburutegiak milaka eta milaka liburu biltzen dituzten tokiak dira. Liburu horiek guztien eskura daude, eta liburutegiaren bazkide bazara, etxera maileguan hartu daitezke. Hainbat dokumentu maileguan hartzeko daude ere: DVDak, diskoak, aldizkariak... Hala ere, azken urteetan liburutegiak liburuak maileguan hartzeko zerbitzu bat baino askoz gehiago bihurtu da: topaleku bat, lasai egoteko leku bat, bizitza estresantearen aurrean erlaxatzeko leku bat eta abar. Aterpe bat.
Lehenengo aldiz Sakanako liburutegiak bildu dira kanpaina bat aurkezteko. Sakanako liburutegiak, aterpe naturalak deitu diote azaroan eginen dute kanpainari. Izan ere, Sakanako liburuzainen esanetan, liburutegiak aterpeak dira: "Kultura sustatzeko lekuk bat bihurtu da". Liburutegien xedea aldatu da, dagoeneko ez da liburu bat hartu eta irakurtzeko tokia. Askoz gehiago badela diote liburuzainek.
Liburuzainendako kanpaina garrantzitsua da. Lehenengo aldiz Sakanan kultur proiektu bat elkarrekin egin dute. Ziordiako, Olaztiko, Altsasuko, Urdiaingo, Etxarri Aranazko, Arbizuko eta Irurtzungo liburutegiek bat egin dute Liburutegiak, aterpe naturalak kanpaina egiteko. "Biltzen hasi ginen, elkarri aurpegia jarri genion, eta hutsune bat zegoela konturatu ginen", adierazi du Amaia Iparagirre Ziordiako liburutegiko liburuzaina. Izan ere, bakoitzak bere herrian gauzak antolatzen zituen, baina elkarrekin indartsuagoak izan zitekeela konratu ziren. Kirmen Uribe idazlearen emanaldia izan zen lehenengo urratsa.
Biltzen hasi ondoren, elkarrekin joateko Sakanarekin bat gai bat behar zuten. Eta Sakanan naturari buruz hitz egitea egokiena zela iruditu zitzaien: "pentsatu behar genuen natura eta liburutegiak nola uztartu. Orduan liburutegiak mendiko aterpeak direlaren metafora hori bururatu zitzaigun". Hortaz, bi idei batu dira "aterpe naturalak" izendapenean: "alde batetik, aterpe fisikoak dira liburutegiak. Gehien bat neguan, eguraldi txarrarekin, bero eta goxo egoteko lekuak dira. Bestetik, gauza asko daude ikusteko, egiteko eta denbora pasatzeko".
Aterpe naturalak
Natura oinarri hartuta, 25 jarduera, ekimen, ekintza edota tailer eginen dituzte azaroan. Beltx beheko basoan album ilustratua izanen da haurrendako tailer guztietako haria. "Bakoitzak bere herrian duen berezitasuna landuko da, esaterako, Ziordian okilak landuko dituzte, Olaztin pagoak, Altsasun anfibioak, Urdiainen haritzak, Etxarri Aranatzen saguzarrak, Arbizun bertako basoak izanen da gaia eta Irurtzunen hegazti-fauna". Igor Erbiti mendi ingeniariaren album ilustratua da Beltx beheko basoan eta Sakanako haritzen istorioa kontatzen du. Tailerretan ingurugiroa zaintzeko irizpideak eta naturarekiko baloreak landuko dira.
Kanpainaren aurkezpena azaroaren 7an egin zuten, Irurtzungo liburutegian. Aurretik, azaroaren 5etik, Urbasari buruzko pintura erakusketa mustu zuten Olaztin. Gaur, azaroaren 9a, Altsasun, ilustrazio tailerra izanen da Morkotsekin. 18:00etan izanen da tailerra. Hurrengo ekintza Urdiainen eta Etxarri Aranatzen izanen da, 18:00etan eta 19:00etan, hurrenez hurren: Beltxekin Ehun urtetik gorako haritzak landuko dituzte Urdiainen eta Etxarri Aranatzen Jose Luis Erdoziak herriko toponimiaz hitz eginen du. Azaroaren 15ean haurrendako bi tailer izanen dira Ziordian eta Etxarri Aranatzen. Kanpaina azaroaren 30ean amaituko da Altsasun ekitaldi berezi batekin.
Kultur topagunea
"Babesa behar duzunean liburutegian sartzen zara eta babes hori sentitzen duzu". Denborarekin liburutegien xedea aldatu da. Teknologia berriek eta bizitza estresagarriak zerikusi handia izan dute, liburuzainen arabera. Sakanako liburuzainak ados daude: "lehen jendea etortzen zen, liburu bat hartzen zuen eta joaten zen. Orain, jendea etortzen da liburutegian lasai egoteko. Babesleku bat da. Denetarik egin daiteke: ikasi, ordenagailuan egon, wifia dago, etxerako lanak egin...".
Liburuen mailegua, beraz, nabarmenki jaitsi da. Hala ere, oraindik maileguak egiten direla azaldu dute liburuzainek. "Liburutegiek edozein tokira bidaiatzeko aukera ematen dizute, edozein emozio sentitzeko. Horretarako giltza dago liburutegietan", adierazi du Olatz Millan Arbizuko liburuzainak. Liburutegiak herriko egongelak direla esan zuen altsasuar batek aspaldi, eta Mari Luz Oiarbidek, Altsasuko liburutegiko liburuzainetako batek, ados dago deskripzioarekin.
Duela hainbat urte baino gutxiago irakurtzen dela ondorioztatzen dute liburuzainek. Azken urteetan "estimuluak" areagotu direla esan dute, hortaz, lehen irakurtzen pasatzen zen denbora orain sare sozialetan, telebista ikusten, bideojokoetan eta abarretan inbertitzen dela kritikatu dute liburuzainek. Hala ere, liburutegiak bizirik daude. "Ohiturak aldatu dira. Lehen paso toki bat zen: liburua hartu eta maileguan eraman". Orain liburutegiak leku dinamikoak dira. Liburutegiek hainbat atal edo txoko dituzte elkarbizitza egokia izan dadin: ikasteko txokoa, haurren txokoa, irakutzeko txokoa, prentsaren txokoa... Sakanako liburutegiak, aterpe naturalak kanpaina Facebook-etik eta Instagram-etik jarraitu daiteke. Azaroan eginen duten kanpaina hau aurrera eramateko Nafarroako Gobernuko Liburutegien sarearen laguntza izan dute. Hala ere, aurrera begira kolaborazioak jarraitzea nahi dute liburuzainek.
Egitaraua |