Joseba Ezkurdia: “Burua entrenatzea, fisikoa eta frontoia entrenatzea bezain inportantea da edo gehiago”

Maider Betelu Ganboa 2018ko aza. 15a, 16:00

Igandea, azaroak 18. 17:00ak. Nafarroa Arena. Sakandar asko bertan izanen dira eta beste guztiak ETB1 piztu eta pantailara begira egongo gara gure herrietako etxe, txoko, elkarte eta tabernatan. Lau t’erdiko final handia dute jokoan Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak. Aurreko astean Joanes Bakaikoak Promesen txapela ekarri zuen. Lehen mailakoarekin etorriko da Ezkurdia? Dobletearen zain, arbizuarrak iganderako festa polita prestatzen ari dira.  


Finalerdiak baino lehen esan zenuen oso handia litzatekeela Lau t’erdiko finalera sailkatzea. Hortaz, orain erraldoia litzateke finala irabaztea?
Bai, latza! Zaila izango da, pilotari guztiak maila hoberena emateko entrenatzen baitugu; horri gehitu behar zaio final batean egoten den tentsioa, txapela eta gauza asko baitago jokoan. Baina lasai nago, ongi nago eta ikusten dut nik nirea egiten badut irabazteko aukerak baditudala, eta nik nere lana ahalik eta hobekien egiten kontzentratu beharra dut.  

Finalerdia irabazi zenuenean esan zenuen pozik zeundela partida kontrolatu zenuelako. Orain arte ez zenuen sentsazio hori?
Finalerdietan, Urrutikoetxea hurbildu zitzaidanean, lasaitasuna izan nuen, nire buruarekin konfiantza, nire burua oso ongi kontrolatu nuen eta horrek sekulako konfiantza eman zidan; gustura sentitu nintzen momentu horretan. Eta hemendik aurrera horrela jarraitzen dugun.

Konfiantza hori lortzeko lanketa bereziren bat egin duzu? Coach baten beharra izan duzu?
Momentu oso onak izan ditut eta baita oso txarrak, baina horietatik ere ikasi egin dut eta aurrera egin dut. Sarritan ikusten nuen nik gogor entrenatzen nuela, baina kantxara ateratzerakoan ez nuela ongi egiten; ez nuen ikusten nire burua entrenamenduetan bezala. Aurreko urtean coach batekin lanean hasi nintzen, hitz egiten, eta oso ongi etorri zait: konfiantza askoz gehiagorekin sentitzen naiz. Balio du. Maila honetan detaileak oso garrantzitsuak dira, burua entrenatzea, fisikoa eta frontoia entrenatzea bezain inportantea da edo gehiago.

Eta gorputzak eta eskuak laguntzen badizute...
Bai, suertea daukat, eskuak oso ongi erantzun didate. Fisikoki beti izaten da molestiaren bat, orkatila edo bizkarra, baina ezer seriorik ez eta alde horretatik oso pozik nago lesioek asko errespetatzen nautelako.  

Aurten botilerorik gabe jokatuko duzue finala, biak, Altuna eta zu, enpresa berdinekoak zaretelako. Botilerorik gabeko lehen finala izango da...
Bai, dena izanen da berria: frontoi berria, toki berria eta botilerorik gabe. Txapelketan barnan zorte handia izan dut gehienetan Asegarcekoekin jokatzea tokatu zaidalako eta hor botileroa izan dudalako, Altunaren kontra izan ezik. Baina ez diot bueltarik ematen. Azkenean finalera ongi iristea nahi dut, nire eskutan dagoena ongi egin eta listo. Kontrolatu ezin ditudan gauzei ezin diet bueltarik eman. Dena den, nik beti esan dut erasoago nagoela aulkian Juanen edo nire anaiaren laguntza izanda.

Momentu honetan katedraren sektore gehienarendako faboritoa zu zara.
Ni ez naiz faborito ikusten. Badakit partida oso zaila dudala aurretik: azkenean bera da azken hiru urtetan finala jokatu duena, Buruz Buruko egungo txapelduna, eta kristoren meritoa dauka Jokinek. Arerio zaila da, deserosoa. Inprobisatu egiten du. Zu tanto bat dominatzen ari zara, baina ez dakit nondik jokaldi bat ateratzen du eta bera dominatzera pasatzen da... Partidak oso ongi irakurtzen ditu eta momentu bakoitzean badaki zer egin. 22 urterekin duen heldutasuna ikaragarria da, buru oso ona dut. Baina ikusi dut gauzak ongi eginda posible diodala irabaztea, nik nire jokoa egiten badut berari ere mina egiten diodala eta hori aprobetxatu beharra daukat, ahalik eta gehiena.

Zein izango da gakoa, zure ustetan?
Nik sakea aprobetxatu beharra daukat eta errestatzea tokatzen zaidanean, ahalik eta hobekien errestatu. Izan ere, errestoa oso inportantea da Jokin bezalako pilotariekin, ez baduzu sakea ongi kentzen sake-erremate, ti-ta egiten dizu. Tantoz-tanto borrokatu, burua garbi izan eta ahalik eta erritmo gehiena jartzen saiatuko naiz; ea lortzen dugun.

Nafarroa Arena zuk mustu zenuen, jokatzeko nolakoa da?
Frontoia bezala zaila da. Frontoi berriak onak izatea ez da ohikoa. Ezker pareta latza du, frontisetik salida, hori dena kontrolatu behar da eta entrenamenduetan landu: guk hartu behar dizkiogu distantziak, karakteristikak... Baina erakin bezala, espektakularra da.

Niretzako hemen jokatzea handia da. Etxetik 40 km-ra, ordu erdi batera, Nafarroan aurreneko aldiz halako final handia jokatzeak ilusio berezia egiten dit eta txapela hori lortzeko aukera duen lehen nafarra izateak ilusio handia egiten dit. Oso polita litzateke txapela hemen janztea. Jendea ere ilusionatuta dago, frontoia Nafarroan delako. Ikusgarria izan zen sarrerena, minutu batzuetan, di-da saldu ziren eta jende asko gogotan gelditu da.

Binakako txapela Zabaletarekin lortu zenuen, baina txapela bat bakarka irabazteak beste puntu bat dauka? Zure ibilbidea finkatzea litzateke?
Igual alde batetik bai. Badakit txapelaren borrokan nagoela, hor ikusi dut nire burua, eta horrek motibatu eta konfiantza ematen dit. Baina urtea banakako txapel batekin bukatzea ikaragarria litzateke, urtea borobila izateko.  Aurreneko finalak ilusio berezia egin  zidan, baina honetan ni bakarrik nago kantxan, nire buruarekin borrokan ni bakarrik, ez daukat lagunaren babes hori eta finalera iristea eta txapela lortzeko kapaza izatea gauza handia da; ea lortzen dugun. Zaila dago baina...

Zenbat sarrera eman dizkizute?
Hasieran 264, gero eskatu nituen beste 10 gehiago, eta gero beste 12. Arreba eta bi lagun ari dira kudeatzen, erotuko nintzateke bestela. Badakit lagunak finalerako prestaketetan dabiltzala, lanean tope dabiltzala eta eskertzeko hitzak besterik ez ditut. Ea dena ongi ateratzen den eta festa on bat egiten dugun.

Galdu edo irabazi, ospatuko duzue?
Bai. Finalak ez dira egunero jokatzen. Zazpi urte pasa dira 2018an final bat aurrenekoz jokatzeko; hortaz, galduta ere ospatuko dugu. Irabazita beste grazia bat izango du, dudarik gabe, baina ospatzeko eguna izango da. Arbizuko frontoian afalduko dugu eta gero ikusiko dugu non luzatuko dugun parranda.  

Eguna gerturatu ahala urduriago jarriko zara?
Urduritasun puntu bat izatea behar da, eta dudarik gabe, urduriago jarriko naiz. Egunez kontrolatzen duzu, baina gero igual lotara joatean buruari bueltak ematen hasten zara.

Bezperan zer egingo duzu?
Ahalik eta lasaienen egon. Etxean lasai, edo paseo bat egin… Jende asko dagoen tokietara joatea ez zait gustatzen, bestela pilota gora pilota behera… Pixkat deskonektatzen saiatuko naiz: zinera joan…

Final egunean bazkaltzeko, pasta?
Bai, partida guztietan bezala, pasta edo arroza. Partida aurretik beti arroza. 3-4 ordu lehenago jaten dut. Seitan bada partida ordubitan edo bazkalduko dut.

Bakaikoak promesen lau t’erdikoa ekarri du. Zuk lehen mailakoa ekartzea ikusgarria litzateke Sakanan, ez? Dobletea…
Bai, dobletea lortzea oso polita izanen litzateke. Joanes pilotari fina da, ona, asko jokatzen duena, eta hurrengo urtean Buruz Burukoan eta Lau t’erdian arerio berria izango dugu. Eta ongi etorria.

Munduko zorterik onena opa dizugu, Joseba!
Eskerrik asko!