Aritz Intxusta eta Aitor Agirrezabal Gara egunkariko kazetariek idatzi dute liburua, eta Jon Jimenez editorearekin batera izanen dira aurkezpenean. “Auziaz guk baino gehiago dakien jendearen aurrean” aurkeztuko dute gaur liburua. “Jendeak gertatu diren gauza asko ulertzeko” argitalpena dela esan du Hiriberriko Aitor Agirrezabal kazetariak Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus). “Bi urtetan albiste ugari egon dira. Batzuk ahaztuta ditugu, beste batzuk agian ez zaizkigu ezta iritsi ere. Zein lotura dauden justizia, politikari eta Guardia Civilaren artean. Zergatik iritsi diren zortzi gazte euren burua honen guztiaren barruan ikustera”.
Agirrezabalek esan duenez, “uste dugu liburu hau ere Altsasuko auzia sozializatzen laguntzeko beste tresna bat dela”. Agirrezabalek argitu duenez, liburuarekin “gure asmoa ez da esatea zein den ona eta zein den txarra, edo zeinek daukan arrazoia edo zeinek ez. Baizik eta bilatu izan duguna da azaltzea nola den posible gau batean, taberna batean, nola den posible mozkor liskar batetik liburu bat idaztea. Zenbat gauza gertatzen diren hor tartean, oso minutu gutxiko liskar batetik liburu bat idazteko”.
Hiriberriarrak azaldu duenez, “kazetaritza liburua da. Kapitulu bakoitza erreportaje modukoa da. Hau hain istorio handia izateko elementu horiek guztiak barnebiltzen saiatu gara”. Hiru “faktore nagusiren” inguruan landu dute gaia: justizia, politika eta hedabideak. Agirrezabalek gaineratu duenez, “hiru hitzek abizen bera dute: espainiar justiziak, espainiar politikak eta espainiar hedabideek gai honetan izan duten pisua. Era berean, Euskal Herriak bizi duen momentu historikoa. Altsasukoa oso momentu zehatzean gertatzen da, zeinetan kontakizunaren gudan sartuta gauden guztiz. Altsasuko auzirik gabe ezin da ulertu gaur egungo espainiar estatuaren egoera” . Horregatik, gaztelaniaz argitaratu dute. Kontakizunaren “guda horretan bi aktore nagusi sartzen ditugu: Guardia Civila eta Covite”.
Agirrezabalek berretsi du ez dela iritzia emateko liburua eta, horregatik, “saiatu gara istorio honen protagonista guztiekin hitz egiten”. Altsasuko Gurasoak, Altsasukoak Aske herri asanblada, tabernako zerbitzariak, auzipetuak eta Covitek euren iritzia ematen dute liburuan. Agirrezabalek azaldu duenez, “Covitek erantzun batzuk eman dizkigu, baina bi Guardia Civilek eta haien bikotekide diren emakumezkoek ez dute parte hartu nahi izan. Nire ustez hori ere nahikoa esanguratsua da. Saiatu gara haiei ere hitza ematen baina ez dute nahi izan”. Auzipetuen inguruan esan du “oso gazte desberdinak dira, bakoitzak modu batean bizi du auzia, nola eragin dien. Liburuak oso hausnarketa interesgarriak biltzen ditu”.
Argitalpenaren izenburuan herriaren euskarazko eta gaztelaniazko izenak daude. “Horrekin irudikatu nahi izan dugu istorio honen bi bertsioak. Alde batetik, Altsasu herria bera eta, bestetik, Altsasutik kanpo sortu den El caso Alsasua. Zerbait sortu behar izan dena eta, aldiz, Altsasu, hor zegoen zerbait eta Altsasuko herritarrak aurpegia ematera behartu dituen zerbait izan dela”.