Udalak argindarra eskuko telefonotik kudeatzen

Guaixe 2018ko abe. 1a, 12:29

Sakanako energia kudeaketarako adimendun tresnaren aurkezpena Lakuntzan egin zen. Argazkia: SGA.

Sakanako energia-kudeaketarako adimendun tresnaren bidez udaletako eta Mank-eko 210 elektrizitate kontratu kudeatuko dituzte hautetsiek.

Hispavista Labs enpresak garatutako e-Mehir plataforma erabiltzeko aukera izan zuten 20 udal ordezkarik atzo. Sakanako energia-kudeaketarako adimendun tresnaren aurkezpenean izan zen hori,  Lakuntzako kultur etxean. Ibarreko 15 udalerriak eta Sakanako Mankomunitateak plataforma bateratu horren bidez, udal zerbitzu nagusien kontrol automatikoa izanen dute denbora errealean. Euren eskuko telefonoaren bidez argindarraren momentuko kudeaketan teknologiak ematen dituen abantailak eta onurak zein diren ezagutzeko aukera izan zuten udal hautetsiek (ez ziren udal guztietako ordezkariak izan).

Sakanako Garapen Agentziako (SGA) Aintzane Iriberri Berrostegietak azaldu digunez, “plataforma horren bidez udal arduradunek hainbat datu ikuskatzeko aukera dute: unean-uneko kontsumo puntuak; joan den urteko hilabete bereko kontsumoarekin alderaketak; herriko eta Sakanako biztanle kopuruaren araberako kontsumo ratioak, konparazioak egiteko; alarma piztea kontsumo desbideraketak daudenean; behar baino argindar gehiago kontsumitu denean jasotako penalizazioak eta potentzia murriztean aurrez daitekeena”.

Iriberrik azaldu digunez, argindar kontsumoen kontrolarekin hasi dira. Guztira, 210 kontratu kontrolatzen ditu plataformak. “2015ean udalen energia azterketa egin genuen eta orduan potentziaren kontrola sustatu genuen. Baina gauza batzuk egiteko gelditu ziren. Edo argiteria publikoa aldatu eta, ondorioz, kontratua doitzeko tresnarik ez izatean ez dira halakoak ikusten. Horregatik plataforma aktibatzean hainbat alarma piztu dira”. SGAko industria eta energia arloko teknikariak esan digunez, “kontratuetan doitze txikiak eginez 23.831 euro aurrezteko aukera dago. Banan bana begiratu behar dira”.

Osatu
Iriberrik jakinarazi digunez, argindar kontsumoekin abiarazi dute plataforma, baina abenduan 33 gas kontratu sartuko dituzte. Plataformak aukera gehiago ematen duenez, eta Mank-eko digitalizazio estrategiarekin bat egiten duenez, ura eta hondakin bilketako zerbitzuak sar litezke etorkizunean. Hala ere, Iriberrik azaldu digunez, “kudeaketa adimentsuko bide-orria identifikatzen ari gara gaur egun”.

Datuak
210 kontratuen urteko argindar kontsumoa 3399,74 MWh da. Sakanako biztanle bakoitzeko kontsumoa 1.124,57 kWh da.