Udal zerbitzuak monitorizatzeko adimendun sarea jarriko da

Guaixe 2018ko urr. 5a, 08:47

Joan den ostegunean aurkeztu zuten energia monitorizatzeko egitasmoa. Argazkia: Sakanako Garapen Agentzia.

15 udal zerbitzuen energia kontsumoak momentuan zein diren ezagutzeko eta horiek automatikoki eta eraginkorrago kudeatzeko lehen urratsa da. Fakturak murrizteko balioko du. Estatuan ibar batean halako sare bat jartzen den aurreneko aldia da

Smart city edo adimendun hiri terminoa gero eta entzunagoa da. Batzuetan hiri eraginkorra terminoa erabili izan da. Terminoa bata edo bestea izan, oinarrizko beharrak egoki betetzen dituen jasangarritasunean oinarritutako hirigintza garapenari erreferentzia egiten dion kontzeptua da. Sakanan hiririk ez dagoenez, egokiagoa litzateke smart territory edo adimendun lurraldea terminoa erabiltzea. Eta hala egin du Sakanako Garapen Agentziak (SGA) eta jendaurrean aurkeztu zuen joan den ostegunean.

SGAko industria eta energia arloko teknikari Aintzane Iriberri Berrostegietak azaldu digunez, “Sakanako udal guztien kontsumo termiko eta elektriko guztiak momentuan kontrolatzeko Hispavista Labs enpresak garatutako e-Mehir plataforma ezarriko da. Plataforma bateratu horren bidez, udal zerbitzu nagusien kontrol automatikoa izanen dute denbora errealean”. Horren erabileraz galdetuta, Iriberrik esan digunez, “udaletako hainbat zerbitzuren datuak biltzeko, momentuan bertan ikusi eta kudeatzeko aukera emanen du. Modu errazean eta Internetera konektatutako edozein gailutik eskuragarria da. Energia aholkularitza zerbitzu berriak sortzen ditu eta faktura murrizten lagunduko du”.   

Teknikariak azaldu digunez, Hispavista Labsek jarriko duen teknologiak hainbat iturrietako datu kopuru handiak denbora errealean gurutzatu ditzake. Martxan dagoen aurreneko pausoa da udalen energia sareen analisia eta automatizatutako kontrola (tele-kudeaketa) ezartzea da. Herrietako argiteria publikoa, azpiegitura publikoen kontsumo elektrikoa, berogailua eta beste hartzen ditu barruan. Zehazki, 225 elektrizitate kontratu eta 33 gas-kontratu automatizatuko dira.

Plataforma horrek aukera gehiago eskaintzen ditu eta horiek ezartzea aurrerago aztertuko dute. Esaterako, honakoak kudeatzeko gai da plataforma: hondakinen eta uraren (ur-ihesak) adimendun kudeaketa egitea, soinu- eta atmosfera-kutsadura mapak egitea, ingurumen monitorizazioa edota berdeguneetako ureztatze automatikoa kontrolatzea.

Jatorria
Sakanako Plan Estrategikoaren barruan hiru aukera espazio identifikatu ziren: energia, zahartze aktiboa eta zirkulu-ekonomia. Arlo bakoitzean proiektuak daude eta adimendun ibarrarena energiarenari lotuta dago, energia kontsumoaren faktura murriztea baitu helburu. Eta asmo horrekin,  dagoeneko, Sakanan bide bat egin da: 2015ean energia-diagnosia egin zen eta hurrengo bi urteetan energia kontsumoa murrizteko neurriak eta proiektua izan ziren.

Planaren barruan, berriki, beste aukera espazio bat identifikatu dute: Sakanaren digitalizazioa. Hiru arlotan ari dira lanean. Batetik, administrazioaren digitalizazioa. Sakanako Mankomunitatearen eta  SGA beraren bide-orria lantzen ari dira. Bestetik, industrian eraldaketa digitalerako estrategia garatzen ari dira gaur egun. Nodo 4.0 aholkularitza 20 enpresen diagnosi digitala egiten ari da eta, horretarako, lantegietara bisitak egiten ari da. Horietako 8 aukeratuko dituzte gero azterketa sakonagoa egiteko. Estrategiak, jakina, hurrengo urteetan segida izanen du. Azkenik, digitalizazioa energiaren esparruan txertatu nahi dute ere.
 
1.200.000 euro
Faktura hori pagatzen dute urtero Sakanako 15 udalek argindarragatik eta gasagatik. SGAren ekimenarekin faktura murriztu nahi da.