Hizketan

Elkarlanaren kultura ereiten ari da SPE

Guaixe 2018ko aza. 30a, 09:08

Sakanako Plan Estrategikoaren ibilbide erdiko balorazioa egiteko Sakanako Sozio-ekonomia Batzordearen bileran nabarmendu den ideia da elkarlanaren kultura sustatu duela. Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterolak argibideak eman ditu Beleixe Irratian (FM 107,3). 

Sakanako Sozio-ekonomia Behatokia bildu zen herenegun. Ibarreko hainbat erakundeetako 25 bat ordezkari elkartu ziren. 2014-2020 Sakanako Plan Estrategikoari (SPE) errepasoa eta balorazioa egiteko. Egoki joz gero 2020ra bitartean aldaketak proposatuko dira. Horretarako baita Sakanako Garapen Agentziak herenegun abiatutako prozesua, jardunaldi irekiekin, ibarreko erakundeekin bilerekin eta parlamentuko taldeekin egindako bilerekin osatuko dena, eta otsailean despedituko dena. Hasteko, atzo bakoitzak ikusten zuen aldeko eta kontrako puntuak azaldu zituen.

Iker Manterola
Sakanako Garapen Agentzia

2014-2020 SPEri nola egin zaio jarraipena orain arte?
2016ra arte Nafarroako Gobernuaren diru ekarpenik gabe egin zen bidea. 2016tik aurrera ekarpenak aurreikusitakoa baino murritzagoak izaten ari dira. Ondorioz 2020ra aurreikusitako baldintzetan iristeko zailtasun batzuk egonen dira. Horregatik, erdibidean hausnarketa abian jarri dugu. Orain arte zein emaitza jaso ditugu, zertan asmatu da eta zertan ez eta bide horretan zer hobetu dezakegun.  Behar batzuk badaude, aurreikusitako inbertsioetan Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin segitu behar dugula eta horretan sakondu behar dugula.

2016an Sakanako Garapen Agentziako lantaldea Nafarroako Gobernuaren laguntzaz handitu zen eta horrek bultzada handia eman dio SPEren ezartzeari. Bi urte egin ditugu. Gure ustez emaitzak esanguratsuak dira. Beste bi urte geratzen zaizkigu: bi urte hauetan nola hobetu dezakegu egindako lana? Eraginkortasuna? Kontuan izanda aurreikusitako aurrekontu guztira ez garela iritsiko, edo horra iristeko zailtasunak egonen direla. Esaterako, kanpo zerbitzuetarako 2014-2020 aldirako aurreikusita zegoenaren % 38a jaso dugu. Inbertsioak ez daude hor sartuta. Falta diren bi urte hauetan hori guztia iristea zaila dela uste dugu. Baina iristen diren horiei nola eman ahalik eta eraginkortasun handiena.

Herenegun hasi zineten. Zer moduz?
SGAk aurretik memoria bat egin du, zer lortu den, non hobetu beharko genukeen aztertuz diganosia egin genuen. Konturatu gara beste eragile batzuekin, neurri handi batean, diagnosia partekatzen dugula. Aipatzen diren kontsentsuzko lorpenen artean bat da elkarlanaren kultura berri bat sortzen ari garela. Orain arte SPEn egin diren ekintza guztiak egiteko elkarlanaren modua bultzatu da arlo guztietan. Turismo elkartekoek goraipatzen zuten hori, enpresetakoak berdin, Nafar Lansaretik ere… Eragile eta arlo desberdinetan lan egiteko modu bat egituratu dugu. Hori asko baloratzen zen, lortu diren emaitzen gainetik. Etorkizunean emaitza gehiago eta hobeak izateko oinarri bat ezartzen duelako.

Emaitza zehatzagoak ere badaude, esaterako, proiektu estrategikoetan sortu direnak. Elkarlanean, berrikuntzari eta ikerkuntzari lotutako proiektuak, energia arloan lantzen ari diren eHiera edo Tronbbe adibidez. Eta beste hainbat ere.

Eta zertan hobetu?
Alde batetik, eraginkortasun aldetik, ikusten da SPE finantzatzeko aspektuetan zer hobetu bazegoela. Batez ere urtez urteko eskema batetik jarraipena eta epe luzeko ikuspegia eta lanketa aukerak eskainiko lituzkeen finantziazio bide batera pasatzea. Orain arte urtean urtekoa egiten da. Askotan ekintzak egiteko diru-laguntzak berandu iristen zaizkigu. Gauzak behar bezain egoki egiteko oso tarte txikiarekin gelditzen gara. Horrela, eraginkortasuna hobetu eta SPEk epe luzeko planteamendua duenez, hori aurrera eramateko epe luzeko baliabideak jartzea. Bestetik, inbertsioak bideratzeko finantziazio eskema baten beharra. Bildutakoek orain arteko bidea egokia zela esan zuten, baina non sakondu? Eragileen arteko elkarlanean sakontzea; Utzugane Sakanako garapen gune gisa indartzen eta bertan dauden Sakanako Enpresarien Elkartea, Cederna-Garalur eta SGAren arteko elkarlan eskeman sakontzea. Dagoeneko hainbat akordio ditugu. Bestetik, proiektu estrategikoekin eta ikerketa, garapena eta berrikuntzarekin jarraitzea, enpresekin elkarlanean. Hau da, enpresa elkarlan kultura horretan sakontzea.

Eta aurreikusi ez zenutenik bada?
2014an aurreikusten ez ziren hainbat aspektu landu beharra agertu da, bai. Kontsentsuzkoetako bat da eraldaketa digitalarekin etortzen zaigun iraultzari nola aurre egin. Denen adostasuna zen, modu batera edo bestera, sektore guztietan eraginen duela. Joan den urtean lantzen hasi ginen eta aurten segitu dugu horretan. Eraldaketa digitalari lotutako estrategia duen Nafarroako eskualde bakarra gara eta horren balioa aitortu zen. Nafarroako Gobernua zehazten ari da estrategia hori eta guk, behintzat, oinarriak ditugu. Nafarroako 30 enpresetan zein egoera duten eta zer lan egin beharko lituzketen, diagnosia egiten ari dira. Bada, 10 Sakanakoak dira. Adierazle argia da. Merkataritzaren arloa egin dugun ikerketan landu den aspektuetako bat da. Helburu horrekin Irurtzunen Sakanaren eraldaketa digitalerako gune bat prestatzen ari gara.

Orain zer?
Hau denon arteko gauza bat izanik, ideia eta aukera ugari izan daitezke Sakanan. Horiek plazaratzea eta mahai gainean jartzea beti interesgarria izanen da bertan gauden eragile guztiendako. Horregatik, irakurleak gonbidatu nahi ditut abenduan eginen diren jardunaldi irekietara. Irurtzunen (13an), Etxarri Aranatzen (18an) eta Altsasun (11n) eginen dira. Orain arte lortutako emaitzen gizarteratzea eginen dugu. Zer lortu den eta horren balorazioa egitea eta herritarren gai honen inguruko ideiak eta ekarpenak jasotzea. Edo eskualdean identifikatu diren behar berriak. Horiei batera edo bestera erantzuna emateko. Etorkizuneko Sakana sortzeko denon parte-hartzea beharrezkoa da. Elkarlan esparru honetan gure lanetako bat da iristen diren ekarpen guztiak batera edo bestera bideratzea. Herrian dauden gauzak, kokatzea eta hainbat lanketan txertatzea.