Sakanako kirolari onenek euren sariak jaso zituzten Ihabarren

Guaixe 2018ko abe. 17a, 16:19

Ihabarko herriko etxeak hartu zuen ekitaldia, ostiralean

Ostiral arratsaldean Ihabarko Kontzeju etxea kirolarien topagunea izan zen. Sakanako Mankomunitateak antolatutako 2017/2018 Sakanako Kirol onenen sari ematea bertan izan zen. Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak gidatutako ekitaldian banaka banaka atera ziren kirolariak euren saria jasotzera, gainontzekoen txalo zaparrada artean. Mank-eko presidente David Orozek, Mank-eko kirol batzordeko presidente Alberto Martinezek, Arakilgo Udaleko zinegotzi Mitxel Lapñanak eta Ihabarko Kontzejuko kide Jaione Astizek eman zituzten sariak. Beste behin, Sakanan kirolak osasun bikaina duela agerian gelditu zen. Gerrikagoitiak onartu zuen epaimahaiak aukeraketa egitea “zaila” izan zuela. Aurten Joseba Ezkurdiaren urtea izan da, bi txapela lortu baititu arbizuarrak, baina Sakanako kirolari onenen helburu nagusia oinarrizko kirol eta kirolarien lana aitortzea dela.

Sarituak
18 urte baino gutxiagoetan Unai Villalobos Hernaz irristalari eta txirrindularia eta Olga Garciandia Ijurko ipar eskiatzailea, rollerskilaria eta biatloilaria izendatu zituzten kirolari onenak; 18-35 urte bitartekoetan, aldiz, Ekhi Congil monoziklista eta Izar Parot eta Olaia Eizagirre palistak; eta 35 urtetik gorakoetan Jose Luis Beraza mendi korrikalaria eta Ginesa Lopez Cid korrikalaria.

Taldeei dagokienez, Aralar eta Burunda txirrindularitza klubek jasozuten Sakanako kirol talderik hoberenaren saria. Euskara gehien bulkatu duen kirol taldearen oroigarria Altsasun eta Etxarri Aranatzen yoseikan budoa eskaintzen duen taldeak jaso zuen, eta, bukatzeko, bi aipamen berezi egin zituen Mankomunitateak, bata Imanol Irurtzun Artola arbitroari eta, bestea, Arakilen emakumezkoendako kirol eta kultura ekitaldiak antolatzen dituen Xaniturri emakume taldeari. Ekitaldia bukatzerakoan auzatea eskaini zuen Sakanako Mankomunitateak.

Omendutakoak, pozik
Sakanako kirolari onenek pozik hartu zuten Mankomunitateak egindako errekonozimendua. Gehienek “ez zutela espero” nabarmendu zuten.
“Sorpresarekin hartu nuen izendapena, ez nuen espero. Pozik nago, Gobernuan ere ez dute monoziklismoa kirol bezala onartzen, eta Sakanan kirolari onena izendatzeak ilusio handia eman dit. Aldarrikapen puntu hori egin nahiko nuke. Helburu nagusiena hurrengo urtean Holandan jokatuko den Europako Monoziklismo Txapelketan aritzea da” adierazi zigun Ekhi Congil monoziklistak.

Olga Garciandia Norvegiatik bueltan zetorren eta ipar-eskiatzaileak izendapenarekin kontentu dagoela onartu zuen. “Halako errekonozimendu batek motibatu egiten zaitu. Egiten ditudan lasterketa gehienak ipar-eskikoak dira, ipar-eskia da nire kirol nagusia; biatloian ipar-eskiaz gain tiroa egitea da, eta rollerskia, elurra ez dagoenean ipar-eskia lantzeko modu bat. Espainiako Ipar-eski Kopan postu ona egitea eta ahal badu kanpoan maila ona ematea da aurtengo helburua. Egun, Jakako teknifikazio zentroan nago, gustura, Norvegiatik etorri berri” azaldu zigun etxarriarrak.

Unai Villalobosek ere sorpresaz hartu zuen saria. “Entrenatzetik etorri eta gurasoek esan zidaten: berri bat dugu! Eta izendapenarena esan zidaten. Pozik hartu nuen”. Irristaketan, Garesko maratoian lehendabiziko juniorra izan zen, bere lehendabiziko maratoia izan zenean, eta handia da hori. Bestalde, bere txirrindularitza klubak, Burundak, talde onenaren saria jaso zuen ere. Hortaz, sari bikoitza Villalobosendako. “Bai, sari bikoitza. Oso pozik nago” adierazi zigun. Hurrengo urtean irristaketan eta txirrindularitzan jarraituko du, junior mailako bigarren urtean. “Orain irristaketa denboraldia prestatzen hasi gara, eta beranduago hartuko dut bizikleta”.

Olaia Eizagirre eta Izar Parot ere kontentu zeuden. “Ez genuen espero, egia esan. Ia ahaztua geneukan Euskal Herriko ligako 2. mailako pala txapeldunak garela, baina ongi, poza hartu dugu palan hor ibili garelako urtetan zehar, eta pozik”. Olaia Eizagirre Sakanako Pala Txapelketan murgildua dago egunotan, eta Izarrek denboraldi baterako utzi du pala, ikasketak eta beste direla, zaila baita, askotan guztia ongi uztartzea.

Jose Luis Beraza Uharte Arakilgo mendi korrikalari beteranoa ere oso kontentu zegoen. “Ilusio handia dut, zure etxeko errekonozimendua delako, eta oso pozik hartu dut. Trofeo berezia da hau, ez delako lasterketa bateko podiuma, bertako errekonozimendua baizik” azaldu zuen. Mendiaz disfrutatzen jarraitzea, hori da urte berrirako asmoa. “Eta lasterketetan aritzerik badut, parte hartzea. Lan kontuak direla eta, askotan zaila egiten zait, baina ahal dugunetan aritzen jarraituko dut. Oso eskertua nago” gaineratu zuen. Ginesa Lopez Cidek ezin izan zuen sari-emate ekitaldira gerturatu eta bere senitarteko batek jaso zuen oroigarria.

Burunda Txirrindulari Taldeko Gorka Mintegi ere eskertuta zegoen. Sakanako talderik onena da Burunda, Aralar klubarekin batera. Bi taldeek sekulako denboraldia egin dute. “Oso kontentu gaude sariarengatik. Errekonozimendu bat da gure lanari, eta garaipenez aparte, Euskal Herrian sortzen dugun giroa eta jende mugimendua, hori da garrantzitsuena. Guk 50 txirrindulari ditugu, Aralarrek beste horrenbeste, hemendik hara ibiltzen gara eta oso pozik gaude. Oso polita da bi taldeoi saria ematea. Konpetizioan bakoitzak berea egiten du, baina hortik kanpo oso harreman ona dugu eta oso pozik gaude saria konpartitua delako” azaldu zuen Mintegi. Iritzi berdinekoa zen Aralar Txirrindulari Taldeko Edi Cerviño entrenatzailea. “Lana ongi egiten saiatzea, eta bertakoek lan horri errekonozimendua egitea ona da. Burndakoekin arerioak gara lasterketetan, baina bidelagunak. Biok sekulako denboraldia egin dugu” aipatu zuen teknikariak. Aralar klubak hurrengo denboraldiari ilusio bereziarekin ekingo diola gaineratu zuen. “Babeslea aldatuko dugu: Sakana kooperatiba izango da babesle berria. Bailararen izenarekin eta bailarako txirrindulariekin ariko gara, ea zer moduz doakigun, baina helburua txirrindulariek disfrutatzea eta txirrindularitzako baloreak ikastea da. Gauzak ongi egiten badira iritsiko dira garaipenak, baina hori garrantzi gutxiena duena da” nabarmendu zuen.

Yoseikan budo taldeko Aritz Agirrebengoak ere pozik zegoela aitortu zuen. “Oso pozik gaude sariarekin, eta Sakanako beste kirolari onenekin elkartzea, kristorena da. Guk argi izan dugu kirola sustatzeaz aparte, beste balore batzuk sustatu nahi ditugula, batez ere euskara. Yoseikan budoko klase guztiak euskaraz egiten ditugu eta Euskal Herriko proiektuarekin bat egiten dugu, hau da, Iparraldea eta Hegoaldeko haurrak batu nahi ditugu, guztiok euskararen baitan, hizkuntza amankomunean. Euskara guretzat ezinbestekoa da, gure identitate zeinua izateaz aparte, Iparraldeko eta Hegoaldeko haurrak elkartzerakoan, talka kultural hori ematen denean, ikusten dutelako euskarak batzen dituela” nabarmendu zuen.

Imanol Irurtzun arbitroak kontentu hartu zuen aipamen berezia. “Herrian izanda, hainbeste jenderekin, ez naiz oso urduri jarri eta pozik hartu dut aitortza” adierazi zigun. Ekitaldian argi geratu zen arbitroak kirolariak direla. Orain, 2. B mailara igotzeko azterketak egingo ditu berriro Irurtzunek. “Justu atzo izan nituen lehen azterketak; ongi atera ziren, martxoan beste batzuk izango ditut eta espero dut maiatzean Madrilera joatea, azterketak egitera” aipatu zigun. Bukatzeko, Arakilgo Xaniturri elkarteko emakumeek ere kontentu hartu zuten aipamen berezia. Kirol eta kultur ekitaldiak antolatzeko lan polita egiten du taldeak.