Euskara eskakizuna ezarri diete 3 osasun etxetako 5 funtzionario posturi

Guaixe 2018ko abe. 22a, 09:28
Jendea Irurtzungo osasun etxera sartzen.

Nafarroako Gobernuak lan talde organikoan 55 lanposturen hizkuntza eskakizuna zehaztu du eta, horrela, euskara administrazioan arautzen duen foru dekretua aplikatzen hasi da. Lanpostu elebidun berri gehienak lehendik lan-taldean zeuden, baina gobernuak orain hizkuntza eskakizuna aldatu die. Osasunbidean egin ditu gobernuak aldaketa gehien eta horietako batzuk Sakanan eragina dute. Hala, Etxarri Aranazko eta Altsasuko osasun etxeetan ariko diren mediku banak euskara jakin beharko du. Eta Irurtzungo eta Altsasuko osasun etxeetan ariko diren beste bi erizainek ere elebidunak izan beharko dute. Altsasuko osasun etxeko larrialdi zerbitzuan ariko den mediku baten posturako ere euskara ezagutza eskatuko dute. Bost kasuetan euskarazko B2 jakite-maila eskatzen zaie.

Herritarren % 70 baino gehiago euskara ezagutzen duten herriak biltzen dituen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, behin baino gehiagotan salatu du herrietako osasun etxeetan euskararik ez dakiten medikuak eta pediatrak daudela. Eta bereziki arazoa emakumeen arretarako zentroetan, emaginekin eta ginekologiarekin dagoela nabarmendu du. UEMAk herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko exijitu du.

Horregatik, esaterako, Etxarri Aranazko osasun etxeko zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea aldarrikatuz 592 sinadura jaso ziren 2015ean. Haiek Osasun eta Hezkuntza Departamentuetan, Nafarroako Arartekoan eta Hizkuntza Eskubideen Behatokian aurkeztu zituzten. Francisco Javier Eneriz Olaetxea arartekoak legeak herritarrei medikuekin euskaraz komunikatzeko eskubide hori aitortzen diela ebatzi zuen.

Bitartean, Nafarroako PPk foru administrazioak “isilka eta azpikeriaz” egindako aldaketaren kontra egin du. Ana Beltranek “diskriminazioa” salatu zuen: “gaur egun postu horietan dauden behin-behineko langile elebakarrek lanpostua utzi beharko dute, euskaraz dakitenen mesedetan. Hori guztia estrategia bat da, administrazio publikoa euskaldunekin kolonizatzeko”.