Liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko da Bikoteka tailerrean. Izan ere, album ilustratuak "bereziak" dira, Castillo Suarez idazleak eta Sakanako Mankomunitateko euskara teknikariak azaldu duen bezala. Harkaitz Cano idazlea eta Aitziber Alonso ilustratzaile izanen dira irakasleak. Ilbeltzaren 14an, astelehenean, tailerrean izena emateko epea amaitzen da. Idaztea eta marraztea gustatzen zaion edonori bideratutako tailerra da.
Nafaroako 22 toki-entitatek duela hamar urte Etxepare saria antolatzen dute. Album ilustratuak saritzen ditu Etxepare sariak, eta helburua idazle eta ilustratzaile berriak plazaratzea da. Hortaz, hainbeste urteren ondoren antolatzaileak konturatu dira egile batzuk errepikatzen ari direla, Suarezen esanetan. Gainera, "ilustratzaileek eta idazleek ez dute elkar ezagutzen eta ilustratzaileek egiten dute lan guztia: idatzi eta marraztu".
Baina album ilustratu bat ipuin bati marrazkiak jartzea baino zerbait gehiago bada. Izaera berezia duen liburua da. "Testua eta ilustrazioak osagarriak dira. Marrazkiak esaten duena ez du testuak esaten duena izan behar. Paraleloki doaz bi gauzak". Beraz, album ilustratuak sortzen ikasiko dute Bikoteka tailerrean parte hartzen duten egileek.
"Idaztea eta marraztea gustatzen zaion jendea interesatzen zaigu"; hortaz, tailerrean parte hartzeko ez dira zertan profesionalak izan. Bakarka edo bikoteka parte har daiteke. Bakarka izanez gero, bikote bat bilatuko zaie. Hirugarren urtez eginen dute tailerra, eta Suarezek argitu duenez, aurreko bi urteetako Etxepare sarietan saritutako album ilustratuak Bikoteka tailerretatik ateratakoak dira.
Tailerra otsailaren 28tik otsailaren 1era izanen da, eta 37 orduko trebakuntza praktikoa jasoko dute parte hartzaileek. Ariketa praktikoak eduki teorikoekin tartekatuko dira. Harkaitz Cano eta Aitziber Alonso izanen dira irakasleak, eta, gainera, aurtengo edizioan liburu grafikoak argitaratzen dituen Txalaparta argitaletxeko editore ohia Mikel Soto eta ZTK argitaletxeko Paxkal Indo editorea izanen dira euskal album ilustratuen edizioa nola egiten den bertatik bertara erakusteko.
Ilbeltzaren 14an, astelehenean, amaitzen da izena emateko epea. Parte hartu nahi duten ilustratzaileek haien lana erakusten duten hiru lan bidali behar dituzte. Idazleen kasuan narrazio labur bat, gehienez orri batekoa, bidali behar dute. Bikoteka parte hartzen dutenek haien proiektuaren zirriborro bat bidali beharko dute. Gainera, curriculuma, NANaren kopia, posta elektronikoaren helbidea eta telefono zenbakia bidali behar dute galtzagorri@galtzagorri.eus helbidera. Ilbeltzaren 21ean, astelehena, parte hartzaileek erantzuna jasoko dute.
Tailerra Descalzos kaleko igogailu ondoko udal aretoan eginen da eta asistentzia derrigorrezkoa da. Zortzi bikotek parte hartuko dute, eta parte hartzaileek beka eskatzeko aukera dute. Iruñeko udalak eta Galtzagorri elkarteak antolatu dute tailerra, eta Etxepare saria antolatzen duten entitateen laguntza izan dute.