Ekintzaileek 11 enpresa sortu zituzten 2018an

Guaixe 2019ko urt. 23a, 09:40

Cederna-Garalurreko ekintzailetza sustatzeko zerbitzura 30 ekintzailek jo zuten, 18 emakumezko eta 12 gizonezkok. 13k autonomoetan izena eman zuten eta 11 enpresa sortu zituzten. Susana Mendinuetak Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) azalpenak eman ditu.

Cederna-Garalurrek Arbizuko Utzubar industrialdean dagoen Utzugane garapen gunean du egoitza eta han ekintzaileei laguntzeko zerbitzua eskaintzen du astegunetan 08:00etatik 15:20era eta hitzordua eskatuta, Altsasun astelehenetan. Zerbitzua dohainik da, Nafar Lansarek eta udalek finantzatzen dute.  Proiektua gauzatzen lagundu, diru-laguntzak, eman beharreko pausoak, enpresa bat osatzeak dituen bete beharrak zein diren azaldu… "Nahi duten informazioa". Ekintzailetza sustatzeko zerbitzuarekin harremanetan jartzeko 948 567 010 telefonora hots egin eta sakana.admon@cederna.es e-postara idatzi daiteke.

Susana Mendinuetak, Cederna Garalurreko teknikariak Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) azaldu duenez, haiengana jotzen duten pertsonetako batzuek "ideia oso zehatzak dituzte eta aurrera eramaten dituzte". Argitu duenez, "hemendik pasatzen diren guztiak ez dute zergatik euren proiektua martxan jarri beharrik. Nondik jo, zer egin garbi ez duten pertsonak" ere hartzen dituzte. "Edo ekonomia datuak aztertu nahi dituztenak eta euren datuak ikusten dituztenean proiektua gauzatzen ez dutenak, datuek ez dutelako ematen autonomo gisa pagatu beharrekoa eta beste zergak pagatzeko. Horregatik, gelditzen dira aurrera eraman gabe".

Cederna Garalurreko kideak gaztigatu duenez, "ekintzaile gutxiago pasatzen direla konturatu gara. Krisiarekin jende gehiago pasatzen zen guretik. Azken bi urtetan, nik uste, enpresek lan gehiago eskaintzen dutela eta, horregatik, ekintzaile gutxiago dagoela". Cederna Garalurrek eskaintzen duen zerbitzuan enpresa txikiak sortzen laguntzeko da, hau da, autonomo egin nahi diren pertsonendako, nahiz eta sozietate irregular gisa eratu. "Enpresa handiak beste baliabide batzuk dituzte".

Gehiago
Ekintzaileei zuzendutako trebakuntza saioak ere antolatzen ditu Garalurrek. Horretarako, beti ere, haien premietatik abiatzen dira. "Jendeak ez du ikasi zein bete behar dituzun ogasunarekin, zer papera egin behar diren… Gabezia handiak daude. Martxan jarri behar direnez, saiatzen gara, gutxienez, azaleko ezagutza ematen".

Garalurretik behar duten ekintzaileei arreta eta aholkularitza eskaintzeaz aparte, sentsibilizazio lana egiten dute ikastetxeetan.  Haietara ekintzaile diren pertsonak eramaten dituzte ikasgeletara ikasleei euren lekukotza eman diezaioten. Horrelakoekin "enpresariaren figura gerturatu nahi dugu. Iruditzen zaigu enpresariak direla bakarrik enpresa handiak sortzen dituztenak. Enpresariak dira ere gure ondoan dagoen jende asko: denda martxan jarri dutenak, bere akademia… Gure inguruan enpresari asko daude eta horiei esker hainbat zerbitzu ditugu eskualdean".