Mendi istripuak heriotza, argazkia eta dokumentala ekarri ditu

Guaixe Irratia 2019ko urt. 25a, 11:22

Pumori, mendiaren alaba dokumentalaren emanaldia Etxarri Aranazko kultur etxean, igandean, 18:00etan eta 19:30ean. Irurtzungo kultur etxean asteazkenean, 20:00etan.

Izenburuko mendi istripua 2001eko lastailaren 17an izan zen, Nepalgo Pumori mendian, 6.300 metrora. Izotz-jausi batek azpian hartu zuen euskal mendizaleen espedizio bat. Han hil ziren 22 eta 27 urte artean zituzten Beñat Arrue aizarnarra, Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra, Cesar Nieto iruindarra, Javier Arkauz lakuntzarra eta Aritz Artieda etxarriarra. Aurretik Beñatek egindako argazki batek Nepalerako joan-etorriak ekarri zituen eta, gerora, elkartasun istorio bat.

Iban Gonzalezek hartan dokumental bat ikusi zuen. Esan eta egin. Lanak espedizioan hil ziren bost  mendizaleak omendu eta Suku Mayaren historioa kontatzen du. Espedizio hartan hil zen etxarriarraren arreba Idoia Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) izan da dokumentalaz hizketan.

Zer ekartzen dizute gogora Alex Txikonen hitz hauek: istripua izan zenetik Pumorira ez da euskaldunik igo?
Duela 18 urte gertatutako zerbaitek nolako soka luzea ekarri duen. Harrituta geratzen naiz. Mendi istripua izan zen. Mendi istripu asko izan dira. Egia da mendi istripu oso handia izan zela bat-batean bost lagun hiltzea. Gauza larria izan zen. Hortik zerbait polita etorri da. Laguntzen duen zerbait, elkartasun handikoa. Suku gaur egun Euskal Herrian sendatzen ari da. Sendatzeko dago bere Euskal Herriko aitarekin eta amarekin. Eta familia guztiarekin.

Harrituta geratzen gara horrek jendearengan nolako interesa sortu duen. Jakin-mina, puntu horretaraino nola heldu garen. Istripuaren berri, nik esango nuke, Euskal Herriko adin batetik gorako jende gehienak daukala. Agian gaztetxoek ez dakite zer gertatu zen urte hartan Himalayako mendi hartan. Agian, orain badaukate horren berri.

Txikonek dio 2001 urtea euskal mendizaletasunean pasarte beltzenetako bat izan zela.
Horregatik, kopuru handiarengatik.

Adinagatik, agian.
Mendizaleak, oro har, normalean gazteak. Badaude mendizale helduagoak ere. Badaude Himalayan gora eta behera mendirik altuenetan ibiltzen diren pertsona heldu-helduak, Carlos Soria, esaterako, 79 urterekin hor ibiltzen da zortzi milakoetan.

2001 urtea. 18 urte pasa behar izan dira ekoiztetxe bat, Txikon zuengana, familiengana iristeko eta dokumental bati indartsu aurre egiteko?
Badauka zentzua 18 urte behar izate horrek. Zentzua zera da: Suku gero eta gaixoago zegoen. Orain sendatze prozesuan dago. Duela urte eta erdi inguru etorri zen hona, sendatzen jarraitzera. Horrek sortu du jakin-mina, ikusmina, harridura, maitasuna.

Zein da Suku?
Istripua izan zenean gorpuak ezin izan genituen berreskuratu. Baina gure familiakoen hainbat objektu berreskuratu ahal izan genituen, tartean argazki-karretak. Noski, argazkiak errebelatu genituen, ikusi genituen. Haietako batean Aizarnako Beñaten argazki bat zegoen: zutik, bi makila eskuetan, eta bere oinetan 3 urte inguruko neskatxo txikitxo bat. Argazki guztien arteko beste bat.

Istripua izan eta urtebete geroago, hainbat senide lekua ezagutzera joan ginen: Beñaten gurasoak, Aizarnazabalgo Iñakiren neska-laguna, ni joan nintzen eta, gurekin, Benantxio Irureta, espedizioan zegoen besteetako bat zen. Pumoriko oinarrizko kanpamentura heltzeaz aparte, Beñaten gurasoek, Arantxa Gurrutxagak eta Pello Arruek, neska hura aurkitu nahi izan zuten. Galdetuz, pixkanaka-pixkanaka. Benantxiori esker, gutxi gorabehera non galdetu, zein herritan, bazekiten. Lortu zuten neska aurkitzea.

Harrez geroz, Arantxak eta Pellok, ez dakit, hiruzpalau urtero, hara joan dira, Nepalera, Pumori ingurura. Horrela ezagutu dute Sukuren prozesua: nola joan den hazten, baina gaixotzen ere. Heldu zen momentu bat, duela bi urte inguru, non joan ziren eta Suku oso gaixo zegoen. Sukuren gurasoen baimenarekin erabaki zuten gaztetxoa hona ekartzea. Horrek sortu du jakin-mina.

Gu bitan joan gara, behin Iñaki Otxoa de Oltzarekin.

Mendiak uzten duen beste istorio eder bat.
Bai. Mendiak gauza txarrak eta gauza onak dauzka, eta gauza onak asko, gainera.

Bi emanaldi Etxarrin eta beste bat Irurtzunen. Zer gertatu da?
Dokumentala egin duen ekoiztetxeak galdetu zigun ea Etxarri Aranatzen eman nahi genuen. Eta baietz. Etxarrira ekarri genuen eta emanaldi bakarra aurreikusi zen. Harrera ikaragarria izan zen, eta bigarren emanaldia eginen dugu. Bai Etxarriko bai Irurtzungo sarrerako dirua Iñaki Otxoa de Oltza-SOS Himalaya fundazioarendako izanen da.

Pena Txikon hemen ez dagoela.
Beste lan batzuetan dago eta ea ongi ateratzen zaion dena, igo ala ez igo. Betikoa.

Pumori, mendiaren alaba izenburua du dokumentalak.
Pumorik nepalieraz hori esan nahi du, mendiaren alaba. Eta mendiaren alaba da ere Suku. Izena ere lotuta dago.

Zer ikustera joanen da jendea?
Guk ez dugu filma ikusi. Iban zuzendariak lehengoan esan zigunez, bere ustez oso dokumental hunkigarria da; gogorra, goxoa, paisaia ederrekoa; kontakizun autentikoduna; gordina, baina sentsibilitateduna; tristea eta itxaropentsua. Eta gero esan zigun: negar handiak egin ditut prozesuan. Eta senideok, momentu hartan, irribarretxoa egin genuen.

Idoia eta Onditz ahizpak ari zarete Etxarrikoa antolatzen. Gurasoak nola daude?
Isil. Ez diote gauza handirik. Harrerarekin harrituta.

Joateko asmorik?
Bai, familia joanen gara. Ilobak ere bai. Ilobekin oso harrituta gaude, zer inplikatuta dauden. Nola ari diren prozesua bizitzen. Nahiz eta Aritz osaba ez ezagutu, baina osabaz oso harro daude.