Argia aldizkariak bere urteroko sariak banatu zituen ostiralean. Sustapen saria Altsasuko Gurasoak taldeak jaso zuen, “herritik sortutako elkartasun eta justizia aldarria jende ugarirengana zabaltzeagatik”. Haien izenean Bel Pozuetak eta Antxon Ramirez de Aldak jaso zuten. Aldamenean izan zituzten Altsasukoak Aske herri plataformako Izaskun Etxeberriak eta Aritz Leoz. Pozuetak esan zuenez, “guretako ohore handia da, Argiarendako hain berezia den urteurrenarekin batera, sari hau jasotzea”. Eta gaineratu zuenez, “argia eredutzat dugu, besteak beste, errealitatea aurkezteko moduari dagokionez: trabarik gabe eta jarrera kritikoz. Iruditzen zaigu Altsasuko auziarekin daramagun borrokan, kazetaritzaren kode deontologikoa betetzen duen eta kritikoa den komunikabide batek ekarpen handia egin dezakeela gizartearen demokratizazioan”. Altsasukoak Aske plataforman ari direnen lana ere aitortu zuten.
Sari banaketan adierazi bezala, Argia saria herriarekin partekatu zuten. Ostiraleko kontzentrazioa talde argazkia egiteko aukera baliatu zuten. Atzera ere, altsasuarrei eskerrak eman zizkieten “behin eta berriz erakutsi duen duintasunagatik”.
Argiaren saria jaso zuen beste bat Pello Urzelai arbizuarra izan zen, Maite Asensiorekin batera jaso ere. Berria egunkariak indarkeria matxistaren biktimen mapa abian jarri zuen azaroan eta horri aitortza egin dio Argiak. Mapa horretan datu zehatzagoak daudenetik, 2003tik aurrera, indarkeria matxistak hil dituen emakumezkoen (98) eta haurren (11) berri ematen da.