Sakana eskualdea izanen da

Guaixe 2019ko ots. 1a, 08:47
Sakanako ikuspegia Ergako tontorretik.

Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Legea onartu zuen atzo parlamentuak eta herrialdean sortuko diren 12 eskualdeetako bat izanen da Sakana.

Foru gobernuari eusten dion laukoaren aldeko eta oposizioaren kontrako botoekin, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Legea onartu zen atzo. Lege berriak Nafarroako lurraldea berrantolatzea planteatzen du, tokiko administrazioaren antolaketa berria. Horretarako, egungo mankomunitate sektorialak, administrazio zerbitzuen batasunak eta udalez gaindiko beste entitate batzuk integratuko dituen 12 eskualderen sorrera ekarriko du. Horietako bat Sakana da.

Legea, hainbat gobernuren aspaldiko asmoa, “gehiegizko diren udalez gaindiko entitateen ugaltzearekin bukatu nahi du, kasu batzuetan ez baitira eraginkorrak”. Legeak finantzaketa eredu berria ezartzen du, eskumenen banaketa argiagoa. Legea onartzeak ekarriko du Toki Administrazioa arautzen duten lege nagusiak aldatzea, Nafarroako toki entitateetan eginen diren aldaketa sakonen oinarri izanen da. Hortik aurrera, lurralde-egitura berria behin betiko zehaztuko duten arau-aldaketak etorriko dira.

Sakana
Sakanako Mankomunitateko presidente David Orozek esan digunez, legea onartu arte zain egon dira eta, beraz, ez dakite noiz abiaraziko duten ibarra eskualde bihurtzeko tramitazioa. Bere iritzi pertsonala eman digu: “baliteke eskaera egitea, hasteko. Baina susmoa dut heldu den legegintzaldirako utziko dugula”. Legeak ezartzen duenez, toki entitateek hamabi hilabeteko epea izanen dute eskualde baten sorrera-prozesua abiatu ahal izateko. Udalak ados daudela, behin bidea hasita, eskualde bakoitzerako Foru Lege propio bat onartu beharko dela gaineratu du. Udalek ezezkoa emanen balute, hurrengo udal hauteskundeak izan arte ezinen litzateke eskualdea sortzeko prozesua berriz abiarazi.

Sortzea aurreikusi diren gainontzeko eskualdeekin alderatuta Sakanak bidea egina du. Hala esan diote Orozi beste toki erakundeetako ordezkariek. Izan ere, ibarreko udalek euren hainbat eskumen  Sakanako Mankomunitatearen esku utziak dituzte dagoeneko: euskara, kirola, hondakinak jaso eta biltzea, kulturartekotasuna, garapen agentzia eta ur hornidura. Legeak atea zabaldu dio eskumen gehiago bateratzeko. Legegintzaldi honetan zenbait udalek haur eskolen beharrari erantzuteko lege horren zain zeuden.

Onartutako lege berriak aurreikusten du eskualdeen ardura izatera pasako direla gizarte zerbitzuak. Halako hiru mankomunitate ditugu Sakanan eta denek bat egin beharko dute. Kontua da Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak ez duela soilik Arakil aldea hartzen, Larraun ere. Beraz, kasu horretan, lege berriak ezarritako prozedurei jarraituz, eskualdeen artean eskumenak banatzeaz aparte langileen egoera ere zehaztu beharko da.

Eskumenak
Atzo onartutako legeak eskualdeei honako eskumenak aitortzen dizkie: udalez gaindiko gizarte zerbitzuak; uraren goi hornidurarako sareak udalez gaindiko eskalan; hondakinen tratamendua udalez gaindiko eskalan; lurraldearen antolamendua eta hirigintza (oinarrizko legeriak udalerriendako erreserbatutako eskumenak eta Foru Administrazioari dagozkionak ezertan galarazi gabe); eta idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako administrazio zerbitzuak kontzejuetan, eskumenen kudeaketa partekatzeko araubiderik ez dagoenean, eta 1.500 edo 3.000 biztanletik beherako udalerrietan, hurrenez hurren.

Berezko eskumenez aparte, eskualdeak ur edangarriaren behe hornidurako zerbitzuak emanen ditu, hondakin uren ebakuazio eta tratamendukoak, eta hiri hondakin solidoen bilketa eta kudeaketakoak. Salbuespena: eskumenaren titular diren udalerriek bertan behera uztea kasuan kasuko mankomunitateari eginiko eskuordetzea. Lege sektorialek propio aitortutako eskumenak ere kudeatzeko aukera izanen dute eskualdeek. Gainera, eskualdeko udalei eta kontzejuei, bereziki ahalmen urriagoa dutenei laguntza eta sustengua emateko aukera izanen dute. Udalek utzita eskualdeak bestelako eskumenak bere gain hartzeko aukera izanen dute ere. Legeak eskualde batean azpieskualdeak sortzeko aukera ematen du.

Eskualdeen betebeharra da laguntza ematea administrazio elektronikoa ezartzeko eta mantentzeko, eta, bereziki, beren toki entitateen (udalak eta kontzejuak) gardentasun-atariak sortu eta kudeatzeko. Bestetik, toki entitateek berreskuratu egin behar dute immatrikulatutako ondarea. Ia soilik Eliza Katolikoak immatrikulatu du.

Antolaketa
Eskualdea bigarren mailako toki entitatea da, udalen oinarrizko lehen mailaren menpekoa. Eskualdeko batzarra, lehendakaria eta gobernu batzordea izanen dira. Batzarreko kide kopurua eskualdez eskualde ezarriko da, eskualde bakoitza sortzeko foru legean. Betiere, kide horiek izendatzeko sistema mistoa izanen da, udalek ordezkari batzuk izendatuko baitituzte eta beste batzuk, berriz, eskualdean alderdiek, koalizioek, federazioek eta hautesle-elkarteek eskuratutako boto kopuruaren proportzioan izendatuko baitira. Batzarreko kide izateko izendatutako guztiek zinegotziak izan beharko dute. Hala ere, legea ez du baztertzen batzarreko kideak izendatzeko beste sistema bat erabiltzea, baldin dagokion eskualdeko udal gehienek hala eskatzen badute.

Langileak
Egungo mankomunitateetako eta udalez gaindiko entitateetako langile guztiak eskualdeetan sartuko dira. Sozietate publikoak mantentzea ere aurreikusten da, eta bermatu egiten da egungo azpiegitura sareek gaur egun zerbitzu hori ematen duten mankomunitateen ordez eratu beharreko eskualdeen titulartasunekoak izaten jarraituko dutela.

Legea indarrean jartzen denetik hasita, hiru hilabeteko epean, eskualdeak sortzeko prozesuetan ukitutako toki entitate guztiek lanpostuen zentsua prestatzeari ekin beharko diote. Bakoitzak zentsuan jasoko du bere eskualdeak plantilla organikoa zehaztu eta onesterakoan zer lanpostu ezarriko dituen, eta lan hori egiteko, sortu eta 12 hilabeteko epea izanen du eskualdeak.

Eskualdeak, bere plantilla organikoa onesten duenetik hasita urtebeteko epean, lan publikoaren eskaintza eginen du, hutsik dauden lanpostuak betetzeko. Eskualde bakoitzeko lehenengo bi deialdiak oposizio-lehiaketaren bidez eginen dira, eta bete behar diren lanpostuetan 20 urtez edo gehiagoz zerbitzuan aritu diren langileek lehiaketa fasean gehieneko puntuazioa lortzea bermatuko da (guztizko puntuazioaren % 30).

Eskualdeen sorrerak eragiten dien langileek ordezkariak izanen dituzte Eskualdeko Batzorde Teknikoan: kasuan kasuko eskualdeko toki entitateetan ordezkaritza duten sindikatuek izendatutako lau ordezkari, eta, lau baino gehiago badira, pisu handieneko lauek izendatutakoak.

Eskualdeak idazkari eta kontu-hartzaile lanpostu propioak izan beharko ditu. Oro har, legearen bidez Toki Administrazioko enplegu publikoari egonkortasuna eman nahi zaio; alabaina, behin-behinekotasuna gutxitzeko neurri zehatzak erreformaren geroagoko faseetan zehaztuko dira, baita idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuei dagokienez ere.

Hala ere, idazkari eta kontu-hartzaile lanpostu askori eragiten dien bitarteko egoera iraunkorra behin betiko konpontzeko, ezartzen da udalak bere idazkari lanpostua izan beharko duela 1.500 biztanle baino gehiagoko herrietan (ez 2.000 biztanle baino gehiagokoetan), eta oposizio-lehiaketa izanen dela sistema bakarra idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuetarako gaikuntza lortzeko.

Eskualdeak eratzen ez diren bitartean, 1.500 biztanle baino gutxiagoko toki entitateetan nahitaezkoak diren idazkaritzako edo/eta kontu-hartzailetzako eginkizun publikoak ematen jarraituko dute eginkizun horietan orain arte aritu direnek. Eskualdeak eratutakoan, lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidez beteko dira.

Legea indarrean jartzen denetik hasita hiru hilabeteko epean, administrazio araubideko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eginen da, toki entitateetako idazkaritzako eginkizunetan jarduteko. Foru Komunitatearen gaikuntza duten toki funtzionarioak automatikoki sartuko dira zerrenda horretan, eta lehen postuan kokatuko dira.

Kontzejuak
Legeak kontzeju irekia eratzeko aukera ematen du 50 biztanle baino gehiago dituztenetan, baldin eta borondatez hala eratzea erabakitzen badute. Era berean, batzar bidez funtzionatzen ahalko dute kontzeju irekiko araubidean jarduten dutenek, kideen erabateko gehiengoak hala erabakitzen badu. Batzar bidez funtzionatzen duten kontzejuen kasuan, batzarreko bokalen kopurua handitzea ezartzen da, 6 izan daitezen populazioa 1.000 biztanle baino gehiagokoa denean.

Berariaz aurreikusten da kontzejuko buruaren kontrako zentsura mozioa aurkezteko aukera ere, eta, halaber, entitate horri auzolana edo komunitatearen onurarako lana antolatzeko ahalmena aitortzen zaio, toki ogasunen gaineko araudian aurreikusita dagoen bezala.

Kontzejuak dituzten udaletan, kontzejuen interesei zuzenean eragiten dieten gaietan, gai horiei dagozkien erabakiak hartzeko prozesuan eta kudeaketaren segimenduan parte hartzeko eskubidea bermatzen zaie, eta, horretarako, kontzejuen parte-hartzerako kontsulta organo espezifiko bat sortzen da.

Horrekin batera, kontzejuaren eta udalaren arteko harremanetarako sistema bat ezartzen da, eskumenak batera erabiltzea ahalbidetuko duena, eskatzen diren gutxieneko zereginak kontzejuak modu autonomoan betetzerik ez duenean bere baliabide materialekin eta langileekin. Horrela kontzejuen iraupena ziurtatuko da, eta, aldi berean, biztanleei ematen zaien zerbitzua hobetuko.

Eta kontzejuak desaertzeko arrazoiei dagokienez, kendu egiten da biztanle kopuruarena, eta arrazoien artean sartzen da, berriz, bi hauteskundetan jarraian hautagai-zerrendarik ez aurkeztea.


Finantzaketa eredu berria
Nahikotasun finantzarioaren, aurrekontu-jasangarritasunaren eta toki-autonomiaren printzipioekin bat egin nahi du eredu berriak. Horretarako, 2019ko abendua baino lehen Nafarroako Gobernuak finantzaketa proposamena igorriko dio Parlamentuari, gaur egun Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasotzen diren diru-laguntza finalisten ordez finantzaketa moduluak pixkanaka ezartzeko. Proposamen horretan toki entitateek ematen dituzten zerbitzuak finantzatzeko diru-laguntzak ere sartuko dira, haien legeria sektorialarekin bat.

Helburua da toki entitateen eskumenei eta betebeharrei aurre egiteko moduko askitasun ekonomikoa bermatzen duen finantzabidea lortzea, lurralde orekaren eta kohesioaren printzipioa ikusgai jarriko duena eta udalerrien arteko elkartasunari balioa emanen diona. Udalerriek finantzaketa eta baliabideak amankomunean jarri beharko dituzte, herritarrei ematen dizkieten zerbitzuen hobekuntza gerta dadin.

Toki entitateek tributu sarreretan parte hartu behar dutenez, foru legeak Toki Ogasunen Funtsaren zuzkidura ezartzen du Nafarroako Ogasunaren tributu sarreren portzentaje finko eta egonkor batean oinarrituta. Parte-hartzearen portzentajearen zenbateko zehatza aurrerago ezarriko da beste arau batean, hura kalkulatzeko behar diren azterketak egin ondoren. Lan horrek ekarriko du, halaber, zenbait eskumen zedarritu eta argitzea, gaur egun foru esparruan eta toki esparruan gainezkatuta baitaude.

Ildo horretatik, toki entitateen heldutasuna aintzat harturik, nabarmen gutxitzen da Nafarroako Gobernuak Toki Ogasunen Funtsean zerbitzu finalistak finantzatzekoa den partearen kudeaketan eta bideraketan daukan esku-hartzea.

Era berean, eskualde mailako katastro-balorazioko ponentziak egiteko aukera ezartzen da, eta xedatzen da balorazio-ponentziak eguneratzearen betebeharra urratu izanaren ponderazioa kontuan hartua izan dadila (Toki Ogasunen Funtsaren banaketan).

Orobat, portzentaje-tarte berri bat ezartzen da, % 0,25etik % 0,50era bitartekoa, bai lurraren kontribuzioaren zerga-tasa zehazteko bai bizilagunik gabeko etxebizitzen gaineko zergaren lehen urtea finkatzeko; eta horrek dakar abenduaren 29ko 20/2005 Foru Legearen xedapen iragankor bakarra aldatu beharra.

Lurraren gaineko kontribuzioaren tasa Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 21/1995 Foru Legearen 139. artikuluan ezarritako gutxienekotik behera duten udalerriek bost urteko epea izanen dute tasa igotzeko, aipatutako tarte horretan kokatu arte.

Foru legeak indarra hartzen duenetik hasita, Nafarroako Gobernuak sei hilabeteko epea izanen du Nafarroako hiri hondakinen tratamendurako egungo partzuergoaren ordezko ente publikoa sortzeko.


Erlazionatuak