AHTren kontrako mezua Bruselara eraman dute

Guaixe Irratia 2019ko ots. 6a, 14:19

Europako Parlamentuko agintariekin informazio eta aldarrikapenak elkartrukatuko dituzte.

Araba eta Nafarroan proiektatu dituzten Abiadura Handiko Tren (AHT) egitasmo berrien aurkako plataforma herritarren ordezkaritza bat Bruselan dago, Sakanako tren sozialaren aldeko taldeko kideak barne. Gaur eta bihar egonen dira Europako hiriburu politikoan. Donemiliagako alkate eta AHTren kontrako Arabako Lautadako plataformako kide David Lopez De Arbina Ruiz De Eginok Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) gogorarazi duenez, “duela urte erdi Europako Kontu Batzordeak txostena argitaratu zuen AHT xahuketa eta neurriz kanpokoa zela esanez”.

Lopez de Arbinak zehaztu duenez, Europako Garraio komisarioarekin eta kontu hartze batzordearekin elkartuko dira. “Garraio publikoa gustatzen zaigula esanen diegu. Egungo trena modernizatzea eskatzen dugu. Horrela, trena herrietan eta industrialdeetan geldituz, nahiko berrituko litzateke garraioa. Ez dugu faraoien moduko obratzarrik nahi, dirua xahutu eta gure lurraldea suntsituko duena”.

Bruselan den ordezkaritzan Euskal Herriko Unibertsitateko bi irakasle daude: David Hoyos eta Gorka Bueno. AHTren Euskal Y-koaren proiektua aztertu zuten eta ondorioztatu zuten AHT ez zela errentagarria eta ingurumenean kalteak sortzen zituela. Bi irakasleek euren ikuspuntua emanen dute Bruselan.



Agenda
Gaur, 11:00etan, GUE/NGL (Confederal Group of the European United Left/Nordic Green Left) euro-parlamentari taldearekin egin dute lehen hartu-emana. Horren ondoren, 14:30ean, Europako Batzordeak harrera egingo die.



Bihar, berriz, Euskal Herria Bilduko Josu Juaristi eta Elkarrekin Podemoseko Xabier Benito europarlamentariekin prentsa agerraldi bateratu bat antolatu dute. 10:30ean Europako Parlamentuan bertan izanen da. Arratsaldean, azkenik, aldebiko bilerak aurreikusita dituzte hainbat euro-parlamentariorekin, esaterako: Ines Ayala eta Eider Gardiazabal (PSOE), Josep Maria Terricabras (Europako Aliantza Askea), Florent Marcellesi (Berdeak) eta Ana Miranda (BNG).