Europako Parlamentura Abiadura Handiko Trenak (AHT) sortzen dituen kalteak erakutsi eta haren alternatiba tren soziala dela azaltzeko, Bruselan dira bigarren egunez hainbat ekintzaile: Arabako Lautadako, Gasteizko eta Haranetako AHTren kontrako plataformekin batera Sakanako taldeko kideak ere joan dira. Eta haiekin batera Asparrenako eta Donemiliagako alkateak, Txelo Auzmendi eta David Lopez de Arbina eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) David Hoyos eta Gorka Bueno irakasleak.
Europako Parlamentuko GUE-NGL ezkerreko taldeekin izan zuten aurreneko bilera eta Hego Euskal Herrian dauden AHT egitasmoen berri eman zieten. Plataformen izenean Iñigo Lezak hartu zuen hitza eta esan zuen “legalizatutako ustelkeria” dagoela: “Europako Kontu Auzitegiak adierazi duenez, Europar Batasuneko 14 trenbideetatik 9 ez dira errentagarriak“. Eta, gaineratu zuenez, AHTren obretan prekarietatearen ondorioz hildako langileak izan zituen gogoan: gutxienez 10 langile hil dira Euskal Y-koa eraikitzen. “Atzerritarrak dira asko, prekarizatutako lanpostuetan”, salatu zuen Lezak. Tren azkar horiek mugiarazteko haiek elikatuko lituzketen zentral termikoak eta elektrikoak ere hizpide izan zituen: “Euskal Herrian ez da Europako gainontzeko herrietan bezala gertatzen, zentral horiek mendietan egon ohi dira. Kalteek gora egingo lukete AHTa martxan jartzen bada”.
Ondoren EHUko irakasleek hartu zuten hitza. Abiadura Handiko Tren Ereduaren Diziplina Arteko Azterketako egileetako bat da Hoyos eta berak esan zuenez, “ikuspegi sozial, ekologiko eta ekonomiko batetik AHTk ez du interes orokorrik”. Eta Espainiako eta Nafarroako Gobernuek Eusko Jaurlaritzak ikertzaileei datuak lortzeko jarritako zailtasunak salatu zituen.
Buenok arratsaldean egindako agerraldian gauza bera leporatu zien gobernuei: “gardentasuna beharrezkoa da. Ezin diguzue esan ADIF-en datuak konfidentzialak direnik”. Salatu zuenez, “aurkezten diren alternatibei ez zaie tokirik egiten” eta, irakaslearen esanetan, horiek kabida izan dezakete AHT-ren aurkako plataformek planteatzen duten tren sozialaren baitan.
Galde-erantzunak
Europako Garraio Batzordean izan ziren arratsaldean. Goizeko bileran aletutako argudio berberak eman zituzten plataformetako ordezkariek batzordekideen aurrean. Hiru administrazioek batera aurrera eraman nahi dituzten proiektuen “kalteak” azaldu zituzten. EHU-ko irakasleek Garraio Batzordeari egindako galdera-erantzunen saioa izan zen. Eta plataformetako kideek azaldu dutenez, “bilkuran zehar, erantzunik gabe geratu dira behin baino gehiagotan komisioko kideak”. Kasu batzuetan “guk ez dugu eskumenik Espainiako Gobernuaren irregulartasunak salatzeko” erantzuna jaso zuten, tentsio puntuak izan zuten galdetegietan. Batzordekideek jakinarazi zietenez, “AHT eraikitzeko diru-laguntzak murriztuko dizkio Europak Espainiari” eta horretarako arrazoia “obretako atzerapenak” dira. Batzordekideek azaldu zutenez, “teorian, Euskal Y-an soilik bidaiariak joango dira”, merkantzien garraioa baztertuz.
Europako Kontu Auzitegiak AHT-ren eta abiadura handiko trenen inguruan argitaratutako txostenak trenbide berriak egin beharrean egungo korridoreak hobetzea lehenesten du. Horretaz galdetuta, Europako Garraio Batzordeko kideek erantzun zuten: “ez dugu zuek bezala ulertu”. Erantzunik gabe gelditu zen Hoyosen galderetako bat honakoa izan zen: “Abiadura handiak tren-sistema salbatuko du edo kontrakoa izango da?”
Segida
Arabatik eta Sakanatik joandakoek gaur Euskal Herria Bilduko Josu Juaristi eta Elkarrekin Podemoseko Xabier Benito europarlamentariekin prentsa agerraldi bateratu bat antolatu dute. 10:30ean Europako Parlamentuan bertan izanen da. Arratsaldean, azkenik, aldebiko bilerak aurreikusita dituzte hainbat euro-parlamentariorekin, esaterako: Ines Ayala eta Eider Gardiazabal (PSOE), Josep Maria Terricabras (Europako Aliantza Askea), Florent Marcellesi (Berdeak) eta Ana Miranda (BNG).
Mobilizazio egutegia
Otsailaren 16an, larunbata, kontzentrazioa Tafallan.
Martxoaren 30ean, larunbata, manifestazioa Altsasun.
Maiatzaren 18an, larunbata, manifestazioa Gasteizen.