"Jendeak Stock-ak egitea eskatzen digu"

Beleixe irratia eta Guaixe 2019ko ots. 22a, 08:36

Stock Azoka eginen dute Sakanako Dendari eta Ostalarien elkarteko kideek asteburuan, Altsasun. Ainhoa Alvarez Diez de Arkaia elkarteko kideak komertzioen azoka erraldoia baino zerbait gehiago badela azaldu du

1. Bihar hasiko da Stock Azoka, dena prest?
Dena prest. Gure kasuan betaurrekoak eramango ditugu eta dena kutxetan prest dugu asteburu honetan izango da-eta.

2. Sakana mailako komertzioek antolatzen duzuen hirugarren Stock Azoka izango da.
Hirugarren urtez Sakanako dendari eta ostalari bezala, bai. Lehen Altsasuko dendariek bakarrik egiten genuen, baina orain dela hiru urte Sakanako dendariak eta ostalariak elkartu ginen.

3. Zenbat komertziok osatzen duzue elkartea?
Orain 54 komertzio gara eta orain egiten dugu denak batera. Sakanako dendari eta ostalari guztiek parte hartzen dugu, edo, bueno, nahi duenak.

4. Urteroko balorazioa positiboa delako, ez?
Arrakastatsuak izaten dira. Niretako bosgarren urtea izango da. Eta oso-oso gustura egoten naiz. Jendeak eskatzen du eta komertzioak kalera ateratzeko modu bat da. Bai gu bai jendea gustura dagoela uste dut.

5. Nola erabakitzen duzue nor egon?
Nahi duenak. Egia da komertzio asko garela, 54, eta tabernariak daude ere. Orduan, komertzio motaren arabera ez da erraza stock azoka batean parte hartzea edo taberna baterako ere ez da erraza.  Dena dela, stock-a egiteko batzuk elkartzen gara, baina gero beste gauza batzuetan beste batzuek parte hartzen dute.

6. Urtean zehar egitasmo gehiago dituzue prest.
Udaberrian egin ohi dugu, azarokotea, pintxopotea... Orduan, bakoitzak aukeratzen du eta egin dezake nahi duena eta hobe datorkiona.

7. Stock azokak produktu zaharrak erakusteko balio du edo berria ere egongo da?
Stock Azoka bezala mantentzen dugu. Bi urte hauetan saldu ez dena atera egiten dugu. Baina, adibidez, nik denda txikia dudanez, gauza berriak eramaten ditut Stock-era prezio onean edo deskontu batekin.

8. Komertzio batzuek bere lana nola egiten duten erakusten dute?
Bai. Badugu ile-apaindegi bat, altzariak eta horiek bai erakusketa egiten dutela. Dena ez da Stock izango. Gauza berriak egongo dira, erakusketak... Dendak kalera ateratzeko modu bat da. Dendaren arabera gauza bat edo bestea egiten du. Arropa dendek, agian, stock gehiago egiten dute, baina denetarik dago: liburu-dendak, ile-apaindegiak, altzeri dendak, optika, zapata-dendak...

9. Stock-ean egunerokoan jendearekiko sortzen den harreman estuagoa edota gerturagokoa sortzen da?
Oso sentsazio polita da. Denak elkartzen gara, komertzio guztiak batera gaude, eta gure artean ere tratu handiagoa egiten dugu. Jendearen kasuan betaurreko batzuk erosten ditu, gero zapata batzuk, kamiseta bat eta arkatz bat. Orduan, gertu dauka guztia. Egia da jende gehiena ezaguna dela, baina gertutasun handia ematen dugu. Oso egun politak izaten dira. Bai guretako, bai jendearendako.

10. Nolakoa da Sakanako komertzioaren osasuna?
Gauzak ez dira errazak. Konpetentzia handia daukagu, merkatal gune handi hauekin ere bai, baina nire ustez krisi handiagoak izan ditugu. Aurreko urteko balorazioa oso positiboa izan zen. Baina honi aurre egin behar diogu. Herri txikietan dendak ixten dira. Hala ere, Sakanako jendea Sakanan gelditzen da eta horrek aukera handia ematen digu eta positiboa da. Beraz, balorazioak egin behar ditugu zer gauza falta diren eta zer gauzetan hobetzea daukagun jakiteko.

11. Jendea Stock-era joateko animatzen duzu.
Denei animatzen diet. Denetarik egongo da. Asteburua egongo gara eta Altsasutik bueltatxo bat ematera animatzen dut jendea. Larunbatean, bihar, 10:00etatik 21:00etara eta etzi, igandean, 11:00etatik 15:00etara egongo gara. Giro polita egongo da.