Emakumeen Nazioarteko Egunerako deitutako greba feministak zaintza lanak erdigunean jarri zituen. Horretan ari diren Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko langileek eguna deialdia baliatu zuten klinikaren “egoera larria” ezagutarazteko. Erietxeko langileek ezin izan zuten grebarik egin: “gutxieneko zerbitzuak jartzeko gaudenak baino langile gehiago egon beharko genuke. Goizeko kalejira iristean 15 minutuko geldialdia egitea erabaki dugu”. Enpresa Batzordeko kide Esther Gasanzen azalpenak dira. “Guretako polita izan da momentu hori”.
Berak argitu digu bizi duten egoera: “beti eskasa izan den ekonomia hitzarmen batekin biziraun du klinikak. Hainbat erakunderen ekarpenengatik eutsi izan diogu”. Batzordeko kide Eneritz Katarainek gaineratu duenez, “Nafarroako Gobernuak 250.000 euro eman zizkigula zabaldu zenean min handia egin zigun. Jende gehienak uste du diru hori klinikara iritsi dela. Eta ez da egia. Eta jendearen eta entitateen diru emateetan jaitsiera handia izan zen, min egin digu”. Gobernuak 2017ko aurrekontuetan onartu eta eman zuen, baina dirua ez da klinikara iritsi. Hainbatetan aldarrikatu du klinikak dagokiona, baina foru administrazioaren interbentzio atalean geldiarazi da beti dirua.
Hitzarmena berritu gabe
Nafarroako Gobernuak Josefina Arregi klinikarekin zuen ekonomia-hitzarmen berria abenduan sinatuta egon beharko luke. Haren luzapena dago gaur egun indarrean. Gasanzek esan digunez, “heldu ez den hitzarmen berri baten zain gaude, ez dakigu noiz iritsiko den. Edo iritsiko den”. Horregatik guztiagatik, langileei “klinikaren etorkizuna zein izanen den ez jakiteagatik ziurgabetasuna eta kezka sortzen dizkigu”. Jendeari babesa eskatu dio.
Langileak egoerarekin kezkatuta daude. “Gutxieneko soldatak ditugu eta 10 urte daramatzagu soldata izoztuta”. Pertsonalki “gaizki” daudela aitortu digute. “Eta hala eta guztiz ere klinikaren ekonomia egoera ez da ona. Lanean zenbaki gorriak atzetik ditugu. Ditugun baliabide material eskasekin eta gure ahaleginarekin, gaixoen ongizatearengatik lana aurrera ateratzen dugu”. Katarainek gogorarazi du dementzien gobernuan eta tratamenduan klinika erreferentzia dela Nafarroan eta estatuan. “Itxaron zerrenda handia dugu, beraz klinika ezinbesteko zerbitzua denaren adierazlea da. Aurrera egiteko borrokatu beharra dago”. Horregatik, Gasanzek gobernuari hausnarketa eskatu dio.