Beste leku batean bizitzen ikasten

Beleixe irratia eta Guaixe 2019ko mar. 15a, 11:26

Sakanako zazpi gazte Mauleko eta Donibane Garaziko ikastetxeetan ikasten ari dira ikasturte honetan. Frantsesa hobetzera joan dira, baina askoz gauza gehiago ikasten ari dira. Beleixe irratian (FM 107,3 eta guaixe.eus) esperientziaren berri eman dute

Akitaniako kultura ezagutu eta frantsesa ikasi. Helburu horrekin Sakanako zazpi gazte Mauleko eta Donibane Garaziko ikastetxeetan ikasten ari dira ikasturte honetan. Frantsesa irakasgaia ikasten zuten Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan eta, horregatik, Nafarroako Gobernuko Ikasturtea Frantzian programan parte hartzeko aukera izan dute. Zazpi gazteek ikasturte honetan bizitzen ari diren esperientziaz hitz egin dute Beleixe irratian (FM 107,3 eta guaixe.eus).

2013-2014 ikasturtean jarri zuen martxan Nafarroako Gobernuak Akitaniako ikastetxe batean frantsesean murgiltzeko ikasturteko programa. DBHko 1go, 2. eta 3. mailako ikasleek parte har dezakete. Hortaz, ikasleak Akitaniako ikastetxe batean ikasiko dute eta bertako internatu batean biziko dira astelehenetik ostiralera. Bertako kultura eta frantsesa ikastea dira, besteak beste, programaren helburuak.

Nafarroa osoko 250 ikasle inguruk egin zuten 2018-2019 ikasturtean Akitanian ikasteko eskaera, eta 90 plaza zeuden. Sakanako zazpi ikasleek lortu zuten leku bat: Achraf Sbai 14 urteko etxarriarra, Markel Arakama 15 urteko altsasuarra, Jon Mintegi 14 urteko etxarriarra, Aiman Souri 14 urteko etxarriarra, Oihane Sayas 14 urteko altsasuarra, Leire Sayas 15 urteko altsasuarra eta Maddi San Sebastian 14 urteko lakuntzarra astelehenetik ostiralera Maulen bizi dira, Markel izan ezik, Donibane Garazin baitago. Ikasturte honetan bizitzen ari direnari buruz hitz egin dute Beleixe irratian (FM 107,3 eta guaixe.eus).



Markel 7 urterekin hasi zen frantsesa ikasten. Bere osaba frantsesa da eta hizkuntza ikastera animatu zuen, Markelek berak azaltzen duen bezala. Esperientziak, beraz, senideekin frantsesez hitz egiteko aukera eman dio. Iparralden ikasten ari diren beste sakandarrak, aldiz, institutuan hasi ziren frantsesa ikasten. DBH 1go mailan hasi ziren, eta aurreko ikasturtean, 2. maila egiten ari zirenean programan parte hartzeko aukera sortu zitzaien. “Irakasleek animatu gintuzten”.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuak sustatutako programa da, eta parte hartzeko baldintzak kurrikulum ofizialean frantsesean matrikulatuta, irakasgaian aurreko ikasturteko 7 baino gehiago izatea eta ikasturteko bataz besteko notan ere 7 bat baino gehiago izatea dira. Lehenengo Hezkuntako 6. mailan, eta 1go eta 2. mailan daudenek egin dezakete eskaera hurrengo ikasturtean joateko. Izan ere, Frantziako hezkuntza sistemaren arabera bigarren hezkuntza bi etapatan banatzen da eta lehenengoa 15 urterekin amaitzen da, hau da, hemengo DBH 3. mailaren baliokidea dena.

Ikasturtea hasi bezain laster hasi ziren zazpi sakandarrak Mauleko College Sant François-en eta Donibane Garaziko College Mayorgan. Astelehenetan goizean goiz autobusa hartzen dute Iruñean eta ostiral arratsaldera arte han pasatzen dute astea. Barnetegi batean bizi dira, eta asteburuak etxean pasatzen dituzte. Barnetegian “Nafarroako jendea dago, gehienbat”, gazteek adierazi duten bezala.



Hasiera guztiak bezala, lehenengo egunak zailak izan ziren. Gainera, anekdotarekin hasi zuten ikasturtea sakandarrek: “lehenengo egunean berandu iritsi ginen eskolara eta denak guri begira gelditu ziren. Ez genekien frantsesa eta dena desberdina iruditu zitzaigun”. Izan ere, nahiz eta frantsesa ikasten ari eta “hitz batzuk gaztelaniaren antzekoak diren”, hango frantsesa “desberdina” dela esan dute gazteek. “Askoz azkarrago hitz egiten dute”. Hortaz, “hasieran” esperientzia gogorra izan zela aitortu dute.

Sei astez klasera doaz eta gero bi festa dute. Hori da Frantziako hezkuntza sistema hemengoarekin alderatuta beste desberdintasunetako bat. Hala ere, kontran, “beranduago bukatzen” dutela esan dute gazteek. Ekain bukaerara arte egon beharko dira Maulen eta Donibane Garazin ikasten.

Frantsesaren ulermena garatzeko ikaskuntza esperientziak aurrera eramatea da Hezkuntza Departamentuak garatzen duen programaren helburua. Beraz, ikasleek dagokien ikasmailako ikasketak egiten dituzte, bertan, eta frantsesez. Irakasgaiak “antzekoak” direla esan dute programan parte hartzen duten sakandarrek, baina fisika irakasgaiarekin, esaterako, lehenago hasten direla: “guk urte bat generaman fisikarekin, eta haiek sei urte”.

Gazteek esaten dutenaren arabera, programaren helburuak betetzen ari dira. Izan ere, guztiek frantses asko ikasten ari direla diote. Gainera, lagun berriak egin dituztela ere nabarmentzen dute. Hitz egiteko erraztasuna hobetu dutela aipatzen dute. Kultura eta gastronomia berria ezagutzeko aukera izan dutela ere aipatu dute gazteak, baita “beste leku batean bizitzen” ere.

Kultura ezberdinera egokitu behar izan dira. Aldaketa nabarmenenak ordutegietan eta gastronomian daude. Gazteek azaldu dutenez, ordutegiekin “hilabete batean moldatzen” ziren, aldiz, janariarekin arazo gehiago izan dituzte: “hemengoarekin alderatuta desberdina da, txarragoa”.

Maule eta Donibane Garazi Euskal Herriko iparraldea izan arren, euskal giro gutxi nabaritu dute ikasle sakandarrek. Klasean ez dute euskara entzun, “nik uste ez dakitela”, eta kalean kartelen bat topatu dute Maulen. Donibane Garazin, Markelek azaldu duenez, lagunen artean euskara gehiago entzuten da.

Frantsesean murgiltzeko ikasturteko programa 2013-2014 ikasturtean jarri zuen martxan Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailak. Lehenengo urte horretan 57 plaza izan ziren eta 118 ikaslek eman zuten izena. Aurtengo ikasturterako 245 ikaslek eman zuten izena 90 plazatarako. Hortaz, urtetik urtera ikasle gehiago daude Frantziako estatuko ikastetxeetan ikasteko prest. Izan ere, “esperientzia polita, dibertigarria eta ezberdina” dela esan dute Sakanako gazteek, eta programan parte hartzera animatzen dituzte ikaskideak. Gobernuak eskaintzen duen programatik kanpo ere “norberaren kabuz” joateko aukera ere dagoela azaldu dute.