Lazkozen seigarren finala

Guaixe 2019ko mar. 22a, 12:03

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalistak. XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA

Bihar jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala Anaitasuna kiroldegian. Joxema Leitza arbizuarra txapel jartzailea izanen da

Tutera, Urdazubi, Irurita, Lizarra, Atarrabia, Etxarri Aranatz, Lesaka eta, azkenik, iritsi da Nafarroako Bertsolari Txapelketa Nafarroako erdigunera, Iruñera. Bihar izanen da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 44. edizioaren finala Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan.

30 bertsolarik eman zuten izena 2019ko Txapelketan. Aurre-kanporaketak jokatu ondoren, 24 pasa ziren final-laurdenekoetara. Finalaurrekoetan 18 bertsolari aritu ziren, eta, azkenik, zortzi bertsolariek osatu dute finaleko parte hartzaileen taula, Eneko Lazkoz buru dela. Etxarriarrarekin Xabier Terreros lesakarra, Joanes Illarregi leitzarra, Eneko Fernandez lesakarra, Julio Soto gorritiarra, Xabat Illarregi lesakarra, Julen Zelaieta beratarra eta Xabi Maia elizondoarra ariko dira.

Eneko Lazkozen seigarren finala izanen da; beraz, 2010tik finalista izan da txapelketak guztietan. Gainera, 2017ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan buruz burukoa Julio Sotorekin jokatu zuen eta txapeldunorde izan zen. Hortaz, duela bi urte lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen, BECen. Lazkoz 14 urterekin hasi zen Etxarri Aranazko bertso eskolan eta 2004an parte hartu zuen lehen aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Atarrabiako finalaurrekoa irabazi zuen eta zuzenean finalerako txartela lortu zuen. Aurtengo txapelketan puntu gehien bildu duen bertsolaria da, 399 puntu.

Lazkoz ez da finalean egonen den sakandar bakarra. Izan ere, Nafarroako Bertsozale Elkarteak txapel jartzailea Joxema Leitza izatea erabaki du. Elkartearen hitzetan, bertsoaren ekosistema osatzen duten ofizio eta egiteko asko daude eta Leitzak horiek guztiak bete ditu: bertsolari, gai-jartzaile, epaile eta bertso eskoletako irakaslea izan zen. 1995ean Nafarroako Bertsozale Elkarteko eragile eta irakasle izan zen eta ainbat Nafarroako Bertsolari Txapelketetan parte hartu izan du.

Euskal filologian lizentziatua da Leitza, eta euskalgintzan betidanik jardun du. Besteak beste, Bierrik elkartean edota Oinarriak bilgunean. Horregatik guztiagatik Nafarroako Bertsozale Elkarteak lan eskerga aitortu eta eskertu nahi izan dio 44. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren txapeldunari txapel jartzailea izendatuz.

Finala
Gaur, ostirala, arraltsaldera arte bertsosarrerak.eus atariaren bidez sarrerak eskuratu ahalko dira oraindik. Bestela, Etxarri Aranazko Xapatero tabernan ere erosteko aukera izanen da. Bihar, aldiz, Anaitasuna kiroldegiko leihatilan erosi ahalko dira.

Bertsozale Elkartetik hainbat ohar jakinarazi dituzte. Ateakk 15:30ean irekiko dituzte, eta taberna 17:00ak arte irekita egonen da. Ondoren, bertsoaldiak amaitu arte ez mugitzeko eskaera egin dute, bertsolariek mugimendu guztiak ikusten dituztelako.

Gai-jartzaileak

  • Alaitz Rekondo Ferrero 

  • Fernando Anbustegi Goñi


Epaileak

  • Amaia Telletxea Larretxea
  • 
Arkaitz Goikoetxea Arriola 
 
  • Jon Abril Olaetxea 

  • Joseba Beltza Bengoetxea 

  • Mikel Beaumont Arizaleta 

  • Nerea Bruño Artazkoz
  • Saioa Mitxelena Irazoki

Finalean egin beharreko lanak
Lehen atala

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian 

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian 

  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian 

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian 

  • Banaka, gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian 


Buruz burukoa

  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte 

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean 

  • Kartzelako lana 

  • Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Erlazionatuak

"Edozein pertsona izan daiteke bertsolari"

Erkuden Ruiz Barroso 2019 mar 22 Arbizu