Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Planaren bidez Urritzola, Etxarren eta Ekai arteko espazioa aukera eremua, industrialdea, izendatu zuen. Arakilgo alkate Patxi Uharte Garrok azaldu digunez, etorkizunean guztira 300.000 metro karratuko industrialde bat sortuko da eremu horretan. Izendapen horren ondoren Nasuvinsa enpresa publikoak pausoak ematen hasi da eta lur horien jabe zen Arcelor Mittal enpresari eremuaren zati bat erosi dio, 170.000 metro karratu. Garrok azaldu digunez, “50.000 edo 60.000 m2 Harivenasa enpresarendako izanen dira, beste zati bat industrialderako sarbideak egiteko eta gainontzekoa egin gabe utziko dute. Badirudi eskaera dagoen heinean garatuko dutela industrialdea”. Beraz, etorkizunean enpresa gehiago hartuko ditu.
Arakilgo alkateak esan digunez, industrialdeko lanak garagartzaroan edo garilean hasiko dira eta urtebete iraunen dute. “2020ko garagartzarorako Harivenasa lanean egon nahi du”. Uhartek azaldu digunez, industrialdea Urritzola eta Etxarrendik gertuago dago. Hara sartzeko sarbidea autobiaren eta Ekai artean eginen den borobil berri batetik izanen da. “Ekaitik baino autobiatik gertuago egonen da sarbidea, eta autobiari paralelo izanen da”. Uhartek argitu duenez, “etxarrendarrek lehen lehenik sarbideak egitea nahi dute, obretako kamioi trafikoa herri erditik ez pasatzeko”.
Ekairako bidean borobil berria eginen dute, industrialderako sarbidea izanen dena.
Esan bezala 170.000 m2-ko industrialde guztia momentuz ez da eginen, zati bat dagoen bezala geldituko da. Eta hura erabiltzeko eskaerak daude. Uhartek esan digunez, Harivenasako nagusiek lur sail hori olo aleak erein eta probatzeko erabili nahi lituzkete. Baina Arakilgo abeltzainek ere haiek erabili nahi dituzte, Europako Nekazaritza Politika Bateratuko laguntzengatik eta ongarria zabaltzeko aukera ere. Alkateak argitu digunez, horretaz hizketatzen ari dira orain.