Harivenasa enpresak lantegia jartzeko Etxarrenen 113.000 metro karratuko azalera eskuratu du. Nasuvinsa enpresa publikoko Jose Mari Aierdi eta Harivenasako ordezkari Alberto Loizartek eta Javier Berazaluzek sinatu dute hitzarmena, Ekonomia Garapenerako lehendakariorde Manu Aierdi buru zela.
Oloaren beste labore batzuk sortu eta haien eratorriak ekoizten ditu enpresak, ereitetik merkaturatu arteko prozesua kontrolatuz. Harivenasa Rural Kutxaren enpresa taldekoa da. Gaur egun lantegia Noain eta Getze artean du eta, zuzenean edo zeharka, 50 lanpostu ditu. Etxarrengo lantegi berriarekin beste 50 bat lanpostu sortuko ditu.
Elkarlana
Foru administrazioak jakinarazi duenez, Nasuvinsak Harivenasa industria lurraren bilaketan lagundu du. “Azkenik, Arakilgo Udalarekin elkarlan estuan, Etxarrenen kokatzeko aukera posible egin da, Sakanan lanpostuak sortzeko aukera emanen duena. Enpresak Sakanan kokatzeko eskaerak handitzen ari dira”. Nasuvinsak abenduan eskuratu zuen Harivenasak kokatzeko partzela. Erosketarako eta lehen urbanizazio lanetarako 1,5 milioi euro bideratu ditu enpresa publikoak.
Nafarroako Gobernutik gogorarazi dutenez, Ekonomia Garapenerako Departamentuak industria sustapenerako elkarte publikoaren bidez Sakanan egiten duen bigarren jarduera da. Aurrekoa Inasa zena industrialde bihurtzea izan da. 2016tik 7 milioi euro inbertitu ditu bertan eta han zazpi enpresa kokatu dira oraingoz, 240 langile ari dira lanean eta 140 milioi euroko fakturazioa dute urtean.