Sakanako Garapen Agentziako (SGA) eta Sakanako Mankomunitateko lehendakari David Orozek eta Cederna-Garalurreko presidente Maite Iturrek akordioa sinatu dute. Bi erakundeen arteko elkarlana 2014tik errealitatea da. Orain arte egindako “ lanaren balorazio positiboa” egin dute Iturrek eta Orozek. Aitortu dutenez, Sakanako Plan Estrategikoaren berrazterketa prozesuan, gobernantza gomendioen artean dago Utzugane, Sakanako Garapen Zentroan dauden eragileen arteko integrazio lanarekin segitzea. “Hobetzeko aukera dago koordinazioan eta proiektuen eta ekimenen garapena elkarlanean egiteko”. Sinatzaileek testu inguru horretan kokatu dute akordioa.
Elkarlan akordioan erakunde bakoitzak Sakanako eskualdean eskaintzen dituen zerbitzu espezializatuak zehazten dira eta proiektuak elkarlanean garatzeko protokoloa zehaztu da. Akordioak bi helburu nagusi ditu, batetik, SGAren eta Garalurren arteko elkarlana arinagoa eta eraginkorragoa izatea. Eta, bestetik, Sakanako beharren araberako proiektu berriak gauzatzea. Horietako proiektu batzuk dagoeneko lantzen ari dira eta aurreratu dutenez, “laister komertzioaren inguruko ekimen baten berri” emanen dute.
Utzugane
Arbizuko Utzubar industrialdean dagoen Utzugane, Sakanako Garapen Zentroa hiru erakunderen egoitza da gaur egun: SGA, Cederna-Garalur eta Sakanako Enpresarien Elkartea (SEE). Hiru ekonomia eragileak elkarlanean aritzen dira. Orain SGAk eta Garalurrek sinatutako akordioaren parekoa sinatu zuten SGAk eta SEEk 2016ko garilaren 22an, “zerbitzu hobea eskaintzeko, antolakuntza hobetzeko”. Duela ia bi urteko akordio hark hiru arlo hartu zituen: prestakuntza, enpresen lehiakortasuna eta erakunde publikoen eta enpresa ehunaren arteko elkarlana hobetzea eta sinergiak sortzea.