Autopista Elektrikorik Ez! plataformak hirugarren proiektuaren inposizioa salatu du

Guaixe 2019ko mar. 23a, 10:28
Urritzola ondoan argindar dorrea dago.

Maiatzeko parte-hartze proiektua “toxikazioa” izan zela salatu du, linea beraren beharra auzitan jartzen ez zelako. Toki erakundeak “babes gabe” daudela gaineratu du plataformak.

Castejon, Muru Artederreta eta Itsaso arteko goi tentsioko linea egiteko egitasmoari berrekin dio Red Electrica Españolak (REE) eta Gipuzkoa eta Nafarroa lotzeko 400 kilovoltioko (kV) argindar linea egiteko hasierako dokumentua prest du. Sakanatik barna pasako da egitasmoa. REEk lau alternatiba prestatu ditu. Horietako bitan aurreikusten da Sakana zeharkatzen duten 220 kV-eko lineetako bat kentzea, beste batek aurreikusitakoa egitea eta, azkenak, linea bakoitzaren zatiak birpotenziatzea eta zatiak desmuntatzea.

Autopista Elektrikorik Ez! plataformako (AEE) kide diren hainbat udaletako ordezkariak, sakandarrak barne, prentsaurrekoan gogorarazi zutenez, “ardatz horretarako REEk egindako hirugarren proiektua da, herri oposizioak atzera bota ondoren”. Plataformako bozeramaile Alberto Friasek gaztigatu zuenez, “prozesua hiru elementuk bereizten dute: toxikazioa, inposizioa eta defentsa gabezia”.

Joan den urteko maiatzean REEk egindako parte-hartze prozesua eta haren ondorioak “herriak erabateko babesgabetasunean uzten dituen inposizio hutsa justifikatzeko  toxikazioa dira”. AEEko ordezkariak azaldu zuenez, parte hartze prozesuak “benetako eztabaida hutsaldu egiten zuen ardatzaren premia ez baitzen parte hartze prozesuan jasotzen, soilik haren ibilbidea”. Friasek jakinarazi zuenez, Irurtzunen, Tafallan eta Garesen herritarrek parte hartzeko bilerak egin zituen REEk. Haietara plataformako kideak joan ziren eta hitza hartzean esan zuten ez zutela parte hartuko, “linea eta dagoeneko erabakia duten ibilbidea justifikatzeko muntaia” zelako. Hiru herrietan hala gertatu zen, zeinetan plataformako kideak “edukiz hustutako propaganda kanpaina hutsa” salatu zuten. Ondoren, Altsasun, Beasainen eta Lekunberrin aurreikusiak zeuden  bilerak REEk ez zituen egin. “Bost pertsonako parte hartzea izan zen”.  

AEEtik uste dute herriak “babes gabe” daudela: “benetako eztabaidarako eta kontrasterako biderik ez izatean”. Horri aurre egiteko plataformatik “erantzun sendo eta bateratua emateko” deialdia egin du. Argindar lineako dokumentua udaletara iristean hainbat hautetsik sinatutako adierazpena aurkezten hasiko direla aurreratu zuten. Egitasmoa hartzen duten 220 udalek eta kontzejuk hura atzera botatzearen aldeko mozioak onartu dituzte eta 15.000 pertsonak alegazioak aurkeztu zituzten.

Erlazionatuak