Txistuaren musikaren erritmoan

Guaixe 2019ko mar. 26a, 13:17
Burundar Txistulariak taldea entseguan.

Rhythm and music for txistu kontzertua eginen du Burundar Txistulariak taldeak martxoaren 30ean, larunbatean, 19:30ean, Iortia kultur gunean

Txistua euskal musikaren instrumentu ospetsuenetarikoa eta garrantzitsuenetarikoa da. Festa eta erromeria guztietan presente dago. Hala ere, txistuarekin edozein musika jo daiteke. Eta hori da, hain zuzen ere, Burundar Txistulariak taldeak erakutsi nahi duena. Martxoaren 30ean Rhythm and music for txistu kontzertua eginen du Iortia kultur gunean, 19:30ean. Denetarik joko dutela esan du Juan Pablo Urizar txistulariak.

Txistulariek jazz pieza batzuk, berpizkundeko piezak, euskal dantzen doinuak, Lorenzo Ondarraren Aitziber pieza... denetarik joko dute Rhythm and music for txistu ikuskizunean. "Duela 15 urte agian bai izan zen zerbait berria. Baina orain arazo handirik ez da txisturako musika moldatzea". Oscar Sanchez txistularien taldeko kidea da eta hainbat abestien moldaketa egin du. Beste batzuk Durangoko talde batek egindakoak dira, Urizarrek azaldu duenez. Gainera, moldaketa batzuk berriak dira eta kontzertuan mustuko dituzte. Esaterako, Aurrera Altsasu abestiaren moldaketa egin dute.

Erromeriak baino gehiago
Kontzertuaren helburua, nolabait, txistua "gizarteratzea" da, hau da, "txistua ez dela bakarrik erromeriendako, musika asko egin daiteke txistuarekin" eta kontzertuen bidez erakutsi nahi dute. Iaz Etxarri Aranazko abesbatzarekin batera kontzertua eskaini zuten, eta, aurten, hainbat lagun izanen dituzte ere. Izan ere, txistulariekin batera gitarra joleak, piano joleak, metalak, abeslariak eta beste hainbat musikari eta dantzari ariko dira. "Zerbait animatua eta dinamikoa eginen dugu".

Txistulariak eta lagunak
Burudar Txistulariak taldea 16 edo 18 txistularik osatzen dute Urizarren arabera. Haiei "beste 16 edo 18" txistulari gehituko zaie hainbat abestietan. "Txistu klaseak ematen ditut Urdiainen eta Iturmendin, eta ikasleak kontzertuan parte hartzera gonbidatu ditugu". Kontzertuan parte hartzearekin Urizarrek ikasleak "ilusionatzea" nahi du, baita kontzertu bat egitea zer den eta "urduri jartzea" ere.

Erritmoa izanen da oinarria kontzertuan. Sanchezek azaldu duenez Rhythm and music izenburua aukeratu dute I got Rhythm I got music abestiaren base harmonikoan oinarritu direlako abestiak sortzeko. Gainera, Urizarrek gaineratu duenez, ikuskizun "entretenigarria" izanen da. "Hori da beti gure helburua. Entzuleak dibertitzea eta denbora pasa on bat izatea". Hortaz, txistuaren beste aldea ezagutzeko gonbitea luzatu du. "Kontzertua izan ondoren beti dator jendea esanez oso polita izan dela baina ezin izan zuela joan. Etorri eta zuzenean ikusi!".

Erlazionatuak

Erritmoa eta txistua

Guaixe 2019 mar 20 Altsasu   Burunda