Notre Dameko sutea bertatik bertara

Guaixe 2019ko api. 17a, 18:50
Jendea Notre Dame katedralari begira atzo.

Altsasu institutuko DBHko 4. mailako ikasleak eta hiru irakasle Parisen ikas-bidaian izan dira. Notre Dame bisitatzeko asmoa zuten baina asteleheneko suteak ez zien aukerarik eman.

Astelehen arratsaldeaz geroztik Paris albiste iturri izan da Notre Dame katedralean izandako suteagatik. Altsasu institutuko DBHko 4. mailako ikasleak eta hiru irakasle Parisen ikas-bidaian zeudela gertatu zen sutea. Eurodisneytik bueltatzear Parisera zihoazela sare sozialen bidez sutearen berri jaso zuten. Eta autobusetik Paris gaineko ke beltza ikusteko aukera izan zuten. Eurek atzo zuten katedrala bisitatzeko asmoa.  

Jon Hernan irakasleak azaldu zigunez, ikasleek kezkaz hartu zuten sutearen albistea, bisita galdu zutelako eta halako historia eta artea duen monumentuaren etorkizunarekin kezkatuta. Tifaout Ballouk ikasleak esan digunez, “pena handia izan da, atzo joan behar ginelako. Hainbat ikaslek ikusi nahi zuten. Ilusio handia geneukan, baina ezin izan da”. Berriz berreraikiko duten esperantza azaldu zuen. Eraikina zegoen irlara ere ezin izan zuten sartu. Biek esan zigutenez, atzo eguerdian Polizia eta suhiltzaile ugari zeuden inguruan. Jakin-minak erakarritako jende pila zegoen katedrala ikusten eta argazkiak ateratzen.

Altsasu institutuko ostiral iluntzean abiatu ziren ikas-bidea eta gaur bueltatuko dira. Lau egunetan Parisen barnako bisita gidatua autobusean, Eiffel dorrea, Louvre museoa, latindar auzoa, Senan barnako bidaia eta Eurodisney ezagutu dituzte. Hura prestatzen hiru hilabete eman dituzte ikasleek. Hura finantzatzeko kamxetak egin eta zozketa baterako txartelak saldu zituzten, besteak beste. Ballouk esan digunez, “ez genuen uste hain ongi pasako genuenik”.