Sakandarretik duen mikrobus elektrikoa

Guaixe 2019ko api. 20a, 10:41

Permagsa enpresako langileak motorrekin lanean.

Permagsa enpresa altsasuarra Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta beste bi enpresekin prototipoa garatzen ari dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Smart Cities Institutuaren (ISC) bidez, Integralia, Ingeteam eta Permagsa enpresa nafarrekin partzuergoa osatu du. Helburua mikrobus elektriko eta autonomo bat garatzea da, konexioa eta 150 kilometroko autonomia dituena. Boletus izeneko Ikerketa eta Garapen proiektu estrategikoak Nafarroako Gobernuaren 1,46 milioi euroko finantzazioa du.

Ramos Industrialen zati bat da Permagsa enpresa eta gerentea Asier Leitza arbizuarra da. Enpresaren berri eman digu berak: “Ramos enpresa bi bazkidek sortu zuten duela 55 urte. Motorrak bobinatzen hasi ziren. Gaur egun Ramosek 100 langile inguru ditu, horietatik 30 ingeniariak dira eta automatizazio, robotika, ingeniaritza, mantentze, instalakuntza eta hornidura arloak lantzen ditu. Eta enpresaren sorrerako jarduna mantentzen da, motorren bobinatzea”.  

Beraz, motorrak bobinatzeko gaitasuna eta gainerako arloak teknologikoki oso aurreratuta zeudenez, Ramosen bi jakintza arloak uztartzea eta imanak dauzkaten motor sinkronikoak ekoiztea hastea erabaki zuten. Permagsa enpresa 2004an sortu zen. “Motor horiek abantaila handiak dauzkate betiko motor asinkronoen aldean: tamaina berean indar gehiago eta askoz eraginkortasun handiagoa dituzte, esate baterako. Bereizgarri horiengatik, gero eta aplikazio gehiago dituzte motor sinkronikoek. Halako motorrak dituzte ibilgailu elektrikoen % 90”. Permagsak batez ere igogailuetarako motorrak egiten ditu. “Baina ibilgailu elektrikoen, sortzaileen, serbomotorren alorrean ere lanean ari gara”.

Motor sinkronikoak egiten dituen Nafarroako enpresa bakarra da Permagsa. Hura garatzeko Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) laguntza handia izan dute, “teknologikoki nahikoa aurreratua delako. NUPeko irakasleekin egon ginen. Esaterako, Etxarri Aranazko Luis Mari Marroyo Palomok hasieran lagundu zigun. 2004tik badakite motor horiek egiten ditugula. Ordutik, NUPekin hainbat Ikerketa eta Garapen proiektu egin ditugu elkarlanean. Unibertsitateak gai jakin batean aditua den irakaslea gu laguntzen jartzen dute. Beraz, gobernuak eta unibertsitateak ezagutzen gaituzte eta gure gaitasunen berri badute”.  Beste ikerkuntza zentroekin ere elkarlanean aritu dira Cener (Energia Berriztagarrien Nazio Zentroa) eta Naitec (automozioaren eta mekatronikaren garapenerako ikerketa zentroa).


Egitasmoan parte hartzen duten enpresetako ordezkariak. Ezkerretik laugarrena da Asier Leitza.

Mikrobus elektrikoa
Permagsak bezala Integraliak (Mercedes Sprinter motako furgonetak barrutik aldatu eta mikrobus bihurtzen ditu) eta Ingeteamek (kargadoreak) aurretik gobernuarekin eta NUPekin harremana dute. Unibertsitateak proposatu zien bat egitea eta mikrobus elektrikoak egitea. “Lehenik eta behin pentsatu zen motorrak oso eraginkorra izan behar zuela. Eta hor guk parte hartzen dugu. Gero pentsatu genuen linea bukaeretan edo geltokietan mikrobusa kargatzeko aukerak egon zitezkeela eta Ingeteamek aztertu zituen”. Leitzak argitu digunez, “kargadoreak ere oso garrantzitsuak dira, bateriekin nahikoa zaila da lineako autobus bati erabateko autonomia ematea, kasu honetan mikrobus bati”. Iruñerriko Artikako lineari erreparatu zioten. “Goizean ibili eta tarteka 15 minutuko karga azkarrak egiteko aukera zeukan, eusteko”.

Mikrobusa modu autonomoan gidatzeko zatiaren ardura NUPen esku gelditu zen. “Oso konplikatua da. Maila desberdinak daude, eta ez da erabat autonomoa izanen. Baina aurrerapauso handiak eman dira”. Leitzak azaldu digunez, autonomiak bost maila baditu, gorenean ibilgailuak ez du ezta bolanterik ere. Maila horretara ez ginela iritsiko suposatzen zen. Hainbat radar jarri zaizkio. Horiek bideberriko arrastoak eta zutikako seinaleak detektatzen dituzte. Baina gidariak mikrobusean joan beharra du. Hari laguntzak ematen zaizkio”.   

Mikrobus elektrikoa sortzeko proiektua 2017an hasi zen eta aurten despedituko da. Leitzak jakinarazi digunez, “prototipoa egina daukagu eta orain probak egitea gelditzen da”. Proiektuak aurrera ateratzeko bat egiteaz galdetuta Leitzak azaldu digunez, “gaur egun oso zaila suertatzen da enpresa bakar batendako denetarik jakitea. Beraz, Nafarroako Gobernuak nahi duena da alor desberdineko enpresak elkartzea eta indarrak batzea”.

Gehiago
Sakanako beste hiru enpresekin sortutako beste partzuergo batean lanean ari da Permagsa gaur egun, e-Hiera proiektuan. Uraren bidez argindarra sortzen duen lerro-turbina bat garatzen dabiltza. “Proiektu horretan hainbat gauza egiten dira. Guk motor sinkronikoak erabiliz energia sortzaile bat egin dugu. Proiektua bukatzeko dago. Horretan lanean ari gara”. Duela bi urte eman zieten proiektua egiteko laguntza eta aurten bukatu behar dute. “Prototipoak eginak dauzkagu. Orain testatzen ari gara, gero produktua ateratzeko”.

Eskutan proiektu asko dituztela gaineratu du Leitzak: “asko ibilgailu elektrikoekin zerikusia duten proiektuak dira”. Tartean dago ibilgailu elektrikoen motorrak optimizatzeko egitasmoa. “Badirudi etorkizunean asko erabiliko ditugula ibilgailu horiek”.