Zuhaitzak zutituko dituzte

Guaixe 2019ko api. 30a, 18:19

Bakaikuarrak maiatza jasotzen goiztiarrenak izanen dira.

Bihar maiatzak jasoko dituzte etxarriarrek, bakaikuarrek, iturmendiarrek eta ziordiarrek.

Duela bi aste bargara begiratuta oraindik haitzen urdina eta pagoen nabarra zen nagusi. Nahiz eta azken horien artean berde izpiren bat ikusten zen duela 15 egun. Bi astetan Sakanak eskaintzen duen ikuskizunetako bat bizi izan dugu, hostoa ateratzea. Indarrean datorren hosto berriak egunero kolore desberdin bizi bat hartu du. Eta esaerak dioen moduan, maiatzerako hostoa haitz gainean egonen da. Hori izanen da azienda mendira igotzeko garaia dela adierazten duena.

Hori gogorarazteko maiatzak jasoko dira ere. Langintza horretan aurrenak bakaikuarrak dira. Biharko 09:00etan plazan hitzordua jarri eta mendira igoko dira. 11:00etarako gora iritsi eta maiatza jasotzeko aurre-prestaketei ekinen diote. Bakaikuarren eguerdian ekinen diote pago enborra jasotzeari. Baizak banatzen ditu bakaikuarrak eta etxarriarrak. Azken horiek Hartzabalen jarriko dute maiatza eta 12:30ean hasiko dira jasotzeko lanetan. Aurten, gainera, Arrigorritik gora joaten den bat baino gehiago berreskuratutako Kostuelgo iturria bisitatuko du.

Ziordian bi maiatza jasoko dituzte. Ohi bezala, aurrenekoa txipudian jarriko dute. 10:00etan prestatu eta ordu erdi geroago txara bat zutituko dute. Ondoren, mendate zaharrean barna mendira igo eta eguerdian maiatza jasoko dute. Lan guztiak despedituta, herri bazkaria izanen da. Elkartasun-bazkaria izaten da beti eta aurten ere hala izanen da. Istripu baten ondorioz gurpildun aulkian dagoen Pello Azpiroz laguntzeko izanen da aurtengoa. Euren lanak hasten azkenak herrian bertan lan egin behar dutenak dira, iturmendiarrak, 18:00etan hasiko dira lanean. Haiek dira pago enbor handiena jasotzen dutenak eta, beraz, lanik handienak hartzen dituztenak. Ohi bezala, aurreko egunetan kintoak arduratuko dira basoan pagoa bilatzeaz, mozteaz eta azala kentzeaz. Izan ere, maiatza despedituta, zuhaitza botatzean ateratzen den diru-etekina kintoendako izanen da.

Erlazionatuak

Auzolana bargan

Guaixe 2019 api 07 Etxarri Aranatz