EH Bildu aurreneko indarra izatera bueltatu da

Guaixe 2019ko mai. 3a, 08:42

Igandeko hauteskundeko Sakanako datuak.

Duela hiru urte egindako Espainiako Kongresurako hauteskundeetan Ahal Duguk kendu zion lehen postua. Moreek eta Navarra Sumak behera egin dute; gora, berriz, Geroa Baik eta PSOEk.

Sakandarrek Espainiako Kongresurako hauteskundeetan babes gehien EH Bildu koalizioari eman diote, 3.962 boto. Aurreko deialdian baino 1.244 boto gehiago lortuta lehen postua Unidas Podemosi kendu dio. EH Bilduk 10 puntuko hazkundea izan du bototan, % 37,45 jasoz. Gainera, Sakanako 15 udaletan indar botatuena izan da koalizioa (Irañetan Navarra Sumarekin berdinduta).

Unidas Podemosek ezin izan dio lehen postuari eutsi 949 sakandar gutxiagok eman dielako babesa oraingoan, 10,74 puntuko jaitsiera izan dute moreek. Hala ere, Sakanako bigarren indarra da botoen % 18,83 jasota, 1.992 boto. Koalizioa bi herritan izan da bigarren indarra, hamarretan hirugarren aukera eta hirutan laugarrena. Koalizioak bere Sakanako espazioa finkatu egin du.

PSOE da hauteskunde hauetan gora egin duen beste alderdietako bat. Sozialistak sakandarren hirugarren aukera bilakatu dira, 2016. urtean bosgarrena zen. Duela hiru urteko deialdian baino 834 boto gehiago jaso dituzte, eta 7,25 puntuko botoen hazkundea izan dute, 1.885 boto eskuratuta. Sakandarren % 17.82 PSOEri eman dio botoa, Unidas Podemosengandik puntu bakarrera. Bi herritan bigarren aukera izan zen sozialista, lautan hirugarrena, zazpi herritan laugarren aukera eta beste bitan bosgarrena.

Sakanan bototan gora egin duen bestea Geroa Bai izan da, 1.687 botorekin. 549 boto gehiago lortu ditu koalizioak eta Sakanako ordezkaritzaren % 15,95. 4,51 puntuko boto hazkundeak, ordea, ez dio balio gora egiteko eta sakandarren laugarren gogoko aukera izaten segitzen du koalizioak. Geroa Bai Sakanako bederatzi herritan bigarren aukera bozkatuena izan zen, banatan hirugarren eta laugarren indarra izan zen eta beste lautan bosgarrena.

Navarra Suma koalizioa sakandarren hirugarren aukera izatetik bosgarrena izatera pasa zen igandean, botoen % 12,49 eskuratuta, 1.321 boto. Baina eskuineko hiru alderdien batuketak aurreko deialdian baino 645 boto gutxiago lortu ditu oraingoan. Bere boto ordezkaritza hiru urtetan 7,27 puntu jaitsi da Sakanan. Herriei erreparatuta, EH Bildurekin berdinduta, lehen indarra izan da Irañetan, beste hiru herritan bigarren indarra izan da, bakarrean hirugarrena, lautan laugarrena eta sei herritan bosgarren aukera.

Sakanan botoak lortu dituzten gainontzeko alderdiek ez dute % 2 gainditu. Haietatik, Vox da boto gehien dituena, % 1,84, 195 boto. Ultraeskuindarrek Arruazun eta Urdiainen ezik gainontzeko herri guztietan lortu dute botoren bat. Herri banatan laugarren eta bosgarren aukera izan dira Voxekoak, bederatzitan seigarren indarra eta bitan zazpigarrena. Pacma (61 boto), Zero Murrizketa-Berdeak  (20 boto) eta Bidezko Mundurantz (15 boto) hautagaitzek ere ez dute sakandarren artean aparteko oihartzunik izan.

Hiru urteren buruan Kongresurako hauteskunde erroldan 56 pertsona gutxiago zeuden. 15.589 sakandarrek zuten botoa emateko aukera eta horietatik 10.793k egin zuten (% 69,68). Igandeko parte-hartzea, 2016ko deialdiarekin alderatuta, 4,37 puntu egin ditu gora. 111 boto ez beste guztiak baliagarriak izan ziren. Txuri zeuden botoak, azkenik, 103 izan ziren.



Alderaketak
Azken legegintzaldian Nafarroako Gobernuari eutsi dioten indarrak dira EH Bildu, Unidas Podemos eta Geroa Bai. Hiruen artean botoa eman zuten hamar sakandarretatik zazpiren botoa jaso zuten. 7.641 boto dira, duela hiru urte baino 844 boto gehiago. Gorteetarako aurreko hiru deialdietan boto abertzaleak (EH Bildu eta Geroa Bai) behera egin ondoren, igandean gora egin zuen 1.793 bototan eta 5.649ra iritsi zen, % 52,33. Duela hiru urte EH Bildu Sakanako zortzi herritan izan zen nagusi, Elkarrekin Ahal Dugu lautan eta UPN-PP koalizioa hirutan. Igandean EH Bildu herri guztietan izan zen nagusi, Irañetan Navarra Sumarekin berdinduta.

Herriz herriko hauteskunde emaitzak hemen.