Jakin-minagatik ziurtagiria

Guaixe 2019ko mai. 21a, 15:40
Ziurtagiria jaso zuten gazteak agintariekin batera. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiak antolatutako zikloan parte hartzeagatik Altsasuko institutuko hiru ikaslek ziurtagiria jaso dute.

Dozena bat ikastetxeetako 41 ikaslek parte hartu dute Jakin-mina zikloan ikasturte honetan. Parte hartzeari buruzko ziurtagiriak Maria Solana Hezkuntza kontseilariaren eskutik jaso zituzten ostiralean. Hartzaileen artean Altsasu Bigarren Hezkuntza Institutuko Naroa Carrasco Macho, Irune Lizarraga Ibañez de Opakua eta Enara Vazquez Rodriguez zeuden.

Zikloan parte hartu duten ikasleek, ikastorduetatik kanpo bost saiotan parte hartu dute eta hainbat gairen inguruko ezagutza jaso dute: zaintzaileak, etika, ekonomia utopikoa eta distopikoa, pertsonalizatutako medikuntza, animalien letrak edo politika komunikazioa. Saio horiek, besteak beste, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Nafarroako Unibertsitateko, Vienako Medikuntza Unibertsitateko edota Euskal Herriko Unibertsitateko adituek eman dizkiete.

Zientzia, Arte eta Letren Akademiak, Jakiundek, zortzigarren urtez antolatu du Jakin-mina zikloa. Jakiundeko presidente Jesus Mari Ugaldek ikasle parte-hartzaileak zoriondu zituen ostiralean, eta  “hoberenen eskutik zientzia eta teknologiara hurbiltzeko aukerak baliatzeko beharra” nabarmendu zuen.