Errepikatzeko moduko gazte txoko eguna

Guaixe 2019ko mai. 17a, 15:20

Irurtzun, Arbizu, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutiko ehun bat gaztetxok parte hartu zuten eurek sustatutako Sakanako gazte txokoen topaketan.

Sakanako gazte txokoetako erabiltzaileak elkar ezagutu eta elkarrekin ongi pasatzeko asmoz ospatu zen ibarreko gazte txokoen topaketa. Estreinako topaketaren balorazioa egiteko ez dira gazte txokoetako begiraleak bildu oraindik, baina larunbatean elkarrekin partekatu zituzten aurreneko iritzien arabera “positiboa” izan zen topaketa. “Aurrerago eginen dugu balorazioa. Zer hobetu eta nola zehazteko. Zeren hurrengo bat egonen dela uste dugu”. Begiraleek azaldu digutenez, hasieran neska-mutikoek elkar ezagutzen ez zutelako, elkarrekin nahasteko erreparoa bazuten ere, arratsaldeak aurrera egin ahala harremanak egin ziren, eta “azkenean oso ongi” bukatu zuten.  

Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean jarrita zuten hitzordua topaketan parte hartu zuten gaztetxoek. Goiko solairuan gehienbat mutikoak billar, ping pong eta futbolin txapelketetan neurtzen ziren bitartean, behekoan, neskato gehienak bi dantza irakaslerekin aritu ziren. Mila Kolore elkartekoak ere parte hartu zuten. Smile tailerra ere izan zen. Bi ordu jarduera horietan ibili ondoren, 19:00etan, ginkanaren txanda iritsi zen. Hartan parte hartzeko hainbat herrietako gaztetxoz osatutako taldeak sortu ziren. Begiraleek whatsapp aplikazioaren bidez Altsasuko zenbait tokitako objektu zatien argazkiak bidaltzen zieten eta taldeek, aurrena, tokia identifikatu eta, ondoren, hara joan, talde argazkia egin eta begiraleei bidali behar zieten. Hala, taldeak Altsasuko kaleetan barna objektuen kokapenaren bila aritu ziren ordu erdi luzez. Ginkana despeditua, merenduaren txanda iritsi zen. Harri, eta topaketa despeditu arte, doinua Altsasuko gazte txokoan ari den Brian dj-ak jarri zion.