Urbasa, zinema platoa

Guaixe 2019ko mai. 24a, 12:50
'Akelarre' filmaren eszena batzuk filmatu dituzte egunotan Urbasan. DAVID HERRANZ

'Akelarre' filma grabatu dute egunotan Urbasa parke naturalean. Gainera, iaz mendizerran filmatutako 'The Sisters brother' filmaren emanaldia izanen da Iortia kultur gunean maiatzaren 31n, ekainaren 1ean eta 3an

Sorginak, akelarreak eta sorgin ehiza. XVII. mendean Euskal Herrian izandako sorginkeri auziak daude Akelarre filmaren oinarrian. Gizonak itsasora joan dira, eta neskek festa bat egiten dute basoan. Rostegi epaileak herrialdea purifikatzeko sorginak izateagatik salatzen eta atxilotzen ditu. Epaileak bere karrerako auzi garrantzitsuena dela uste du, eta akelarreari buruz dakiten guztia jakiteko edozer gauza egiteko prest dago. Egunotan Akelarre filmaren sorginek Urbasan hainbat eszena grabatu dituzte. Gainera, Altsasuko hainbat gaztek parte hartu dute.


Protagonisten ordezkoak izan dira Altsasuko zenbait gazte. @IDANTZA

Ez da parke naturalean grabatutako film bakarra. 2017an The Sisters brothers filma grabatu zuten bertan, eta hainbat zinema jaialditik pasa ondoren, Altsasun proiektatuko dute maiatzaren 31n, ekainaren 1ean eta 3an, Iortian. Urbasa askotan izan da zinema platoa. 


Agertoki naturala
Duela mendi erdi baino gehiago filmatu zuten lehenengo filma Urbasan. 1952. urtea zen, zuri beltzean grabatzen zen, eta Amayaren istorioa kontatu zuten. Ondoren, 1970ko hamarkadan, Hollywood-eko ekoizleek Urbasaren plato naturala erabili zuten, besteak beste, Patton, Cromwell eta Robin and Marian film ospetsuak egiteko. Lau hamarkada pasatu behar izan dira AEBko ekoizpen bat Urbasara itzultzeko: Jacques Audiard zinemagilearen The Sister brothers westerna. Gainera, duela gutxi mustu zuten Napardeath filmaren azken baitala Urbasa grabatu zuten iaz.

Besteak beste, Urbasa Baskoien erreinua, Belgikako gerra zelaia, Ingalaterrako basoak edo AEBko Oregon estatuko herrixka bat izan da. Hamaika aurpegi izan ditu parke naturalak zineman. Ekoizpen gehienetan filmaren hainbat eszena grabatzeko erabiltzen badute ere, beste batzuetan filmaren gertaera guztia mendilerroan gertatzen da. Robin and Marian filmaren kasua da. Robin Hood pertsonaiaren Nottingham herria Nafarroako Artaxoako harresietan irudikatu zuten, baina Urbasan filmatu ziren filmaren basoko eta mendiko eszena guztiak. Sakanan oraindik badira filmazio egunak gogoratzen dituztenak. Sean Conery eta Audrey Hepburn aktoreak ziren protagonistak.

Olaztin ere 50 urte baino gehiago dituztenek gogoratuko dituzte 1969. urtean iritsi ziren tanke amerikarrez eta alemaniarrez, gerrate kamioiez eta pertxeroez beteta iritsitako hiru trenak. Sustoa hartuko zuten batzuk, baina Urbasan grabatzen ari ziren Patton filmerako atrezzoa besterik ez zen. Belgikako Ardenas bataila irudikatu zuten mendilerroan. Urte berean Cromwell filma grabatu zuten, eszenario berdinean. 1973. urtean Richard Lester zinemagileak Los tres mosqueteros filmaren eszena batzuetarako Urbasa aukeratu zuen ere. 1977. urtean Orgullo y pasion filmerako grabatu zuten mendilerroan.

Ikazkin ezagunena
1984. urtean Montxo Armendarizek Tasio filma egin zuen. Tasio ikazkinaren bizitza kontatzen du filmak, mendiko azken ikazkinaren bizitza, hain zuzen ere, eta Urbasan eta inguruko haranetan kokatzen da istorioa. Patxi Bisquert aktorea Tasio zen, eta Armendarizek kontatu bezala, filmaketa hasi baino askoz lehenago iritsi ziren Urbasara bertako jendearen bizimodua ongi ezagutzeko. Tasio oso arrakastatsua izan zen, eta oraindik ere bada. Donostiako Zinemaldian nazioarteko kritikaren aipamen berezia jaso zuen eta hainbat sariren artean, Bisquertek aktore onenaren saria jaso zuen Burdeosko zinema jaialdian.

Ondoren, Urbasako paisaiak beste hainbat pelikuletan agertu da, esaterako, Monica Lagunaren Tengo una casa (1996), Antonio Hernandezen Los Borgia filmeana (2006), Imanol Rayoren Bi anai eta Asier Altunaren Bertsolari filmetan (2011) eta Zipi y Zape y la isla del Capitan Oscar Santosen ekoizpen handian (2015). Gainera, 2007an Lizarragako portuan Eutsi! euskal filmaren hainbat sekuentzia grabatu zituzten, Tour-ra pasatuko bailiran eta 2009an Beriainen Biutiful filmarendako hainbat plano grabatu zituzten.

John C. Railly eta Joaquin Phoenix aktoreak 2017an Urbasan egon ziren The Sisters Brothers filmatzen. Datorren ostegunean, ostiralean eta igandean, -19:00etan, 22:00etan eta 19:30ean, hurrenez hurren-, Altsasuko Iortia kultur gunean Orengongo herrixka batean anbientatuko westerna proiektatuko dute. Urrea bilatzen duten bi anaien istorioa kontatzen du filmak.


The Sisters brothers filmaren grabazioa.

Zonbi karlisten, momia nafarren eta txirrindulari post-apokaliptikoen istorioaren azken eszena eta gudua grabatu zuten Urbasako zelaietan iaz. Patton eta Cromwell grabatu zuten tokia aukeratu zuen Katihotsak ekoiztetxeak Napardeath filmaren eszena epikoa grabatzeko. Filma duela gutxi mustu zuten eta Euskal Herritik emanaldiak egiten ari dira.


Napardeath filmaren une bat.

Urbasan grabatu dute Daniel Calparsororen El silencio de la ciudad blanca-ren hainbat eszena. Filma post-produkzio fasean dago eta urrian iritsiko da zinema aretoetara. Sara Mazkiaran zuzendari laguntzaile altsasuarrak Calparsororen filmean lan egin du.

Sakandarrak
Urbasa ez da filmetan agertu den Sakanako toki bakarra. Iturmendin Diez fusiles te esperan filma grabatu zuten 1959. urtean, eta 1969. urtean Izurdiagako tren geltokia Ingalaterrako tren geltoki bat irudikatzeko baliatu zuten La batalla de Inglaterra filmean. 2007an Eskalofrio filma Iñigo Aritza ikastolan grabatu zuten. Besteak beste, interpretazioan hasi berria zen Blanca Suarez aktorea izan zen Altsasun, Junio Valverde, Francesc Orella, Mar Sodupe eta Jimmy Barnatan aktore ospetsuekin batera. 2017an Cuando dejes de quererme filmaren hainbat eszena grabatu zituzten Altsasun, N1 errepide zaharrean.


Cuando dejes de quererme pelikularen filmazioa N1 errepidean.

Helena Taberna zinemagile altsasuarrak Alsasua 1936 grabatu zuen Altsasun eta Lakuntzan. Marino Aierraren istorioa kontatzen du film ertainean.

Akelarre filma grabatu dute asteazkenean eta ostegunean Urbasan. Gainera, protagonisten ordezkoak Altsausko hainbat gazte izan dira. Izan ere, Filmaketekin batera ekoizpenaren langileak etortzen dira eta gehienetan bertako jendaren laguntza eskatzen dute ere. Hortaz, figuranteak bilatu ohi dituzte herrietan. Akelarre filmerako Euskal Herrian casting erraldoia egin zuten, eta The Sisters brothers filmean jendea bilatu zuten Altsasun. Napardeath filmerako ere filmaketan parte hartzeko jendea gonbidatu zuten.

Filmaketa kudeatzeko elkartea
2009. urtean Navarra Film Comission elkartea sortu zuen Nafarroako Gobernuak. Haren helburua Nafarroan egiten diren filmaketetan eta Nafarroan grabatu nahi duten ekoiztetxeak eta enpresak laguntzean da. Informazioa, aholkularitza eta tramitazio zerbitzuak eskaintzen ditu, doan. Gainera, enpresek Nafarroan grabatzeagatik beherapen fiskalak dituzte.

Erlazionatuak