Haurren eta nerabeen babes sarea zabalik

Guaixe 2019ko eka. 12a, 10:48
Burunda mendebaldeko Tratu Onen Sareko talde eragileko kideetako batzuk.

Haurtzaroko eta Nerabezaroko Tratu Onen Sustapen Sarea familiei bitartekoak eskaini eta txikiekin sor daitezkeen egoerak bideratzeko laguntza ematen du. Helburu horrekin hainbat arlotako profesionalak elkarlanean ari dira.

Altsasuko Garbitoki eraikina. Azkeneko pisuan dago Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza. Eskualdeko Haurtzaroko eta Nerabezaroko Tratu Onen Sustapen Sareko talde eragilea bilduta dago. Mahaiaren bueltan eserita daude Eneka Irizar (mankomunitateko prebentzio teknikaria), Blanki Torres (Altsasuko gazteria teknikaria), Aintzane Martin (Altsasuko Txirinbulo haur eskolakoa), Ana Begiristain (mankomunitateko haurtzaro arloko arduraduna) eta Jesu Baena (sexu hezitzailea). Bileran ezin izan dira egon Gurutze Goikoetxea (Altsasuko osasun etxeko gizarte langilea) eta Natalia Cerezo (Sagrado Corazon ikastetxeko orientatzailea).

Ana. “Haur edo nerabe batengan zerbait detektatuz gero, askok beste aldera begiratzen dute. Eta zein da ondorioa? Haur horrrek kurtsoak pasatzen ditu, baina prebentzio lana askoz ere lehenago egin zitekeen. Esku hartzeko zenbat eta gehiago itxaron, haur horren arazoa handiagoa izanen da”.

Blanki. Horregatik, jakinarazpenak ahalbideratzen du haurren egoera azkarrago detektatzea eta esku-hartzea lehenago egitea.

Jose. Gainera, jakinarazpenak konfidentzialak dira.

Eneka. Jakinarazpen batek ez du sekula haurren babesgabetasunik ekarriko. Gehienetan familiei egoera zuzentzeko ohartarazpen bat egitea da, edo haiekin hitz egiten dugu zer gertatzen ari den ikusteko, besterik ez da. Beti ere, egoera zuzentzeko asmoz.

Ana. Familiei baliabideak ematen dizkiegu, agian ez direlako gai izan egoerari aurre egiteko.

Blanki. Azken batean sarearen egitekoa laguntza ematean eta akonpainamendua egitean datza.

Jose. Zertarako da sarea? Behar dituzten eta baliabiderik ez duten familiei akonpainamendua egitea da sarearen egitekoa. Eta profesional guztien artean familia horri babesa eman, bizi duten egoera konpontzea ikasten duten bitartean.

Aintzane. Batzuetan gerta daitekeelako badakitela zer egin behar den baina ezin dute aurrera eraman.

Blanki. Horregatik, akonpainamendua egitearena.

Jose. Jendea sarera hurbiltzea nahi dugu, oinarrizko egoeren aurrean jakinarazpenak egitea, Tratu Onen Sarean gauden profesionalak familia horri egoera bideratzen akonpainamendua egiteko.

Eneka. Prebentzioa, zerbaiti aurre hartzea da. Garaiz heltzea, hobetzeko, bestela gero oker daiteke. Tratu onak sustatzeko eginkizuna dugu sare-kideok. Baina bizitzaren egoera batzuen aurrean esku hartu beharrean gaude.

Aintzane. Egoera jakin baten aurrean, onena litzateke hori bizi duen familia bera izatea guregana etortzen dena eta dituzten premien berri ematen duena.

Jose. Horregatik, sortu dugu profesionalen sarea, eraginkorragoak izateko familiari akonpainamendua egiterakoan, edo bizi duten egoera zail hori pasatzeko baliabideak emateko. Laguntzeko gaude. Ez da erreparorik izan behar.

Sareaz
Burunda mendebaldeko Haurtzaroko eta Nerabezaroko Tratu Onen Sustapen Sarea 2012tik ari da lanean. Sarearen helburua gizarte osasuntsua da, txikien eta familien ongizateaz arduratzen diren arlo askotako profesionalek osatzen dute taldea. Bakoitzak bere esparruan prebentzio lana egiten du. Hala, inork haur edo gazte batek egoera berezi bat bizi duela sumatzen duenean, taldeari jakinarazten dio eta diziplina arteko ikuspegitik haur, gazte eta familiei eragiten dien egoera bideratzen saiatzen dira. Hori behar bezala egiteko sareko kideek beharrezko prestakuntza jaso dute. Ibilbidea egina dute eta dagoeneko egoerez aritzerakoan “hizkuntza bera” hitz egiten dute.

Sareak 30 bat profesional elkartzen ditu. Guztiak modu batera edo bestera haur eta gazteekin lanean ari diren profesionalak dira: gizarte zerbitzuak, osasun etxea, osasuneko profesionalak, ikastetxeak, aisialdi arlokoak (liburuzainak, ludotekariak, kirol begiraleak, musika irakasleak), udaltzainak eta foruzainak. Sareko kideak direnen egoitzetan horren berri ematen duen logotipoa ikusgai dago.