Enplegu bulegoan aldez aurreko hitzordua indarrean

Guaixe 2019ko eka. 21a, 10:44

Agintariek enplegu bulegoan astelehenean bisitatu zuten.

Atzodanik aurrera nahitaezkoa izanen da aldez aurretik hitzordua eskatzea informazio eta aholkularitza zerbitzuez baliatzeko.

Altsasuko enplegu bulego berria maiatzaren 27an zabaldu zituen ateak. Bidezainena zen etxebizitza batean kokatzearekin batera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak lan metodologian aldaketa egin du. Hala, enplegua aktibatzeari eta enplegua modu aktiboan bilatzeari edo arazo handiak dituzten taldeei (epe luzeko langabetuei, esaterako) laguntza handiagoa emateari zuzenduta daude. Jarduneko Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak azaldu duenez, zerbitzuak hobetu nahi izan dituzte langabe guztiendako nahiz lanean jardun eta enplegua hobetu edo gaitasun profesional eta pertsonal berriak lortu nahi dituzten pertsonendako.

Atzodanik aldez aurreko hitzordua ezarriko dute informazio eta aholkularitza zerbitzuez baliatzeko. Aldez aurretiko hitzordua ondorengo zerbitzuetarako beharrezkoa izanen da: enplegu-eskatzaile gisa izena emteko, datuen eguneraketarako, enplegu-eskaintza aktibatzeko, informazioa eta aholkularitzarako (prestakuntza, gaitasunen egiaztapena,etab), orientazio profesionalerako edo gazteentzako laguntzetarako ( lan edo ikasten ez duten 30 urte baino gutxiagoko gazteek). Atzodanik nahitaezkoa izanen da hitzordua eskatzea www.empleo.navarra.es eta www.empleocitaprevia.navarra.es web guneetan edo 948 56 27 54 telefonoaren bitartez. Ez da beharrezkoa hitzordua eskatzea enplegu-eskaria berritzeko.


Burlatako Iturrondokoaren ondoren, herritarrendako eta enpresendako arreta eredu berrira egokitu den bigarren bulegoa da Altsasukoa. “Pertsonak eta enpresak arretaren erdigunean kokatu dira. Pertsonei arreta pertsonalizatua emanen zaie eta, enpresen kasuan, laguntzaz 20z biderkatzeaz gain, erantzun azkarra emanen zaie prestakuntza arloan dituzten beharrei”, adierazi zuen Laparrak.

Laparra, jarduneko Gobernuko ordezkari Nafarroan Jose Luis Arasti, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko jarduneko zuzendari kudeatzaile Paz Fernandez, Altsasuko alkate Javier Ollo, Sakanako Mankomunitateko presidente David Oroz, Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buru Javier Paz bulegoa bisitatu zuten astelehenean.

Datuak
925.000 euro Lanen aurrekontua.  
207.654 euro Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) emandako laguntza.

Erlazionatuak