Arakilen antzerkia odolean daramate

Guaixe 2019ko eka. 28a, 11:29
Ihabarko antzerki taldeak egindako emanaldietako bat. ARTXIBOA

Arakilgo antzerki tailerra eta Ihabarko antzerki taldea zuzentzen ditu Jon Barbarin antzerkigileak

Jon Barbarin antzerkigilea 2004an iritsi zen Ihabarrera. Eta ordutik antzerkiz busti du Arakil bailara. 2007an kontzeju kide zela antzerki taldea jarri zuen martxan, eta gaur egun ezin du zitara hutsik egin. Hamabi urte hauetan Ihabar antzerki taldeak egiten dituen antzezlanen protagonista izan da: besteak beste, munduaren hasiera Ihabarren izan zen, Zirkua Arakilgo herrira iritsi zen, baita Cabaret bat izan zen ere. Ihabarren sortutakoa Arakilgo beste herrietara zabaldu zen ere, eta Arakilgo Udalak antzerki tailerra antolatu zuen. Aurten hamar pertsonek parte hartu dute Arakilgo antzerki tailerran.

Arakilen antzerkia "ez da gelditzen". Otsailean hasi eta ekainean amaitu zen Arakilgo antzerki tailerra. Jon Barbarin zuzendaria izan zen. Ekainaren 9an tailerrean ikastikoa erakutsi zuten eta Karl Valentinen antzerkigilearen hainbat eszena egiten. Valentinek umore absurdoa eta sudurrik gabeko clown-ak lantzen zituen, eta Arakildar antzerkigileek, bikoteka, hori interpretatu zuten. "Oso dibertigarria izan zen. Herriko jendea hurbildu zen". Pertsonaiak asko landu dituztela esan du Barbarinek, izan ere, gorputza lantzea gustatzen zaio.

2007tik martxan dago Ihabarko antzerki taldea, eta "ez didate uzten ezetz esaten".  Udan aritzen dira Ihabarko antzerkizaleak. Gehienek urteak daramate taldean, errepikatzen dute, "hasieratik daramatenak asko dira". Jendea "pila bat" inplikatzen dela dio Barbarinek. Bestela, ez zela izango posiblea egitea azaldu du. Gainera, geroz eta publiko gehiago dute. "Ohitura moduan sortu da". Herrian sortzen den giroa ere eskertu du Barbarinek.

Barbarinek antzezlana sortzeko ideia bat du buruan. Baina ez du asko aurreratu. Ihabarrekin zerikusia izanen du, hori ziur. Eta laster hasiko dira entseatzen. Abuztuan, Ihabarko festak aurretik, mustutzea eginen dute.

Erlazionatuak