"Denden etorkizuna espezializazioan dago"

Alfredo Alvaro Igoa 2019ko uzt. 8a, 09:11
Gorka Garcia, Alonso Asensio eta Eduardo Alvaro Altsasuko Dendari Elkarteko kideak dira hasieratik.

Altsasuko Dendarien Elkarteak 25 urte bete ditu aurten. Aurreneko zuzendaritzan izan diren hiru dendarirekin elkartu gara, eta hainbat hizpide izan dituzte: hasierak, konpetentzia, Internet eta sare sozialak, prestakuntza, administrazioen egitekoak, denden etorkizuna, ibar sena, azpiegiturak edota elkartegintza.

Altsasuko Dendarien Elkartearen (ADE) aurreneko zuzendaritzan aritu ziren Eduardo Alvaro (Norte erloju-denda), Alonso Asensio (Asensio moda) eta Gorka Garcia (Izara). Gerora, zuzendaritzan bat egin zuten berriro behin baino gehiagotan. Zehaztapena egin digute ere, “hau ez da Altsasuko merkataritzaren argazki erreala, gehienak emakumezkoak dira”.

ADEren aurretik Zurekin dendari elkartea izan zen Altsasun. Asensiok gogoratu duenez, “N-1 errepidearen saihesbideagatik mugitu zen. Hura egiterakoan bazirudien gelditu behar ginela…” 1982ko azaroaren akaberan mustu zuten azpiegitura, eta Altsasu erditik egunero 10.000 bat ibilgailuk pasatzeari utzi zioten. “Horren kontura sortu genuen elkartea”. Asensiok gogoko du Zurekin izena, “zehatza da”. Alvarok, aldamenetik: “orain Eroskik kopiatu du”.

1994ko ilbeltzaren 21eko bilera gogoan du Garciak. “Udalaren apustu oso handia izan zen, gero gauza asko zer egin jakin gabe gelditu ziren. Dendariok antolatzeko, nola antolatu eta kontuan hartuko den eta benetan indarra duen zerbait nola gauzatu ideia argirik ez dugulako edo… Erakunde-apustua egonda, gero babes batzuk egotea, funtzionatzen ari den, merezi duen… Errua udalarena eta dendariena izan zen, biena”.

Alvarok azaldu digunez, “Nafarroan elkarte gutxi zeuden. Gobernuaren Merkataritza Departamentuak dirua zuen, dirutza jaso genuelako. Beti bezala, dirua dagoenean gauzak egiteko aukerak daude. Zerbait sortzen denean, udalak elkarlan eta zuzeneko harreman gehiago eskaintzen ditu. Gero sekula ez da horrela izaten. Hala dira gauzak. Ez da inor errudun egitea. Denok dugu gurea”.

Garciak egitekoa zehaztu die administrazioei: “merkataritzaren krisia badago, erakundeek zati garrantzitsua dute. Gu trebatzen, erantzuten laguntzeko ardura dutelako. Baita konpetentziak legitimoak izateaz ere. Gu ez gara halako erabakiak baldintzatzeko merkataritza-gune handiak bezain lobby handia. Zentzu horretan merkataritza etxeko anaia tontoa da: sektore oso garrantzitsua gara, baina kexatzen ez garenez, gauzak egiten segituko dute”. ADEren sorrerarekin hasi ziren hirietako aldirietan merkataritza-gune handiak ugaritzen. Garciak zehaztapena egin du: “gu herrietako, auzoetako eta bizitzarekin kolaboratzen dugu. Besteek kontrakoa egiten dute, bizitza ateratzen dute. Hori erakundeen politika da”.

Alvarok jakinarazi digunez, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak merkataritzaren sozio-ekonomia garapenaren aurreneko ikerketa egin zuen. “Ganbera orduan gurekin ongi portatu zen. Irizpide onarekin, Ganberak ikerketaren zati bat alde batera utzi zen. Ordurako ikerketan zehazten zen Altsasuk kanpoko aldean merkataritza-gune bat beharko zuela. Lehentasunezko kokapena Olatzagutia aldera zen. Eta, bestela, suhiltzaileen parkearen parean. Hurrengo ikerketan, edo norbaitek bere ikerketa egin zuen eta dena muntatu zuten”.


Salmenta teknikak
Dendariak elkartu zirenerako telebista pribatuak egonkortuak ziren eta haien bidez produktuak saltzen ziren. Katalogo bidezko salmenta ere handia zen. Orain Internet dago. Garciak: “salmenta teknika berriak daude. Haien atzean beti enpresa handiak daude. Teknika horiekin ahalik eta bezero sorta handiena bereganatzera doaz. Mota horretako salmenta beti egon da. Gai horiei beti beldurra izan zaie. Izan behar dena da informazioa eta salmenta teknika guztiei errespetua. Baina baita erantzuteko prestakuntza eta trebakuntza ere. Internet beste guztiak gainditu dituen iraultza izan da”. Alvaroren iritziz “gizarte aldaketa bat izan da”.

Garcia: “Interneten faktore nagusia da komunikazioaren erraztasuna eta abiadura, bai merkataritzan, bai gainontzeko guztian. Dendariak ez gara tresna horiek erabiltzeko trebatuak izan. Izan ere, dendariok egiteko asko ditugu, 10-15eko zerrenda ateratzen zait. Halako enpresa batek egiteko bakoitzerako pertsona bat edo batzuk ditu. Guk dena egin beharra dugu. Internet eta sare sozialen moduko egoera iraultzaile baten aurrean merkataritzaren % 90 edo gehiago tokiz kanpo dago eta ez daki nola egin”. Dendako erakusleiho parean dagoen bezeroak mugikorrean prezio konparatzaileak izan ditzaketela azaldu du. “Sare sozialen iraultza eta komunikazioaren azkartasuna ezagutu beharra dago, nahiz eta gero ez aplikatu. Baina lagundu behar du bezero profila bereizten. Non kokatu. Nire bezeroa horren eraginpean dago, erosteko bide horiek erabiltzea da errazena”.  

Asensiok Julio Barronek denda zueneko adibidea eman du: “bakarren bat gerenteaz galdezka joan eta hark erantzuten zuen: ni naiz kudeatzailea, erosten duena, ordaintzen duena, kontularia… Gaixoa. Nire alaba ero moduan dabil dena ordenagailuan sartzen. Egun osoa horretan. Erakusleihoa aldatzeko betarik ere ez du”.

Merkataritzan eragin handia izan duen beste aldagai bat gaineratu du Alvarok, soziopolitika. “Politika aldatu egin da. Dendariok soldatak aldarrikatu behar genituela esateagatik nitaz barre egin zuten inoiz. Low costera jo da: soldatak jaitsi dira, ez du ematen. Dugun biztanleria dugu, eros-ahalmenak behera egin du. Biztanleria horrekin salmenta kopuru bera baldin badugu, baina prezio erdian, gure irabaziek hondoa jo dute. Merkataritzan hori gertatu da, gobernuen eta administrazioen garapen soziopolitikoagatik izan da. Horra eraman gaituzte. Jakina, azkarragoak direnek, sareen bidez salmentak biderkatzea lortzen dutenek, handiek, euren salmentak handituz salbatzen dute. Salmenta horiek txikiagoengan eragina dute, dagoeneko bezero kopuru bera ez baitugu, sarearen bidez ari direlako. Dinamika honetan dendek ez dute etorkizunik”.

Garciaren iritziz denda txikiek etorkizuna dute. “Mugitu beharra dago eta pentsaera aldatu. Debaluazioa segmentu batean eman da. Badago gauza batzuengatik asko ordaintzen duen jendea. Gure negozioa kudeatzea tokatzen zaigunean uste dugu gure bezeroak ate paretik pasatzen diren guztiak direla. Ez da horrela”. Gaur egun bezeroaren fideltasuna irabazteko beste bitarteko batzuk daudela gaineratu du. “Interneten enpresa batzuek dendari askok baino hobe tratatzen dute bezeroa. Zer gertatzen den ikusteko probatu egiten dudalako dakit”.

Sarea
Joandako garaietan dendei denak ia ongi funtzionatzen zien, baina orain haietako askok ez dute jarraipenik. Ikuspegia aldatu beharra aldarrikatu du Garciak: “zein produktu eskaini dezaket nagoen tokian, produktu hori merkaturatzeko eta eskaria izateko zer konpetentzia dago. Zer egiten du produktu honek hemen?” Eta ekuazioan hornitzaileak sartu ditu: “hornitzailea edo fabrikatzailea desleiala bada eta nire prezioak errespetatzen ez dituen prezioak Interneten baditu, nik horrekin ezin dut lanik egin. Zeren bezeroa nire dendara etorri aurretik begiratu du. Gure eginbeharra da fabrikatzaile, produktu eta prezio desleialetatik aldentzea”.

Asensiok beste aukera bat gaineratu du: “fabrikatzaileak bestela Amazoni edo halakoren bati salduko dio”. Eta Garciak adibidea jarri du: “nire hornitzaile batek Amazonen dendetan ez dagoen produktu linea sartu du. Eta dendetan dagoen linea % 10 garestiago dago salgai Amazonen. Hori gure lana errespetatzea da. Katalogotik kanpo duen produktua, gainetik kendu nahi duena, Interneten merke egonen da”.  

Jendeak markekin duen lotura nabarmendu Asensiok. Garciak bezeroa heztearen egitekoa jarri du mahai gainean: “esan beharko diogu Interneten ikusten ari den produktu hori dendan ez dagoela, aurreko denboraldikoa delako. Bezeroek askotan gu baino azkarrago informatzeko gaitasuna dute. Dendek azkar birkokatu beharra dugu, gainetik pasa ez gaitzaten. Fabrikatzaileei etika bat mantentzea eskatu behar diegu. Denden borroka garrantzitsu bat da hori”. Alvarok “gaur egun normala” den zerbait aipatu du: “produktu bat toki txiki batean sal dezake eta bezeroak mundu guztian izan ditzake”. Hala ere, bezero askok pertsona batekin aritu nahi dutela eta Interneten hori sekula ez dutela opatuko nabarmendu dute.

Eta Garciak gogorarazi du ez direla “egun bakarreko dendariak. Profesional onak saltzeagatik ez dio produktu eskasagoa salduko eta irabaziak murriztu. Nik erantzun beharra dut, ezin diot zalantzazko produkturik saldu”. Asensiok “izututa” joan zitzaion taila handiko bezero baten adibidea eman du: “bi praka erosi zituen. Haietako bat janztean poltsikoetako josketak hautsi zitzaizkion. Larrituta etorri zen. Zergatik? Hautsi bada, beste bat emanen dizut. Dudarik gabe”.


ADEk milioi erdi pezetako saria (3.005 euro) banatu zuen 2000. urtean. Artxiboa.

Joerak
Ganberak Gure Etxea eraikinean antolatutako bilera batez gogoratu da Alvaro. “Ordurako denden etorkizuna ez zela ona ikusten zen. Europarekin bat-etortzen ari ote ginen, egoera zein ote zen galdetu zioten hizlariari. Eta gure etorkizuna Europari begiratzea dela esan zuen. Esan genion Altsasuk 7.000 biztanle zituela eta Frantzian tamaina horretako herri batean ez dago ez dendarik ezta ostalaritzarik ere. Hori da etorkizuna? Baietz erantzun zuen. Zenbat urtetan? Hori da asmatzen zailena”.

Bere ustez “horretara jotzen ari gara. Niretako Gipuzkoak alde handia ateratzen digu. Altsasu beti Beasainekin konparatzen dugu (13.863 biztanle 2016an), baina Lazkao gara (5.426 biztanle 2016an). Ni herrietara joaten naiz, herriak ikustea gustatzen zaidalako. Lazkao izugarri hobetu da, oso polita dago, baina ez du ezer. Erabateko bizitegi-herria da. Hori esan eta Beasain ondoan dagoela diote. Kasik denbora bera kostatzen da Lazkaotik Beasainera joatea Altsasutik Iruñera edo Gasteizera joatea. Hemen mugitzea oso erraza da”. Alvarok joeran buelta emateko sintomarik ez du ikusten. “Beraz, Altsasun denden etorkizuna gero eta gutxiago izatea da. Etorkizuna dago? Oso espezializatuta, bai”. Horretarako dendariek duen produktua oso ongi ezagutu behar duela nabarmendu Garciak. Alvarok gaineratu duenez, “zureak dagoeneko bezero globalak dira. Nahi duzun herrian egon zaitezke”.

“Uharte Arakildik edo Aguraindik etortzen direnak mimatu” behar direla nabarmendu du Asensiok. “Udalarekin bat aparkalekuak prestatzeko borrokatu behar dugu. Herri honetan ezin dela aparkatu kexaka aritzen dira. Errioxako edozein herrira zoaz eta edozein izkinatan P bat opatzen duzu, etxe bat bota dute eta bost autorendako aparkalekua prestatuta dute. Altsasuko arazoetako bat aparkalekuak direla uste dut. Jendea asko kexatzen da. Zumarragan aparkaleku ederra egin dute. Legazpin gauza bera. Iortia kultur gune azpian lasai asko egitea zegoen. Egiteko gutxi falta izan zen”.

Administrazioez
Alvaroren iritziz udalek denden alde gauza asko egin ditzakete eta merkataritza ikuspegia eskatu die. “Altsasuk beti lokomotorak behar izan ditu. Izan zitzakeen. Oraintxe enplegu bulegoa herri erditik joan da, beheko merkataritza-gunearen parera eraman dute eta hemen ez du inork protesta egin. Ordura arte jendeak behintzat erdiguneraino etorri beharra zuen”. Udal bati egindako proposamena azaldu du: “gobernuari eskatzea errenta aitorpena egiteko ogasuneko bulego bat zabal zezala errenta garaian. Aukerak ez zitezela izan soilik bankura edo Iruñera joatea. Nortasun Agiriarena, bulego on bat prestatu herrietakoak Altsasura etor daitezen. Horiek edo bestelakoek Altsasura etorriko den jende jario bat sortuko dute. Altsasura etortzeko fluxu bakarra asteburuz, gauez eta haustera etortzea bada… Ez dugu inertziarik sortzen”.

Egun Altsasuk duen inertzia bakarra azoka besterik ez dela nabarmendu Asensiok. Alvaro: inertziak sortzea ez da gure egitekoa. Guk babes dezakegu, baina hori udalaren ikuspegi politikoa da”. Garciak aitortu du Diaz de la Lastrak eman zien ikastaroak bere merkataritza pentsaera aldatu ziola. Alvarok azaldu duenez, gerora Altsasutik pasatu eta gelditu egin zela. “Harekin izan nintzen eta esan zidan: herritik buelta bat eman dut eta ikastaroan hitz egindako ezer ez ez duzue aplikatu. Berak esan zigun lokomotora bat sortu behar genuela. Erakargarritasuna izanen zuen zerbait. Ezer ez duzue egin”.

Eta Sakanako Mankomunitateari inplikazioa eskatu dio. “Zerbitzuak deszentralizatzearen kontra ez nago. Baina zerbitzuak deszentralizatuta, ez dut ulertzen herrien arteko komunikaziorik ez egotea. Araba aldamenean dugu eta herrien arteko komunikazio linea sortu dute. Esaterako, Zalduondon bizi den 70 urteko emakumezko batek hots egiten du eta esaten du: bihar Gasteizera joan nahi dut. Zalduondon ez du Gasteizerako autobus edo tren zerbitzurik. Taxia jartzen diote, eta Aguraineko autobus geltokira eramaten dute, andrearendako kosturik gabe”.

Ibarreko erakundean Irurtzun eta Ziordia etengabe lotuko dituen autobus bat jartzea ere ez dutela pentsatu gaineratu du. “Hasieran ez zuela inork bidaiatuko? Dena ohitura kontua da. Hori ez da gure kontua. Guk babes dezakegu, zerbait sustatu”. ADEk halako ahalegin bat egin zuela gogorarazi du Asensiok: “Bitan jarri genuen autobusa. Ostiraletan Lakuntzatik abiatzen zen, herriz herri pasaz. Erosketa tiket bat erakutsita bidaia doan zuten. Autobusa Altsasuko Foru plazan gelditzen zen. Aurreneko bidaian 6 emakumezko etorri ziren. Jendeak apenas zekien zerbitzuaren berri. Bakarren batek porrotzat hartu zuen. Berriro saiatu ginen, baina alferrik. Idiazabaldik Beasainera edo Ordiziara ordu-erdiro duzu”.

Garciaren iritziz “hemen, zentzu horretan, erabateko utzikeria egon da. Zuzendaritzan egon nintzen azken aurreko aldian, bi helburu proposatu nituen. Bata, elkartea Sakanara zabaltzea, eta ostalaritza eta zerbitzuak hartzea ere. Azken horiek elkarte barruan egotea askoz aberasgarriagoa iruditzen zitzaidan. Bestea, udalarekin harremana izatea, udalari bilerak eskatzen ez ibiltzeko. Udalak erabaki zuen Garapen Batzorderekin bilera bat izatea, uste dut, hilero. Juanjo Aldasoro presidentea zen eta ni presidente-ordea. Bilera haiek egin ziren. Akta guztiak gordeak ditut. Bilera guztiak adeitsuak izan ziren. Bileretan talde batek berak ere ez zuen kontrako traba bat ere jarri. Batzordetik plenora ez zen ezer iristen. Eta plenora iristen zenean inork ez zituen proposamenak defendatzen. Adierazgarria. Urte eta erdi egon ginen horrela. Horrek suntsitzen zaitu!”


Sakanaz
Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkartea sortu da. Garciak establezimendu gehiagorengana iritsi nahiko luke: “gainontzeko establezimenduek elkartzea ezinbestekoa dela ikusteko gehiago egin beharko litzateke. Gauzak egiteko. Jendea herrian toki batetik bestera mugitzeko, eta ez herritik norabait. Barne- eta espazio-sinergiak sortzea”.

Asensiok emaztearekin Lakuntzara joatean entzundako harridura adierazpena aipatu du: “hara, altsasuarrak hemen erosten! Lakuntzarrak Altsasura erostera joaten badira, ni ere herrietara joanen naiz. Jendea piñoi finkokoa da. Norbait ez dudan jertse baten bila etortzen bazait eta ordu erdira beste denda bateko poltsarekin pasatzen ikusten badut, ole! Gutxienez Altsasuko pakete batekin doa! Horrek normala beharko luke.”

Alvaroren iritziz “Sakanan lehiakortasunean lehiatzen gara. Herria herriaren kontra lehiakortasuna. Herri batek bestean babesa bilatu beharko luke, dendari batek bestean babesa bilatzen duen moduan”. Herri guztietan dena egotearen beharra auzitan jarri du: “Sakanan musika eskolak daude Altsasun, Etxarri Aranatzen, han eta hemen. Zergatik eman behar dira instrumentu guztiak Altsasun? Komunikazio zerbitzu bat izanez gero, Altsasun ikasketa batzuk emanen lirateke eta Etxarrin beste batzuk. Altsasuarrak Etxarrira joanen lirateke. Txikitatik ikasiko lukete herri batetik bestera ibiltzen. Pilota eskolarekin gauza bera. Sakanako futbol talde bat egin zitekeen? Ez gara hainbeste biztanle. Non jokatu beharko luke? Nik Altsasun esanen nuke, altsasuarra naizelako. Baina Etxarrin jokatuko balute berdin litzaidake. Zergatik ezin da hori guztia elkarrekin egin? Herriak elkartzean lehiatzeko da. Erakunde publikoetatik ibar zentzurik, espiriturik ez badago, ez dugu Sakanarik. Geografikoki bai, baina gizarte errealitatean ez da existitzen”.

Ados egonda, Garciak “herrien gehiegizko konplexuak” aipatu ditu. “Nik sakandarrei eta altsasuar batzuei literalki entzuna da: Altsasuk Sakana ordezkatzen badu idiosinkrasian galtzen da. Ibarraren idiosinkrasia ez dela ongi islatzen. Hori izugarria da, penagarria da. Altsasuarren artean ere bada, altsasuarren kontzeptua eurena da. Errealitatea ez onartzea da hori. Ibarra dena da eta burua Altsasu da. Baina horregatik ez da onartu nahi”. Hori gazteria ohituz aldatuko litzatekeela gaztigatu du  Alvarok: “gauzak han edo hemen egon daitezkeela, joan-etorrian gabiltza. Komunikaziorako erraztasuna duzu. Hori erraztu beharko litzateke”.

Zergatik elkartu
Hirurak hasieratik daude ADEn eta zergatia jakin nahi izan dugu. Alvarok aitortu digu elkartzearen aldekoa dela, baita elkartean denbora dela ez duela ezer egiten ere: “ideia bat badut eta lanerako gogoz harrapatzen banau, zuzendaritzan egoten saiatuko naiz. Edo ideia hori defendatzeko norbait bilatuko dut. Bestela, zuzendaritzan daudenei lan egiten uzten diet. Egiten dutena ez zaidala gustatzen esatea beroaldi merkeak dira. Egiten ari denarekin ados ez bazaude, eta ekarpena egin badezakezu, eta lan egin nahi baduzu, ziurrenik zuzendaritzan tokia eginen dizute. Babesa behar duzula, bizpahiru opatu. Zuzendaritzan beste proposamen bat duenari tokia uzteko desiotan egonen dira”.

Asensiok alabagatik daki bileretara joaten ez den eta gero protesta egiten duen jendea badagoela. “Joan beharra dago. Eta ni presidente jarri ninduten zaharrena nintzelako. Ez onena nintzelako. Eta bazkide egitearena, 1994an atera genuen aldizkarian argi asko jartzen zuen: saihesbidea eta merkataritza-gune handiak krisiaren faktore eragileak; dendariek isolatuta gelditzea saihestu behar dute. Hiperren booma pasako da berritasuna izateari uzten diotenean. Kontsumitzaileek eskaintza eta eskaria kontuan izan behar dituzte. Altsasun badago. Denetarik dugu”. Eta Vianako Las Cañas merkataritza-gunean Carrefurrek itxi duela gogorarazi du. “Orain hiriguneak biziberritu nahi dituzte”.

Garciak elkartean egoteko arrazoiak eman dizkigu: “aurrena, bakarrik galduta gaudelako. Gainera, baliogabeak gara”. Argitu duenez, orokorrean, dendariak, lan egiteko moduagatik, “nahikoa egozentrikoak eta egoistak” dira, “itxi egiten gara gure negozioa defendatu behar dugulako. Asoziazionismoa ezin dugu mespretxatu”. Jendearekin lan egitea gustuko duela nabarmendu du, baita aitortu “oso zaila dela. Nire negozioaz iritziak trukatzea gustatzen zait. Elkarte geografikoa, herrikoa, eskualdekoa, niretako ezinbestekoa da. Beste kontu bat da gauza asko egin daitezkeela eta ez direla egiten”. Garciak elkartea zerbitzu egitura gisa ikusten du, ez denda batuketa gisa. Eta bata bestearen osagarri diren denda-sarea aldarrikatu du.  

Herri edo eskualde bateko elkarte geografikoez aparte, sektoreko elkarteak nabarmendu ditu Garciak. “Arlo batean ari garen denden parekoak gertu edo urrun bilatu. Horrela, elkarrekin gure produktua bereizi, erosketa zentralak edo erosketa elkarteak sortu, elkarrekin hornitzaileei erosketa baldintzak ezarri. Gaur egun gure dendan dagoen produktuaren % 80 deposituan dago. Denboraldi guztietan berritzen dugu, eta saldu ez duguna fabrikatzaileari bueltatzen diogu”.

Segitzeko ilusioa?
Asensiok aurreratu duenez, heldu den urtean jubilatuko da, “nahitaez, langilea doalako eta ezin dudalako dendan egon”. Denda egunero 09:00etan zabaltzeko “ilusio handia” duela aitortu digu: “herri bateko gizon bat etortzen bada pantaloi baten bila, ezin diozu kale egin. Nik eta Maria Eugeniak ixten badugu, akabo”. Asensiok ez du itxiko alabak segituko duelako. Alvarok esan digunez, “beti pentsatu nuen adinera iritsi aurretik ixtea. Kasik adinean nago, nire pentsamendua da ixtea, jarraipenik ez dagoelako”. Garciak: “ni zertxobait gazteagoa naiz eta antzeko egoeran nago. Nire negozioak oso martxa ona du. Oinordekorik ez dut. Ez dakit nire negozioaren etorkizuna zein den. Ez dakit saltzeko aukeraren bat sortuko den. Harritzekoa litzateke”.

Eta horren zergatia azaldu digu Alvarok: “lehen dendek balio hori zuen. Jubilazio garaira iritsi eta lokala zurea izan zitekeenez, esku-aldatu zenezakeen. Eta lokala alokatu egiten zenuen. Gizarte Segurantzarako asko kotizatu ez arren errentarekin eta eskua-aldaketako diruarekin lasai bizitzeko aukera zenuen”. Egoera aldatu egin da. “Zenbakiak egin eta ea zer ateratzen den. Ezin duzu lokala alokatu eta negozioa ezin da esku-aldatu. Zentzu horretan, negozioak Altsasun eta toki guztietan debaluatu dira. Inor ez garenez, inork ez du gure alde egin. Taxilariak gelditu eta hiri bat geldiarazi dezakete. Guk ez”.

Asensiok ADEk 1994an argitaratutako aldizkaria zabaldu du atzera ere eta irakurtzeari ekin dio: “barrutik eta kanpotik aldatu beharra dago. Fatxadaz eta espirituz. Adibide gisa balio dezatela argazkietako dendek. Anonimoki bidea zabaldu, zitalki inork ez dezala itxi. Horrela jabetu zen jendea ixten joanen ginela”.

ADEko Zuzendaritza
ADEk zuzendaritza berritu du duela gutxi. Presidentea Rebeca Alenek (Gertu-Sakana) izaten segitzen du. Presidente-ordea Vanesa Abad da (Gautxori taberna). Idazkaria, berriz, Ainhoa Alvarez Diaz de Arkaia da (Sakana Optika). Diruzaina Patxi Sayas (Alianz aseguruak). Haiekin batera bost bokal daude zuzendaritzan: Alberto Angiano (Txartel), Jesus Pablo Leon (Sorkunde harategia), Cristina Gonzalez (ML moda), Idoia Lasa (Santa Cruz altzariak) eta Eduardo Alvaro (Norte erloju-denda).

Irailak 7
Larunbat horretan merkataritza festaren laugarren edizioa ospatuko da. ADE herritarrekin 25. urteurrena ospatzeko modua izanen da.

Datuak
  Altsasu Sakana
Biztanleak 7.471 20.255
Dendak, kopurua 156 364
Dendetan dauden langileak 301 585
Ostalaritza, kopurua 42 119
Ostalaritzan dauden langileak 149 297
Iturria: Sakanako Garapen Agentzia. 2016Ko datuak.


Datuak
ADEk 35 kide ditu.
Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteak 51.

Erlazionatuak