0+ motakoa izan zen odol-emateen % 41,8

Guaixe 2019ko uzt. 18a, 09:22
Autobusean odola ematen.

Ibarrean 1.103 odol-emate egin ziren joan den urtean eta sakandarrek emandako odol mota ugariena O+ izan zen. 621 odol emailek eman zuten odola 2018an.

Adonak, Nafarroako Odol-emaileen Elkarteak, Sakanako joan den urteko odol-emate datuen berri eman digu. Guztira 621 odol-emaile sakandarrek eman zuten odola behin sikiera. Hau da, sakandarren % 3,07k eman zuen odola. Guztira 1.103 emate egin zituzten, 2018an baino 183 emate gehiago, ziurrenik Adonaren autobusa herriren batera gehiagotan etorri zelako. Osasun zerbitzuek 2018an emandakoetatik 155 atzera bota zituzten, baldintzak ez betetzeagatik. 1.103 emateetatik % 65,73 gizonezkoek egindakoak izan ziren; eta odolaren gainontzeko % 34,27a emakumezkoek emana  zen. Odola eman zuten 621etatik 51 estreinakoz eman zuten odola. 1.103 odol-emateetatik 860 Sakanan egin ziren (% 77,96) eta gainerako 243ak ibarretik kanpo (% 22,03).


Emateko hainbat modu daude, baina Sakanan ohikoena 450 ml-ko odol-emate normala izan zen, 1.058 emate (% 98,1). Aferesi bidezko odol-ematean, ordea, odola makinen bidez ateratzen da, bere osagaiak bereizten dira, beharrezkoak direnak hartzen dira, eta gainerako odola emaileari bueltatzen zaio. Halako 11 emate egin zituzten sakandarrek 2018an (% 1). Bestetik, auto-transfusioa dago. Ebakuntza egin aurretik, aste batzuk lehengo, odol unitate bat edo batzuk ateratzen zaizkio gaixoari, ebakuntzan bere odola erabili ahal izateko. Joan den urtean emakumezko sakandar baten kasuan egin zen horrela ebakuntza (% 0,09). Bestelako 9 emate izan ziren (% 0,82).

Adin tarteari erreparatuta, odol-emaile sakandarren herenak, % 31,19k, 50 eta 59 urte artean zituen. Emaileen laurdena (% 24,3), berriz, 40 eta 49 bitartean zegoen. Bi adin tarte horien artean Sakanako emateen erdia pasa dira, % 55, 49. Urrutiago gelditzen dira gainontzeko adin tarteak. Esaterako, Sakanako 18 eta 39 urteko emaileak % 25,21 dira. Eta 60tik gorakoak, berriz, %19,22.

Taldeak
Joan den urtean odola eman zuten 10 sakandarretatik 4k O+ odol mota zuen (% 41,8). Hurrengo taldea handiak A+ (% 31,01),  O- (% 13,24) eta A+ (% 8,07) izan ziren. Gainontzeko hiru odol-taldeetako emaileek % 5,89a egiten dute.

Odol-emaile egiteko
Adonaren autobusa edo auto-hemoteka Sakanara maiz etortzen da. Parean suertatuz gero hara jo eta odol-emaile bihurtzeko nahia azaldu, besterik ez da egin behar. Medikuek eta erizainek bete beharreko baldintzak zein diren azalduko dizkiote. Auto-hemotekaren Sakanako hurrengo hitzorduak honakoak dira: Altsasun agorrilaren 27tik 30era, asteartetik ostiralera, aurreneko hiru egunak arratsaldez (17:00-20:30) eta atzena arratsaldez (09:30-13:00); eta Etxarri Aranatzen irailaren 18an eta 25ean, arratsaldez. Emaile egiteko beste aukera Iruñeko Odol Bankutik pasatzea da, Nafarroako Ospitale Guneko larrialdien eraikinaren parean dago.

Erlazionatuak