Sakandarren % 4,53 odol-emailea da

Guaixe 2018ko uzt. 15a, 19:34

916 odol-emaileetatik herenak, 599k eman zuten odola joan den urtean; sakandarren % 2,96 dira

Nafarroako Odol-emaileen Elkarteak, Adonak jakinarazi digunez, Sakanan 916 odol-emaile daude. Haietatik % 65,39k eman zuten odola aldiren batean joan den urtean. 599 odol-emaile horiek guztira 920 emate egin zituzten. Adonaren auto-hemoteka, herriz herri ibiltzen den autobusa, urtean zehar foru geografian aurrera eta atzera ibiltzen da. Sakandarrek han ematen dute normalean odola; % 72,27 (669) herrietan emandako odol-emateak dira. Gainerako % 27,28a bere herria ez den beste herri batean edo Nafarroako Ospitale Guneko odol bankuan eman zuten odola. Bestalde, joan den urtean 72 sakandarrek eman zuten odola estreinakoz. Ibarrean dauden odol-emaileen % 7,86 izan ziren.

Odol-emaile egin nahi duenak bi aukera ditu. Adonaren autobusa bere herrira edo Sakanara etortzen denean hara hurbildu eta bere nahia azaltzea besterik ez du egin behar. Medikuak eta erizainak bete beharreko baldintzak zein diren azalduko dizkiote. Atzora arte auto-hemoteka Altsasun egon da eta Sakanara eginen dituen hurrengo bisitak honakoak dira: Ziordia (agorrilak 7, 17:30etik 20:30era), Irurtzun (irailak 13, 16:45etik 20:30era), Etxarri Aranatz (irailak 19 eta 26, 17:00etatik 20:30era) eta Olatzagutia (lastailak 3, 16:45etik 20:30era). Emaile egiteko beste aukera Iruñeko Odol Bankutik pasatzea da, Nafarroako Ospitale Gunean dagoena.

Odol-emateko hainbat modu daude. Odol emate arrunt bakoitzean 450 ml odol ateratzen dira, eta odola gatzatzearen aurkako soluzioa duen poltsetan sartzen da, modu egokian gordetzeko. Odol-emate arruntetan, poltsa bat globulu gorrien (kontzentratua), poltsa bat plasma, eta beharrezkoa izanez gero, poltsa bat plaketa atera daitezke. Gizonezkoek, gehienez 4 odol-emate egin ditzakete urtean, eta emakumezkoek, gehienez 3. Odol-emateak 2 hilabeteko gutxieneko tartearekin egin behar dira.

Aferesi bidezko odol-ematean odola makinen bidez ateratzen da, bere osagaiak bereizten dira, beharrezkoak direnak hartzen dira, eta gainerako odola emaileari bueltatzen zaio. Teknika bereziki onuragarria da gaixoendako, beharrezkoak diren osagaiak odol-emate arruntetan baino askoz kantitate handiagoan ateratzen direlako, eta gainera, arriskua txikiagoa delako. Emailea berdin-berdin lehengoratzen da. Beharrezkoa izanez gero, 15 egunetik behin errepikatu daiteke ematea. Dena den, aferesi bidezko bi odol-emateren artean 30 eguneko tartea uztea komeni da. Odol-emate arrunt baten eta aferesi bidezko odol-emate baten artean, berriz, 60 eguneko tartea utzi behar da.

Azkenik, auto-transfusioa. Ebakuntza batean odol transfusioa beharko duten gaixoekin erabiltzen den teknika da. Hala, ebakuntza egin aurretik, aste batzuk lehengo, odol unitate bat edo batzuk ateratzen zaizkio gaixoari, ebakuntzan bere odola isuraldatu ahal izateko. Osasun egoera onean dauden gaixoei bakarrik egiten zaizkie auto-transfusioak.

Adonaren bidez hezur muineko emaile egiteko aukera dago. Hezur muinaren eginkizun nagusia hematopoiesia da; hau da, odoleko hiru zelula motak sortzea: globulu gorriak edo hematiak, globulu zuriak edo leukozitoak, eta plaketak. Guztiak hezurren baitan egoten den zelula aitzindari beretik sortzen dira (zelula amak edo aitzindari hematopoietikoak), zelulon zatiketaren eta garapenaren bidez. Zelulok berez berritzeko eta desberdintzeko gaitasuna dute; izan ere, zelula helduen serie bat edo gehiago sortzeko gai dira.

2017ko Sakanako odol-emaileen datuak
Herria Ematen duten emaileak Emaileak guztira Herrian egindako emateak Herritik kanpo egindako emateak Aurrenekoz odola eman dutenak
Irurtzun 82 137 62 75 8
Uharte Arakil 39 62 56 6 5
Lakuntza 47 68 35 33 6
Arbizu 33 46 36 10 6
Etxarri Aranatz 109 179 133 46 7
Urdiain* 0 0 0 0 0
Altsasu 218 328 260 68 33
Olazti 56 81 68 13 5
Ziordia 15 15 19 0 2
Guztira 599 916 669 251 72
*Adonako delegazioa dago, baina urdindarrak, normalean, Altsasun ematen dute odola





Informazio gehiago:
www.adona.es/eu