Bakarrik dauden adingabe atzerritarrak Sakanan

“Mutikoei, Iturmendiri eta Sakanari aukera bat eman”

Guaixe 2019ko uzt. 15a, 12:10
Altsasuko aterpean zeudela, familiarekin harremanetan egoteko telefonoa eskutan dutela.

Sakanak hainbat migratzaile hartu ditu urteetan, herri handiek batez ere. Orain arteko migrazioetako protagonistak adinez nagusi ziren pertsonak ziren gehien bat. Bakarrik dauden adingabe atzerritar talde esanguratsu batek Iturmendiko egoitzan hirugarren astea eginen du. Horretaz hizketatu gara Begoña Zestau Baraibarrekin, Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko teknikariarekin.

Zer dakizue migrazio prozesu horien arrazoiez?
Sorterrian egoera ez da ona. Etorkizun hobe baten bila, bere egoera hobetzeko helburuz, familiak erabakitzen du zeinek hasiko duen migrazio prozesua. Horrela, Sakanan 14 eta 17 urte bitarteko mutil gazte batzuk daude. Ghanako bi izan ezik, gainontzekoak Marokotik etorriak dira.

Migrazio berezi bat da, ezta?
Ekonomia-migrazio prozesua hasi dute. Haien asmoa eta helburua da prestakuntza jasotzea eta lanean hastea. Lana aurkitzea eta dirua egitea. Euren ekonomia-egoera hobetuz sorterriko familiaren egoera hobetzeko.

Nolakoa da migrazio prozesu hori?
Guk dakigunez, batzuek ontzietan pasa dute itsasartea, kamioietan, autobusetan… Bakoitzak bere bidea izan du. Behin estatura iritsita, ezagunak badituzte haiengana joanen dira. Bestela, jotzen dute poliziarengana babes bila. Behin Nafarroara iritsita gobernuaren erantzukizuna da adingabe horiei zaintza ematea. Guk dakigula, ez dira zuzenean Nafarroara iritsi. Estatuan denbora daramate. Batzuk Bizkaitik etorri dira, Gipuzkoatik, Bartzelonatik…

Orain Sakanan ditugu.
Altsasuko aterpean, Lekunberriko kanpinean, Lekarozko aterpean, Altsasura bueltan eta, azkenean,
hutsik zegoen Iturmendiko mojen eraikinera. Horrela ibiltzearen arrazoia izan da Nafarroako Gobernuak ez duela herrialdean opatu baldintzak eskaintzen dituen etxebizitza iraunkorrik. Epe luzerako izanen da. Behin Nafarroara iritsita, legeek hala esanda, gobernuak, bai edo bai, adingabeei babesa eman behar die. Bere erantzukizuna da. Nafarroako Gobernuak ez zuen aurreikusita halako bat-bateko kopurua iristea. Ez dira Nafarroara etorri diren aurrenak. Aspalditik datoz, eta etortzen segituko dute, baina apiriletik hona gorakada izan da. Gobernuak mojekin akordioa itxi, eta Iturmendin 25 plaza daude. Garagartzaroaren 25an iritsi ziren. Urgentzia kontua da arrazoia.

Urgentziazko une honetan zer nolako harrera egin behar dugu?
Alde batetik, Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua eta Sakana Harrera Harana plataforma prest daude. Geure burua eskaini diogu Iturmendiko herriari, Nafarroako Gobernuari, gazteen egonaldia kudeatzen duen enpresari, gizarte eragile guztiei eta parte hartu nahi duen sakandar guztiei. Mutiko horiei behar bezalako harrera eskaintzeko eta aurrera eramateko. Elkarlanerako planteamenduak eskaintzen gabiltza. Festak izanen dira heldu den astean eta haien arteko harremana hurbilduko duten jarduerak perestatzen ari gara, nahiz eta egitaraua asteartean banatu zen. Hala ere, uste dut, herriko gazteak beraien artean ere harremanetan hasi direla. Iturmendiko Gazte Asanbladarekin hitz eginen dugu, baina uste dut, buruan dutela. Naturala ere badelako: herrian daude, elkar ikusten dute, egun batzuk ere pasa dira… Gauzak planteatu eta parte hartu. Asko lagunduko duen zerbait da ez ikustea edo ez indartzea atzerritik etorritako adin txikikoen inguruan dauden zurrumurruak. Justu kontrakoa: mutiko horiei aukera bat ematea. Mutiko horiei. Iturmendiko herriari. Eta Sakana berari ere.

Hemen daude. Etorri dira. Ziur eta zehatz ez dakigu zenbat denborarako egonen diren ez Iturmendin ez Sakanan. Baina dauden bitartean, lehendabizi, goazen ezagutzera. Baina, begirada garbitik. Sorpresa eder bat har dezakegu. Zergatik ez? Beste edozeinekin bezala. Denborak esanen digu zer nolako harremana, zer nolako harrera eskaintzen diegun geuk ere. Zer nolako jarrera duten haiek ere. Haien helburua argi dago: ikasi eta lan egin. Erronka handi baina polit baten aurrean ere bagaude. Honek onerako marka dezake Sakanak daukan harrera harana izate hori.

Prest gaude? Prestatuta gaude?
Jendearen mesfidantza edo beldur puntu hori, neurri bateraino ulergarria da. Zerbait berria. Eta berria izateaz aparte, desberdina. Horraino ulergarria da. Kontua da ezagutzea. Ez dakigu nolako pertsona den, nondik datorren, zer bizi dakarren… Adin txikikoak dira, 14-17 urte artean, baina akaso bizitzak heldutasun bat eman die. Bidaia horiek bakarrik egiteak… Niri ez zait xamurra iruditzen. Zer pasako litzateke gure seme-alabak egoera horretan egonen balira? Goazen mutiko horiek ezagutzera. Egia dena da prestatu behar dugula. Gauza batzuk desberdinak direlako: hizkuntza, hitz egiteko modua, hizkeraren doinua: altu hitz egiten dute eta guri ematen digu haserre daudela, han bizia kalean egiten da eta horrela hitz egiten dute.

Desberdina denaren aurrean, ostras! Esandakoa, puntu bateraino ulergarria da. Baina, goazen hortik aurrera. Ikasten badugu eta ezagutzen baldin badugu hori euren izateko modua dela, lasaitasuna ere etorriko zaigu. Denok elkarri aukera hori ematea. Haiek gurea eta guk haiena.

Zer etorkizun dute haiek?
Nafarroako Gobernutik kontatu digutenez, lehenik, adin txikikoen harrera eta balorazioa egiten dute. Iturmendin oraintxe horretan ari dira mutiko horiekin. Horrela 45 egun, bi edo hiru hilabete. Mutiko bakoitzaren beharren, espektatiben, programan txertatzearen arabera. Ezin da esan zenbat egonen diren. Norberaren garapenaren arabera da.

Bigarren fasea integrazioari begira da. Balorazioa egin eta gero, elkarbizitzara bideratutako pisu batzuetara joanen dira. Pisu horiek Sakanan edo Nafarroan barna izanen dira. Pisu gehiegi ere ez omen daude. Pisu horietan lauzpabost izanen dira. Horietan urte eta gehiago egonen dira, bakoitzaren garapenaren arabera. Haiekin hezitzaile talde bat egonen da lanean, goiz, arratsalde eta gau. Atzeneko fasean, pisuetan jarraituko dute, baina jarraipen arinagoa eginen zaie.

Lehenik eta behin hizkuntzak garrantzia hartuko du, ezta?
Hasieran ikasten dutena gaztelania da. Oraintxe bertan ez dago euskalduntzeko inolako prozesurik. Bi hilabetez bi prestakuntza eskaintzeko asmoa dago: nekazaritza eta basozaintza arlokoa eta bide eta baso garbiketak. Helburu profesional horretara begirako prestakuntza. Eta, bide batez, hizkuntza. Horretan goizero lau orduz ari dira. Aisialdiari dagokionez, uste dut Urdiaingo igerilekura joaten direla. Altsasura ere joaten dira.

Hau gehitzen joanen da?
Bai. Migratze prozesu hau geldiezina da. Gainera, globala da. Ez dut inongo zalantzarik hau geldiezina dela. Gainera, giza-eskubide bat da. Orain 25 dira. Ez dakigu gehiago etorriko diren edo ez. Ezer ziurrik ezin dugu esan. Ez dakigulako zer bide eramanen duen inork migrazio prozesu horretan. Ez dute esaten: Iruñera goaz. Ez. Agertu egiten dira.

Dakiguna da Iturmendiko etxe hori, momentuz, epe luzerako dela.
Bai, harrera egiteko. Ez dakigu hemendik lau hilabetera beste txanda bat izanen den edo ez. Ez dakigu gazteen migrazio prozesua bukatuko den edo segida izanen duen.

Behin 18 urteak beteak?
Nafarroako Gobernuaren tutoretzapean egonda, adingabeen egoera legeztatzen da. Nahikoa automatikoa da. Gutxi gorabehera 21 urte bete arte ez dute programa utziko. Ordura arte izanen dute erakundeen babesa, bakoitzaren garapenaren arabera beti ere.

Zerbitzuarendako ere aukera bat da.
Bai, ederra. Eta betikoa, zurrumurruen aurrean lanean segitzeko ere. Beste bide bat zabaltzen da orain: gaztetxo batzuk, bakarrik etorri direnak. Orain arte etorri diren umeak etorri dira aita edo ama hemen zeudelako. Orain alderantziz, adin txikikoak familia aurrera ateratzera etortzen dira. Berria da. Arabiera dakien begiraleetako batek esan zigunez, adin txikikoak pozik daude Iturmendin. Pozik hastea ongi dago.

Erlazionatuak

"Denok elkarri aukera hori ematea"

Beleixe Irratia 2019 uzt 13 Altsasu   Iturmendi