Kobetamendiko "hodeietatik" jaitsi ezinik

Guaixe 2019ko uzt. 23a, 13:16
Atzapar Rock taldea Kobetamendiko Zaleen guneko agertokian. MIRENTXU GOIKOETXEA

Gazteen talde sakandarra 'Berri Txarrak Lagunartean' kontzertuaren aurretik aritu zen. Bihar, asteazkena, kontzertua eginen dute Bakaikuko festetan

Berri Txarrak taldeak 20.000 pertsonaren aurrean joko duen kontzertuaren espazio berean jotzea ez da egunero gertatzen den gauza bat. Talde oso gutxik lortu zuten ohore hori, zortzik, hain zuzen ere. Zortzi talde horien artean Atzapar Rock talde sakandarra zegoen. Oraindik "hodeian" daudela esan dute taldekideek. Sinistu ezinik. Ez da gutxiagorako.

Ahotsenea Durangoko Azokako espazioak zortzi talde aukeratu zituen Berri Txarrak Lagunartean igandean Kobetamendin egin zuen kontzertuaren aurretik jotzeko. Beraz, Ahotseneak Zaleen gunean deitutako espazioan jotzeko deialdi irekia egin zuen, eta Atzapar Rock taldeko kide baten amak deialdiaren berri izan zuen. Hortaz, taldea aurkeztu zen: "eta aukeratu gintuzten". Sorpresa bat izan zen, "ez genuen espero". Agian "adinagatik" aukeratu zituztela esan dute taldekideek, izan ere, oso gazteak dira.  15 urte dituzte, eta duela bi hasi ziren musikaren munduan. Baina Euskal Herri osotik aurkeztutako 71 taldeetatik sakandarrak aukeratu izanak... zerbait gehiago egon behar da: "ez dakigu zer begiratu zuten".

Kobetamendin BBK musika jaialdia egiten da urtero. Aurreko asteburuan izan zen, eta mendia bera aukeratu zuen Berri Txarrak taldeak bere kontzertu erraldoia egiteko. Taldea ez zen bakarrik egon eta "lagunartean" egin zuen kontzertua. Hortaz, 70 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten kontzertuan. Kontzertuaren aurretik ere hainbat ekimen izan ziren, besteak beste, Ahotsenearen karpa, Atzapar Rock taldeak jo zuen lekua. 16:30ean hasi ziren kontzertuak, eta "lehenengoak izan ginen, eta hasiera guztiak zailak dira". Ordu horretan ireki omen zituzten ateak, eta jendea iristea kostatu zen. Hala ere, jendeak Atzapar Rock-en doinuekin disfrutatzeko aukera izan zuen. "Lehenengoak izateko jendearen erantzuna bikaina izan zen". Zorion mezuak jaso dituztela esan dute taldekideek. Ondoren, sakandarrek beste taldeak ikusteko eta entzuteko aukera izan zuten, eta "oso onak" zirela esan dute.

Ospea
Kobetamendin jotzeak "ezagunagoak" izatea eragin du. "Kalean gelditzen eta zoriontzen gaituzte" Nahiz eta oso gazteak diren, hasieratik taldea modu serioan eta profesionalean hartu dute. Izan ere, etorkizunean musikariak izatea da haien ametsa. Baina "musikatik bizitzea oso zaila da". Bitartean, formatzen jarraituko dute, bakoitzak bere modura: musika eskolan, kontserbatorioan zein Vendettako bateriarekin.

"Gu beti jotzeko prest gaude". Kontzertuetan, zuzenekoetan, arima jartzen du Atzapar Rock taldeak. Urtearen hasieran diskoa kaleratu zuten, baina kontzertuetan sentitzen dira erosoen taldekideak: "diskoa grabatu ondoren egindako akatsez ohartzen zara. Pena bat da diskoa grabatuta dagoela jada". Gainera, diskoa grabatzen hasi zirenetik gaur egun arte haien musika "asko" aldatu dela esan dute.

Bihar, uztailak 24, asteazkena, Bakaikuko festetan kontzertua eginen dute, gauerdian, plazan. Udan zehar baten bat gehiago egitea espero dute.

Erlazionatuak

Musikari handiak

Guaixe 2019 uzt 15 Sakana