Aralar bertatik bertara ezagutzeko eskaintza

Guaixe 2019ko uzt. 18a, 18:56
Mendizale taldea aldapan behera.

Aralarko trikuharriak eta Iribasko iturburua ezagutzeko sei mendi-ibilaldi gidatu eta ipar martxa ikasteko beste bi saio izanen dira. Plazak mugatuak dira eta aldez aurretik erreserbak egitea gomendatu dute.

Plazaola Partzuergo turistikoak eta Sakanako Garapen Agentziak elkarlanean udako bisita gidatuen egitaraua antolatu dute Aralarren. Eskaintza horrekin bi erakundeek Aralarreko natura-balioen, bertako biztanleriaren erabilera eta ustiapen tradizionalen, etnografiaren eta kulturaren, Aralarko Kontserbazio Eremu Bereziaren kudeaketaren eta zaintzearen berri eman nahi dute. Praktika onei esker ingurumen zaintza eta sentsibilizazioa ere zabaldu nahi dute.

Eskaintza
Aralarko trikuharriak
Paisaia anitzak eta antzinako artzaintzaren lekuko diren trikuharriak ezagutzeko aukera ematen duen mendi ibilaldia.
Luzera: 4 km, 80 metroko desnibela. Erraza.
Noiz: garilaren 27an eta agorrilaren 17an eta 24an, larunbatak.
Ordua: 10:00etatik 13:00etara.
Eraman beharrekoa: oinetako erosoak, txapela eta ura.
Nori zuzenduta: naturzalea den publikoari.
Abiapuntua: Aralarko santutegiko turismo informazio gunea, 09:45ean.
Erreserbak: Mirua, actividades de naturaleza, info@mirua.com edo 608 560 369 telefonora hots eginez. Irteera dataren bezperako 18:00ak arte. 8 euro pertsonako.   

Iribasko iturburua
Uraren xenda: lezeak, iturriak, dolinak eta paregabeko hainbat zuhaitz dituen ibilbidea.
Luzera: 5 km, 100 metroko desnibela. Erraza.
Noiz: garilaren 21ean, igandean, eta 26an, ostiralean, eta agorrilaren 16an.
Ordua: 10:00etatik 13:30era.
Eraman beharrekoa: oinetako erosoak, txapela eta ura.
Nori zuzenduta: naturzalea den publikoari.
Abiapuntua: Iribasko herri sarrerako aparkalekuan, 09:45ean.
Erreserbak: Mirua, actividades de naturaleza, info@mirua.com edo 608 560 369 telefonora hots eginez. Irteera dataren bezperako 18:00ak arte. 8 euro pertsonako.   

Ipar-martxa, hastapen saioa
Nordic walking teknika eta bastoien erabileran hasteko ibilaldi atsegina.
Luzera: ibilaldi erraza.
Noiz: garilaren 20an eta agorrilaren 10ean, larunbatak.
Ordua: 09:30etik 12:00etara.
Eraman beharrekoa: zola oneko oinetakoak eta arropa erosoa.  
Abiapuntua: Aralarko santutegiko turismo informazio gunea, 09:30ean.
Erreserbak: Goazen Bidaiak, 644 555 328 telefonora hots eginez. Irteera dataren aurreko osteguneko 18:00ak arte. 8 euro pertsonako. Mendiko bastoiek ez dute balio, behar izanez gero alokatu daitezke, 5 euro; erreserba egiterakoan zehaztu.  



Hitzarmena
Aralarko santutegiak, Aralar Elkarteak, Sakanako Garapen Agentziak eta Plazaola Partzuergo Turistikoak “lankidetza iraunkorrerako” akordioa sinatu zuten azaroaren 22an, “erabilera publikoa sustatzen dituzten jarduerak eta politikak bultzatzeko asmoz”. Aldi berean, Aralarko Kontserbazio Eremu Bereziko natura, kultura eta historia balioak sustatu eta babesteko helburua du hitzarmenak,  “turismo jasangarria (gizarte eta ingurumen arloetan), sentsibilizazioa eta ingurumen-heziketa gako nagusiak izanik”.

Sinadurak 2017an hasitako elkarlanari “ofizialtasuna” eman zion eta, ordutik, elkarlan honek hainbat fruitu eman ditu urtero. Udako bisita gidatuen eskaintza da horietako bat. Mendi ibilaldiekin batera ipar martxa (nordic walking) da aurtengo eskaintzaren berritasuna. Guztiak ere, SGAren eta Partzuergoaren laguntzari esker merkeagoak direnak. Gainera, hirugarren urtez Aralarko santutegiko zabalgunean jarritako turismo bulegoa dago: astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara, irailaren akaberara arte (harremanetarako: 676 545 127 edo smaralarturismo@gmail.com).

Mendiaz
Aralarrek Kontserbazio Eremu Berezia izendapena du eta Europako natura-gune babestuen sarean, Natura 2000 sarean dago. 14.000 hektarea baino gehiago dauzka eta ekologia, arkeologia, kultura eta gizarteko balio handiko natura-eremu zabala da. Karst guneak, harkaitzak, txilardi zabalak eta mendi larreak, pagadiak eta mendi-magaleko harizti ederrak ditu mendiak.