Ibilaldi gidatuen eskaintza zabaldu dute

Guaixe 2019ko uzt. 25a, 18:28
Mendizaleak pagadian.

Aralar eta Urbasa mendiak udan ezagutzeko bi eta hiru egunetako eskaintza berria egin dute.

Aralarko ibilaldi gidatuen eskaintzari jarraipena emanez, “naturaz bost zentzumenez gozatzeko”, Mirua Actividades en la naturaleza eta Goazen Bidaiak turismo enpresek, Sakanako Garapen Agentziaren eta Plazaola Turismo Partzuergoaren laguntzarekin, udarako Aralarren eta Urbasan bi eta hiru egunetako bisita gidatuen eskaintza egin dute. Eskaintza horren bidez naturan prisarik gabeko pasierak eginez Sakanako ingurumena ezagutu eta interpretatzeko aukera izanen dute ibiltariek. Gainera, herriak, Aralarko santutegia edota trikuharriak bisitatzeko eta bertako produktuak eta gastronomia dastatzeko aukera eskaintzen dute.

Urbasako pagadi sorgindua (hilaren 25ean, 28an eta agorrilaren 15ean eta 18an; 7 km, 10:00etatik 14:00etara, natur parkeko informazio gunetik abiatuta), Aralarko trikuharriak (hilaren 27an eta agorrilaren 17an; 4 km, 10:00etatik 13:00etara Aralarko santutegiko turismo informazio gunetik) eta Iribasko iturburua (hilaren 27an eta agorrilaren 17an; 5 km, 10:00etatik 13:00etara, Iribasko sarrerako aparkalekutik).

Turismo enpresen eta erakundeen arteko elkarlanari esker ibilbideen prezioak merkeago dira. Izena ematen duen taldea zenbat eta handiagoa izan orduan eta merkeago izanen da. Hiru ibilaldiak hartzen dituztenek 32 edo 36 euro artean pagatu beharko dute eta bi ibilaldi hartzen dituztenek, berriz, 24 eta 28 artean. Informazio gehiago eta izen emateak info@mirua.com helbidera idatziz edota 608 560 369 zenbakira hots eginez egin daiteke.

Erlazionatuak