Araba eta Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako eta tren sozialaren aldeko plataformetako ordezkaritza, Sakanakoa barne, ostegunetik igandera Italian izan zen, Susa ibarrean hain zuzen ere. Turin (Italia) eta Lyon (Frantzia) AHT bidez lotu nahi dute bi gobernuek, horretarako alpeen azpitik 57 km-ko tunela egin nahi dute, eta Susako ibarrean ia 30 urte daramate egitasmoaren kontra borrokan. Susatarren esperientziaren berri jasotzera joan ziren.
Bilerak
Susa ibarreko No TAV mugimenduaren osaketa heterogeneoa da eta hainbat sentsibilitatetako kideekin elkartu ziren Arabatik eta Nafarroatik joandakoak. Ostegunean sail anarkistarekin izan zuten hitzordua. AHTaren kontrako borrokaren hasieratik Italian eta Euskal Herrian izan diren eta dauden dinamiken inguruko informazioa eta iritziak trukatu zituzten. Eta bietan antzekotasun handiak daudela ikusi zuten: “gobernuek proiektuak garatzeko erabilitako justifikazio faltsuak, proiektuen kontrako arrazoiak eta egitasmoa geldiarazteko egiten diren jarduerak”.
Anarkistek azaldu zieten No TAV mugimenduaren barruan sentsibilitate ugarik bat egin dutela: katolikoak, komunistak, ibarreko jendea, hautetsiak eta beste. Ideologikoki desberdinak izanda ere, haien artean errespetua dagoela eta helburu komuna dutela azaldu zieten. “Horregatik, 30 urtez antolatu eta AHT egitasmoari oposizio handia egin diote”.
AHTko euskal ekintzaileak ostiralean No TAV mugimenduko katolikoekin elkartu ziren. Ingurumen sentsibilitate handiko jendearekin topo egin zuten. Haien iritziz, AHTa egin nahi dutenek “ez dute ez pietaterik, ez gizatasunik”. Kristauek pertsonen arteko anaitasuna ezinbestekotzat jotzen dute. Haiek AHTaren lanen ondoan lursail bat erosi zuten eta handik lanen fiskalizazioa egiten dute egunero, “ministerioek proiektuari buruz ematen dituzten informazioak ez baitira errealak”. Hala, egitasmoaren egoeraren, lan istripuen eta bestelakoen berri ematen dute. Lursailean elkartzen dira eta egitasmoa gelditzeko otoitzaldiak ere egiten dituzte.
Kristauekin batera euren lursailera joaten saiatu ziren, baina bidean estatuak jarritako hesia itxita zegoen; eta bestaldeko poliziek ez zieten lursailera gerturatzen utzi. Hesian zeudela kristauek jakinarazi zieten hesian txarrantxa eta presioko ur txorrotak daudela. Baina aurrerago dauden hesietan mugimendu sentsoreak, kamerak, bozgorailuak, sentsore elektromagnetikoak eta argiztapen dorreak daudela. Katolikoek ere errepresioa pairatu dutela azaldu zieten.
Igandean, bueltatu aurretik, komunistekin eta Susatarrekin elkartu ziren. Aurreko egunean, berriz, 10.000 pertsona elkartu zituen manifestazioan parte hartu zuten AHTaren kontrako arabarrek eta nafarrek. 7 orduko martxaren ondoren, eta lanetarako bidean dauden zenbait ate bota ondoren ia lanen gunera iritsi ziren. Polizien ke-poteek eta presio-ura botatzen zuten kamioiek geldiarazi zituzten. Euskal ekintzaileak hitzaldiak eta Italiako hedabideetan elkarrizketak eman dituzte han izan diren lau egunetan. Horietan azpimarratu dute AHTari aurre egiteko “gizartearen erantzuna eta konbentzimendua oinarria” direla. Italian azaldu zutenez, “espero dugu AHTaren aldeko hainbat sektore politikok jarrera arrazionalak hartzea eta halako proiektuak bertan behera uztea erabakitzea, denborak erakusten baitu ekonomia, gizarte eta ingurumen aldetik ez direla jasangarriak”.
Komunikatua
AHTaren kontrako eta tren sozialaren Arabako eta Nafarroako plataformek, Italiatik bueltan komunikatua zabaldu dute. Proiektu handien “zentzugabekeria” salatu dute: “obra handien garaia sekula existitu behar izan ez dela konbentziturik, etorkizunari beste modu batean aurre egin behar zaio”. Eta gogorarazi dute Europako Garraio Komisarioak Espainiak AHTarekin gertatzen ari dena kritikatu duela berriki.
Plataformetako kideek nabarmendu dutenez, “ez da obra publiko honek kontu publikoetan duen kostu izugarria justifikatzen duen inongo ikerketarik edo txostenik egin, ezta inongo errentagarritasun sozial, ekonomiko zein ingurugirokorik ziurtatu gabe ingurugiroari berari zein lurraldeari sortzen zaion erasoari dagokionik ere”. AHTaren ordez “orain dauzkagun trenbideen hobekuntzaren eta mantentze-lanen aldeko apustua” berretsi dute. “Horrela tren sozial bat lortuko litzateke, herriak, hiriak zein industrialdeak lotuko lituzkeena; bidaiariak zein merkantziak garraiatuko lituzkeena, isolatutako zonalderik utzi gabe lurraldea egituratuko lukeena eta ekonomikoki edonorentzako eskuragarria izango litzatekeena”. Euskal Herriko AHTko lanak edo haren garapenerako edozein lizitazio edota administrazio kudeaketa “berehala bertan behera uzteko” exijitu dute. “Pertsonen zein merkantzien garraioarekiko irtenbide arrazional eta jasangarrien alde egotea beharrezkoa ikusten dugu. Ezin dugu gure lurraldeen ingurumen-suntsiketa onartu”.